Albert Sole. Kazetaria eta zinemagilea

«Kasu asko falta dira argitara ateratzeko»

'Examen de conciencia' dokumental saioan (Netflix), ikastetxe erlijisoetan eta elizaren erakundeetan jazotako pederastia kasuak bildu ditu Solek. Nabarmendu du arazoa ez dela bakana, globala baizik.

EFE.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Prentsa idatzian hasi zen kazetari lanetan Albert Sole (Bukarest, 1962). TVEn eta TV3en gizarte gaiak landu zituen urte luzez. Minimal Films ekoizpen etxea sortu zuen, eta haren dokumentalek dozenaka sari jaso dituzte. Bucarest, la memoria perdida dokumentalari esker, Goya sari bat lortu zuen 2009an.

Nola sortu zitzaizun ideia Examen de conciencia dokumental saila egiteko?

Denok izaten dugu jakin-nahia, eta gehienok pentsatu ohi dugu badagoela gai handi bat eta kontatu beharko dela noizbait. Elizaren abusuak banaka joan dira ateraz, baina Spotlight-en moduan egin ez dena da ikuspuntua altxatu eta kasuak lotu; funtsean, jabetzea ez dela ikastetxe edo eliza bateko kasu zehatza, baizik eta ezkutatze sistema globalizatu bat egon dela. Ematen du denek ezkutatze eskuliburu bera irakurri dutela [Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako kasuak jaso ditu saioan].

Miguel Angel Hurtado biktima erabili duzu istorioak kontatzeko gidari gisa. Zergatik?

Haritik tira egingo zuen norbait nahi nuen. Probak eginez joan ginen. Hurtado ezagututa, minutu erdi batean jabetu nintzen hura zela egokiena. Bai aktibista gisa duen esperientziagatik, eta harena kasu berri bat delako. Aurkikuntza bat izan da Hurtado.

Maristetako monitore Joaquin Benitezek sexu abusuak egin zizkien Bartzelonako haurrei 1980tik 2011ra. «Eskua joaten zitzaidan», esaten du saioan. Nola sentitu zinen hura elkarrizketatzen?

Elkarrizketa luze bat nahi genuen Benitezekin. Urtebeteko lana izan zen hori lortzeko. Nire laguntzaileek orduetan eutsi zioten telefonoari, Benitezen zuritze narrazioa entzuten. Azkenean, egun batean baiezkoa eman zigun.

Euskal Herriko bi kasu agertzen dira saioan. Beste toki batzuetan ikusitakoa errepikatzen al da horietan ere?

Gauza bera errepikatzen da, bai. Saioa Netflix plataforman jarri zutenetik Euskal Herrian kasu gehiago agertu dira. Gasteizko San Viator ikastetxeko Jose Angel Arregi apaiz eta irakaslearen kasua paradigmatikoa da; ia urtero tokiz aldatzen zuten. Ezkutatze estrategia igual-iguala da Kataluniako Maristetan eta San Viator ikastetxean. Pederastiagatik salatuak izan diren erlijio gizonen ibilbidea ikertzean, ikusi dugu nola mugitu dituzten toki batetik bestera. Orduan jabetzen zara erlijio ikastetxe, elizbarruti eta ordena guztietan eskubliburu bera errepikatzen dutela: haien asmoa beti da erakundearen izen ona mantentzea, eta hori gailendu egiten zaio biktimak babesteari eta erreparatzeari.

Nola sentitu zara psikologikoki eta barrutik lan hau egin eta gero?

Kazetari eta dokumental egile moduan egokitu izan zait gai gogorrak lantzea. Hala ere, aitortzen dut lan hau izan dela emozionalki kudeatzeko zailenetakoa, biktimekin bereziki asko enpatizatu dudalako.

Oihartzun handia izaten ari da dokumental saioa. Zer balorazio egiten duzu izandako harreraz?

Kritikak oso onak izan dira. Sare sozialetan erantzun asko egon dira, eta horrek kasu berriak azaleratzea ekarri du. Asko poztuko nintzateke Me too-ren tankerako mugimendu bat sortuko balitz, dauden biktima guztiekiko elkartasun joera bat. Izan ere, biktima horietako askok oraindik isiltasunean bizi dute beren kasua.

Azkenaldian azaleratu den beste kasu bat Bilboko Salestarretako irakasleena da. Bigarren denboraldi bat egingo zenuke agertzen ari diren kasu berriekin?

Ez dakit. Azkeneko asteetan gertatzen ari zaidana da zenbait herritarrek dokumental saioa ikusten dutela, eta bat-batean haien esperientzia kontatzeko beharra dutela. Haietako askok sare sozialetan bilatzen naute. Ikerketa zaindua egiten ari diren komunikabideetara bideratzen ditut. Horrek kasu gehiago azaleratzea ekarri du... eta oraindik asko falta dira argitara ateratzeko. Guztiz konbentzituta nago arazoak imajina dezakegun hori gainditzen duela, eta nabarmen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.