Literatura

Etxeratzeko daudenak

Esklabotzak Atlantikoaren bi aldeetako afrikarrengan izandako eragina kontatzen du Yaa Gyasik 'Homegoing' nobelan, Effia eta Esi ahizpen bizitzetan oinarrituta.

Yaa Gyasi idazlea. MICHAEL LIONSTAR.
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
XVIII. mende inguruan, Maame, fanteek bahitu eta esklabo bihurturiko asante emakumea, bera bizi den herrixkara zabaldutako suteaz baliatuko da landa eremura ihes egiteko, Effia alaba jaioberria han utzita. Handik gutxira, jada bere jendearen lurraldean, asante gizon buruzagietako batekin ezkonduko da Maame, eta harreman horretatik Esi jaioko da. Urte batzuk geroago, fante artean hazitako Effia herriko gizon garrantzitsuekin —ama bahitu eta haurdun utzi zuen aita barne— esklabo tratuan diharduen ofizial britaniar batekin ezkonduko da, eta Cape Coasteko gazteluan biziko da. Ahizpa Esik, berriz, bahitua eta britaniarrei saldua izan ostean, Cape Coasteko gaztelu horretako ziegan igaroko ditu Afrikako bere azken egunak, Ameriketako kotoi zelaietan lehertu arte lan egitera bidalia izan aurretik.

Effia eta Esi ahizpen eta haien ondorengoen historiari tiraka, esklabotzak Atlantikoaren bi aldeetako afrikarrengan izandako eragina du gogoetagai Yaa Gyasiren (Mampong, Ghana, 1989) Homegoing-ek (2016, Etxeratzea). Nobelaren izenburuak AEBetako gerra zibilaren aurreko urteetan afrikar-amerikarren artean aski zabaldurik zegoen uste zahar bati egiten dio aipamena: heriotzak esklabo izandako pertsonaren espirituari aukera ematen ziola Afrikara bueltatzeko. Gyariren nobelan azaltzen denez, ordea, esklaboen espirituak etxeratzeko daude oraindik. Abenduaren 6an, 153 urte bete ziren Ameriketako Estatu Batuetan esklabotza legez indargabetu zutenetik, baina haren ondorioak erabat gainditu gabe daude.

1950eko eta 1960ko eskubide zibilen aldeko mugimenduaz geroztik, AEBen historia eta bilakaera ulertzeari begira zenbait urrats egin dituzte esklabotzak jokatutako rola aitortzeko orduan, hezkuntza curriculumean batik bat. Hala ere, arlo politiko eta ekonomikoan afrikar-amerikarrek jokatzen duten rola ez da inondik ere esanguratsua. Lehengo esklabo haiek pairatu zuten indarkeriak oihartzuna du oraindik Poliziak eta erakundeekgaur egungo afrikar-amerikarrei egiten dieten zapalkuntzan. Esklabo tratuan parte hartu zuten afrikar herrialdeetan, berriz, duela gutxi hasi dira onartzen esklaboen salerosketan izandako erantzukizuna, baina bazterreko joera da oraindik, errua atzerritarrei eta esklaboei beraiei egozten baitiete —arbasoren bat esklabo izatea desohore handia eta diskriminazio arrazoia da Afrikako herrialde askotan—.

Homegoing eleberriko pertsonaia batek esaten duen bezala, gehienetan «munduan den gaizkia etxe barruko gaizki moduan» hasi zen, baina zaila da egia horri heltzea, norberak bere buruan dituen usteak kolokan jar baititzake. Horretaz ohartzen da James, Effiaren eta britainiar ofizialaren iloba, amaren aldeko aitonaren hileta egunean neska batek, ohiturak eskaturiko dolumin keinuari bizkar emanda, eskua ematen ez dionean. Azalpen modura, errespetu osoz, esaten dio ez diola eskua emango esklabo-trafikatzaile bati. James txundituta uzten dute neskaren hitzek, Afrika mendebaldekoak eta Akan jendeen parte baitira biak: neskatoa asantea da, gaur egungo Ghana barrualdekoa alegia, eta mutila, berriz, fantea, Ghana kostaldekoa. «Gurasoak beti eztabaidan gogoratzen zituen Jamesek, ea nor zen hobea, asante ala fante, baina esklabotzaren gaiari ez zioten inoiz helduko. Asante esklaboak harrapatzeari zor zioten beren boterea. Fanteek, berriz, babesa lortu zuten esklaboen salerosketari esker. Neskak ezin bazion eskua eman, orduan ezingo zituen bere esku propioak inoiz ukitu».

Gyasiren nobelak ez du on eta gaizto, errudun eta errugabe kategoria manikeo eta antzuak indartzeko interesik. Aitzitik, haren arreta iraganeko okerrek eragindako kaltearen zabalera eta sakontasuna aztertzera dago zuzenduta, zortzi belaunaldiz familia bereko bi adarrek Atlantikoaren bi aldeetan izandako bizipenak abiapuntu hartuta. AEBetara esklabo eramandako Esiren ondorengoen bizitzak XIX. mendetik gaur egun arte Ameriketako Estatu Batuen historian giltzarri izan diren gertaeretara lotuta dauden bezala —esklabotza, gerra zibila, Jim Crowen garaiko arraza segregazioko legeak, eskubide zibilen aldeko martxak...—, Effiaren ondorengoenak Ghanaren historiaren parte eta adierazgarri dira.

Hereniloben egoera

Esiren herenilobaren bizitzara heltzerako, eman dezake nolabaiteko erreparazioa gertatu dela: Stanforden Soziologia ikasten ari da Marcus, eta etorkizun oparoa du begi aurrean. Alabaina, azken xehetasun hori itxurazkoa bakarrik da. San Frantziskoko arte museo batean oinez dabilela, Marcusek pentsatzen du kartzelan egon beharrean unibertsitatean egotea ez dela lan gogorraren ezta amerikar ametsaren ondorio ere, zori hutsarena baizik. Bere historia, gainerako afrikar-amerikarrena bezala, bortxaz etendako hainbat istorioren emaitza da, eta bereak ere patu bera izan zezakeen. Aurreko istorio horiek ez ditu sekula ezagutuko, ordea. Horra erreparatu ezin daitekeen kaltea.

Bien bitartean, Effiaren hereniloba Marjoriek bere familia adarraren historia osoa ezagutzen du, eta Maamek Effiari emandako eta belaunaldiz belaunaldi igarotako zintzilikarioa berea da orain—Esik Cape Coasteko gazteluko ziegan galdu zuen berea—. Beretarrek, ordea, norberaren lurraldean desjabetua izatea zer den ezagutu zuten, kolonialismoaren ondorioz. Independentzia lortu ostean ere, menpekotasun kateak ez ziren erabat hautsi, eta pobrezia eta ustelkeria egin ziren herrialdearen jabe. Effiaren aitak, Maame esklabo bihurtu eta haurdun utzi zuen berberak, zahartzaroan aurreikusi zuena bete zen azkenean. Ez zuten zuriekin fidatu behar, baina anbizioak itsutu zituen fanteak eta asanteak, eta horrek eragin zuen haien gainbehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.