Literatura

Hondoa ez jotzeko hitzak

Tentsio existentzialean eta memorian egiten zuen murgil Giuseppe Ungarettik poemak idaztean. Asteon bete da mende erdi zendu zenetik; hermetismoaren korronteari lotuta geratu da haren izena.

Giuseppe Ungaretti poeta (1888-1970), New Yorken ateratako argazki batean. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gazte bat, soldadu jantzita, lokatz eta odol artean, paper gainean poema bat idazten: «Gau osoa/ adiskide masakratu baten/ aldamenera/ jaurtirik/haren ahoa/ karraskan/ ilargi beteari/ haren eskuak/ korapilo/ tinko iltzaturik/nire isilean/ karta amodioz beteak/ idatzi ditut.// Sekula ez nintzen egon/ hain/ bizitzari atxikia». Frontera heldu zen lehen egunetik idatziko zuen, eskutitz ertzetan, egunkari izkinetan. Zakuan gordeko zituen gero, isilpean tarte luzez, harik eta ofizial bati aitortuko zion arte poesia idazten zuela. Lubakian hala moduz zirriborratutako material hura erakutsiko zion, eta, denbora batera, ofizial hark, Ettorre Serrak, orri gutxiko liburuxka batean argitaratuta eramango zizkion bueltan: Portu lurperatua. Eta, aldamen batean, bere izena: Giuseppe Ungaretti.

Inguruan inork ez zekien gazte hura Parisko giro intelektualetan orduak igarota zetorrenik. Ez eta baimen egunetan hara itzultzen saiatzen zenik ere, Pablo Picassorekin, Andre Giderekin, Guillaume Apollinairerekin eta Europako orduko abangoardietako artista handi gehiagorekin elkartzeko. Frontera itzultzen zen gero, eta beharretik ateratzen zitzaion poesiari lotzen. Gizakiari zentzua berreskuratzeko deia egin nahi zion poesia bati. Aurrerago filosofiaren galderetara hurbilduko bazen ere, esperientzia zuzenari itsatsitako hitz emari bat izan zuenhastapenetan. Ungarettiren lehen olerkiak ziren, baina bere obra ezaugarrituko zuen forma zatikatua eta tonu maiz lakarra iragartzen zuten.

Egiptora migratu zuen familia italiar batean jaio zen poeta, 1888an. Alexandriako hirian hazi zen, eta Zuzenbide ikasketak egiteko asmoek eraman zuten Parisera. Idazketara lerratuta zegoen ordurako, eta Baudelaire, Mallarme eta sinbolista frantses gehiagoren eragina zeraman berekin. 24 urte zituen heldu zenean, eta 26, Alexandriara itzultzeko asmoak bazter utzita, soldadu sartzeko izena eman zuenean, modu boluntarioan. Poetaren lehen aldia osatzen dute orduko irakurketek, bizipenek, eraginek, testuek. Serra ofizialaren esku hartzeak utzi zuen beste datu aipagarri bat ere aldi horretan: 1920an, Lehen Mundu Gerra atzean utzita, Portu lurperatua bilduma berriz editatu eta argitaratu zuen ofizialak, noren, eta Benito Mussolini beraren hitzaurrearekin. Buruzagi faxistaren eta poetaren arteko harremanak gorabeherak izango zituen ondoko urteetan, baina askorentzat nahikoa izan ziren Ungarettik haren alde egindako keinuak poeta aurrerantzean bestelako begiekin ikusteko.

Lehen poema bilduma hura Naufragoaren poza laneko lehen atalean jaso zuen berriz. Gabriele D'Annunzioren eragina igar zitekeen oraindik, baina urrunduz zihoan ordurako. Lan hura bihurtu zuen, hain justu, hermetismoaren kide nabarmenetako bat, Eugenio Montalerekin eta Salvatore Quasimodorekinbatera. Sinbolismotik —Mallarmeren irakurle handia zen Ungaretti— eta surrealismotik eratorri zen mugimendu bat izan zen, eta nolabait bizimolde modura har zitekeen literatura bat aldarrikatzen zuen: hitzaren esentzia, haren purutasuna bilatuko zuena, eta gizakiari errebelazio une bat ekarriko ziona.

