Musika

Bizitzaren aldaketei so

Teenage Fanclub taldeak 'Endless Arcade' kaleratu du, estudioko hamargarren lana. Taldean aldaketa garrantzitsuak izan arren, gitarra eta ahots harmoniei eutsi diete.

Gerard Lovek taldea utzi ondoren, Dave McGowanek hartu du haren lekua baxuan, eta Euros Childs batu zaie teklatuan eta ahotsetan. DONALD MILNE / TEENAGE FANCLUB.
aitor biain
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

Teenage Fanclub taldeak kaleratu berri duen diskoko kantuen izenburuak eta hitzak irakurriz gero, batek pentsa lezake pandemia garaiko lan bat dela. Izan ere, nostalgiaz, galeraz eta maitasun mezuz josita daude horietako asko: Home; Everything Is Falling Apart; The Sun Won't Shine On Me; Back in the Day... Eskoziako taldeak 2019an grabatu zuen Endless Arcade diskoa, ordea. Aurreko urterako zuen iragarria lan berria, ohiko zuzeneko aurkezpen bira eta guzti. Baina bertan behera utzi behar izan zituzten asmo guztiak, eta urtebeteko atzerapenarekin plazaratu dute lana.

 

Taldeak 2016an kaleratu zuen Here, azken urteetako lanik arrakastatsuena, eta bost urteko etenaren ondotik argitaratu du Endless Arcade. Hamabi kantuk osatzen dute diskoa; Hanburgoko Clouds Hill estudioan grabatu zuten duela bi urte, Alemanian. Taldearen estudioko hamargarren lana da, eta, aldi berean, hasiera eman dio aro berri bati. Izan ere, Gerard Lovek, taldearen sortzaile eta abeslarietako batek, ez du parte hartu diskoaren osaketan, aurreneko aldiz; 2018ko udan utzi zuen taldea Lovek, zuzenekoekin jarraitu nahi ez zuelako, besteak beste. Dave McGowan taldeko teklista eta gitarristak hartu du haren lekua baxuan. Horrez gain, Euros Childs batu da taldera, teklatuan eta ahotsetan. Galesko Gorky's Zygotic Mynci psikodelia taldeko kide zen Childs.

Ibilbide luzeko taldea da Teenage Fanclub. Hiru hamarkada dira Norman Blake, Raymond McGinley eta Gerard Love musikari eta abeslariek taldea sortu zutenetik. 1989an izan zen, Glasgown (Eskozia). Berehalako sona lortu zuten lehen diskoak kaleratzearekin batera: A Catholic Education (1990) eta Bandwagonesque (1991) plazaratzean batez ere. Hiru kideek hiruki orekatua osatu izan dute nola kantuen sortze prozesuan hala zuzenekoetan hirurek idatzi izan dituzte abestiak, eta nork bereak abestu izan ditu kontzertuetan, Francis Macdonald bateria eta Dave McGowan teklista, gitarrista eta baxu jotzailearekin batera. Power poparen oinarritik harago, gitarra eta ahots harmoniek ezaugarritu dute taldearen musika. Eta haien soinuan nabarmena da 60ko eta 70eko hamarraldiko hainbat talderen eragina, Beach Boys, Byrds edota Big Star taldeena, besteak beste.

Eta orain ere, oinarrian, hala izaten jarraitzen du, nahiz eta taldekideak aldatu. Kantuek egitura bera izaten jarraitzen dute, eta soinua ere betikoa da, sintetizadore eta teklatu berrien ñabardura txikiekin bada ere. Hala aitortu du Norman Blakek: «Beti pentsatu izan dut gure indarguneetako bat hori zela: hiru aritzen ginela idazten. Baina esango nuke oraingoan grabatzeko izan dugun moduak lagundu duela soinua homogenizatzen». Erantsi du, halaber, grabaketaren unean «taldearen espiritua» baikorra izan zela, «energia desberdina» sumatu arren. «Ez genuen uste ezer demostratu behar genuenik, baina iruditzen zait nolabait indarberrituta sentitzen garela; talde baten egoera aldatzen denean gertatzen dira halakoak», azpimarratu du.

Heldutasunaren isla

Taldearen izenak gaztetasuna aipatzen badu ere, haien musika heldutasunaren isla da gaur-gaurkoz; oinarriei eusten dieten arren, 30 urte ez baitira alferrik pasatu. Urak egin du bidea 1989 hartatik —50 eta 60 urte artean dituzte kide gehienek orain—, eta taldean ez ezik, taldekide bakoitzaren bizitzan ere gorabehera askotarikoak gertatu dira. Hain zuzen ere, horren guztiaren erakusgarri da Endless Arcade lan berria.

[youtube]https://youtu.be/DRh4Gm2clwk[/youtube]

Lovek taldea utzi ondotik, McGinley eta Blake arduratu dira kantuak sortu eta abesteaz; seina egin dituzte. Blakek, esaterako, bikotekidearekin banatzeak eragindako zauriaz idatzi ditu horietako asko. «Tristea izan arren, zerbait idazteko beta eman dit. Eta, egia esateko, katartikoa izan da. Ez naiz terapiara joaten diren horietakoa, baina niretzat oso terapeutikoa izan da nire sentimenduez eta galeraren zentzuaz idaztea», azaldu du Blakek.

Bada, ohiko malenkonia kutsua duten kantuei are tonu malenkoniatsuagoa darie oraingoan, nahiz eta aldarte alaiagokoak ere egon badauden. Edonola ere, ez dira asko aldendu betiko formulatik: erritmo lasaiak, gitarren melodia goxoak eta sentimenduz abestutako ahots harmoniak dira osagai nagusiak lan berrian ere. «Teenage Fanclub ez dabil gurpila berrasmatu guran; antzekoa egiten jarraitzen dugu: neurtitzak, koruak eta gitarra soloak; baina saiatzen gara aldiro modu adierazgarriagoan egiten», esan du Blakek.

[youtube]https://youtu.be/hO1kLueiTns[/youtube]

Hastapenetako soinu gogorragoetatik Kurt Cobainek bereziki gustuko zuen taldea garai haietan, eta Nirvanarekin ere egin zuten kontzertu bira bat talde gonbidatu moduan, nolabaiteko lasaitasun eta egonkortasun molde batera igaro da taldearen musika, urteen poderioz. Baina Teenage Fanclubek bere egin du pop-rock harmonikoa, diskoz disko eta kontzertuz kontzertu, eta badirudi bere bidean jarraituko duela datozen urteetan ere. Taldekideak ez dira helduaroaren beldur, bederen. «Talde baten ibilbidean badira aldi batzuk zeinetan jendearentzat interesekoa izateari uzten diozun, jada ez zarelako zerbait berria. Eta orduan iristen zara puntu batera non jendea konturatzen den soilik denbora baterako egongo zarela agertokietan jotzen, eta ondo dago hori», adierazi du Blakek. Eta zera erantsi du: «Pozik gaude gauzak bere kasa joaten utzita. Gozatzen ari bazara, zertarako gelditu?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.