Literatura

Emakumeentzat, emakumerik gabe

Ipar Irlandako gatazka armatuaren garaian emakume arruntek bizi izandakoak ditu hizpide Anna Burnsek 'Milkman' nobelan; komunitatearen alde borrokan dabilen gizon baten jazarpena jasaten duen 16 urteko neska baten istorioa du ardatz liburuak.

Anna Burns idazle irlandarra, Milkman nobela eskuetan duela, Booker saria jaso berritan, joan den urtean, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Nazioak irudimenezko komunitateak direla dio Benedict Andersonek, nazionalismoaren gaineko ikasketetan giltzarri den lanetako batean. Horrek ez du esan nahi nazioak ameskeria hutsa direnik. Hain komunitate zabal bateko kide guztiek elkar ezagutzea ezinezkoa denez, irudimenezko ariketa bat beharrezkoa da haien arteko kidetza sortu eta eutsi ahal izateko, berez ezezagunak diren lagunak komunitate beraren parte direla senti eta pentsa dezaten. Historialari irlandarraren arabera, idatzizko prentsaren sorrerak rol erabakigarria jokatu zuen irudimenezko ariketa hori sustatzeari begira, kidetasun sentimendua eragiteko oinarrizkoa den espazio komun eta denbora aldiberekotasun sentsazioa zabaltzen lagundu zuelako.

Bere teoriekin bat etorri arren, Begoña Aretxagaren ustez, Andersonek xehetasun garrantzitsu bat ahazten du nazioaren izaera aztertzeko orduan: genero ikuspegi jakin batetik abiatzen den irudimenezko komunitatea da. Antropologoak Euskal Herriko eta Ipar Irlandako gatazka armatuen gainean eginiko lan garrantzitsuan ondo erakusten du nazio eraikuntzari buruzko planteamenduetan emakumearen irudia oso presente dagoen arren —betiere babesa ematen duen edo babestu behar den amaren rola gailentzen da—, emakumeen parte hartzea ahaztu edo bigarren maila batean utzi izan dela. Adibide moduan jartzen du Armagaheko espetxean 1980. eta 1981. urteetan emakumeek eginiko protestek izan zuten aurreiritziz beteriko oihartzun txikia, hamarkada berean Maizeko espetxean gizonek egin zituzten horiek jaso zutenarekin konparatuz gero —azken horiek martiri izendatu zituzten—.

Irlandar historiografiak parte hartze zuzena izan du herrialdeko emakumeen esperientzien isiltze sistematikoan. Margaret Ward historialariaren lana funtsezkoa da, alde horretatik, azken bi hamarkadetan lan eskerga egin baitu lehen plantazioen garaitik Irlanda hegoaldeak independentzia lortu zuen arteko epean emakumeek egindakoak dokumentatzeko. Gertatutakoari buruzko ikuspegi zabal eta konplexuagoa emateaz gain, emakumeen esperientziak oinarri dituzten historia horiek hainbat uste eta mitorekin hausten dute. Horixe egiten du, hain zuzen, Anna Burnsen (Belfast, 1962) Milkman-ek (Esneketaria, 2018) modu ezin ausartagoan, Ipar Irlandan gatazka armatuaren garaian emakume arruntek bizitakoa hizpide duen nobelak.

1980ko hamarkadaren hasieran, hots, arazoak puri-purian zeuden garaian eta Ipar Irlandako hiri batean giroturik dago Milkman-ek kontatzen digun istorioa. Nobelan ez da izenik agertzen: ez hiriarena, ez protagonista den 16 urteko neskarena, ezta borrokan ari diren alderdiena ere. Aitzitik, protagonistarekiko duten harremanaren —ama, lehen ahizpa, bigarren ahizpa, ia mutil laguna den mutila...— eta gatazkan jokatzen duten rolaren arabera izendatuta agertzen dira, urte haietan ohikoak ziren agenteak eta egoerak iradokitze aldera.

Protagonistak kontatzen duenez, komunitatearen sostengu nagusia emakumeak dira: haiek arduratzen dira seme-alaben zaintzaz eta, maiz, familiako gizonezkoak jadanik hilda, ihes eginda edo kartzelan daudelako, etxera soldata bat ekartzeaz ere bai. Norbait ezkutatu behar denean edo zaurituta dagoenean, komunitateko emakumeen esku dago babesleku bat topatzea eta zauritua artatzea. Komunitatearen alde eta uraz bestaldeko gobernuaren kontra borrokan ari diren horiek ondo dakite zeinen garrantzitsua den emakumeen rola, haien laguntzarik gabe ezinezkoa bailitzateke borrokan jarraitzea. Hala ere, komunitateari buruzko kontuetan apenas duten ahotsik emakumeek.

Komunitateko emakumeak noiz edo noiz altxatu izan dira ordenaren kontra, baina ezohiko kasuak izaten dira horiek, ondo baitakite muga gurutzatuz gero senarrek, nebek edo semeek soka motzez lotuko lituzketela, eta ez zentzu metaforikoan bakarrik. Protagonistaren frustrazioa nabarmena da kontakizunean zehar sistema itxi eta itogarritik ihes egiteko modurik ez dagoelako. Uraz bestaldeko gobernuak eta haren laguntza jasotzen duten paramilitarrek eta komunitatearen alde borrokan ari diren horiek emakumeen bizi baldintzak gogortu egiten dituzte, eta tresna modura erabiltzen dituzte beren arteko gatazkan.

Bitxia izatearen etiketa

Protagonistak, ordea, ez dio bizimodu propio bat izateko aukerari uko egin nahi, eta, inguruan gertatzen denarekiko erresistentzia modura, ezohiko jokabidea agertzen du. Esaterako, oinez ari dela irakurtzen du, eta korrika egitera joaten da. Pertsona bitxi moduan etiketatua izateak baditu bere arriskuak mugimendu oro kontrolatzera behartuta dagoen komunitate batean, baina, protagonistaren kasuan, espero ez bezalako ondorioak ditu: jadanik ezkonduta dagoen eta borrokan dabilen Milkman izenarekin ezaguna den gizonaren arreta erakartzen du.

Milkmanek egingo dion jazarpen zorrotzak eragin bortitza izango du protagonistarengan, doan tokira doala zain izango duelako, bere mugimendu guztiak kontrolatzen. Egun batetik bestera, gogoko dituen jarduerak egiteari uzten dio, harekin topatzeko beldurrez; ia mutil laguna duen mutilarekin haustekotan da, komunitatearen alde borrokan ari den kideak mehatxu egiten diolako harremanarekin jarraitzekotan mutilari zerbait txarra gerta dakiokeela.

Milkmanen jarrera inork kritikatzen ez duen bitartean —jazarpenarekin aurrera jarrai dezake gizona delako eta borroka armatuaren barruan jokatzen duen rolagatik—, komunitateko emakumeek protagonistari botako diote errua, normalak ez diren gauzak egiten dituelako eta ez duelako, emakume bati dagokion bezala, senargai serio bat lortu, ezkondu, eta umerik edukitzen. 16 urteko neska bat, hau da, babesa behar duen adingabe bat dela ihes egiten die guztiei. Emakumea denez, horrek ez du axola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.