Adierazpen trinkoago bat zekarren ikuspegi hark forma aldetik ere —edo batez ere—. Elementu ezinbestekoenetara mugatzea, metrika berri bat lantzea, hitz biluziz eraikitako erritmo bat osatzea, alegoriak eta irudi onirikoak baliatuta usu.

Zatiketa eta isiltasuna

Gerraren ondoko urteetan Parisen segitu zuen bizitzen; bere obran maiz azalduko zen hiria, jaioterriko Alexandriarekin batera. Poza eman zuen 1931n—Ereinek Eduardo Gil Beraren itzulpenean atera zuen euskaraz, 1992an—, eta Denboraren sentimendua handik bi urtera. Garai hartan hasi zen Frantzian ere haren izena gehiago zabaltzen, Phillipe Jaccottet poeta eta adiskidea Ungarettiren obra literarioa frantsesera itzultzen hasi zenean.

Bitartean, poetak hainbat aldizkaritarako idazten jardun zuen, inoiz lanpostu finkorik gabe baina hara-honako bidaiak egiteko aukera baliatuz; Europatik asko, baina Egiptora ere itzuliz.

Eskola hermetikoko kideek ez zuten beste mugimendu batzuetako idazleek adinako oihartzunik izan, baina izan ziren nor zirkulu kulturaletan. Horrek bultzatuta heldu zitzaion Sao Pauloko Unibertsitatean literatura irakasten hasteko eskaintza Ungarettiri. Onartu, eta sei urte igaro zituen Brasilgo hirian; zenbaitentzat hura izan zuen arorik emankorrena. Bitarte horretan gertatu zen, halaber, poetaren bizitzan mugarri berri bat jarriko zuen tragedia:9 urteko semearen heriotza.

Bizipen hark erabat zeharkatuta eman zuen Oinazea, 1947an. Erromara bueltatu zen, eta han eman zion segida irakaskuntzari; gerraosteko kolpean harrapatutako Italiak sortzen zion mina ere jaso zuen bildumako olerkietan. Ahots etsi batez eman zituen, baina, tragediak tragedia, itxaropenari zirrikitu bat zabalik uzteko ahaleginean. Itzultzaile ere jardun zuen, italieraz jarriz William Shakespeare, Luis de Gongora, Stephan Mallarme, Jean Racine eta klasiko gehiago.

Oihu bat eta paisaiak eman zuen 1952an, eta harekin abiatukritikariek Ungarettiren hirugarren aro poetikotzat hartzen dutena —gerrako esperientziari lotua bazen lehena, gizakiaren existentziaren gaineko gogoetek ezaugarritu zuten bigarrena—. Italiako tradizio lirikoa berrikusteko nahiak ezaugarritu zuen azken fase hori; Petrarca, Tasso,Leopardi eta beste poeta batzuengana itzuli, eta egitura metrikoari arreta handia jarri zion,forma hendekasilabikoari, adibidez. Zaharraren kaiera (1960) izan zen horren erakusle, 70 urteen bueltan idatzi zuena. Zatiketaren, kondentsazioaren eta isiltasunaren alde lerratu zen berriz ere poeta, bere mendeko esperientzia handiekin bat etorriko zen poesia baten atzetik. Haren obrari ilun eta itxi fama ekarri zion, baina, horri erantzunez, «izenez bete dut isiltasuna» defendatzen zuen hark.

Hitzaren eta giza esperientziaren zentzuaren bilaketa bizi mantendu zuen azkenera arte Ungarettik. Gertakaririk latzenak onartzeko zuen eragatik akaso, ingurutik arroztearen eta inguruan murgiltzearen artean zerabilen tentsioagatik, gizakia «bere zorira jaurtitako natura» baizik ez dela pentsatzeagatik. Milanen (Italia) hil zen, 1970eko ekainaren 2an, eta haren olerki guztiak Gizon baten bizitza antologian bildu zituzten, denboraz eta lekuz gaindiko igaroaldia gogora dakarren izenburu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.