Ainhoa Lores. 'Kultur Sharea' hedabide digitalaren sortzailea

«Gure audioak harrera ona izaten ari dira»

Kultura gaiak lantzen dituzte 'Kultur Sharea' euskarazko hedabide digitalean. Loresek jarri du martxan proiektua, eta nabarmendu du kulturaren inguruko komunitate bat sortzen lagundu nahiko lukeela.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
UK aldizkarian, Gara egunkarian, Hamaika telebistan, EITBko albistegietan eta Bizkaie aldizkarian aritua da Ainhoa Lores kazetaria (Getxo, Bizkaia, 1982). 2011tik, Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian parte hartzen du. Multimedia eta Komunikazio masterra du egina.

Nola sortu zitzaizun ideia Kultur sharea hedabide digitala sortzeko?

Hasieratik argi izan nuen kultura zela nire esparrua, oso gustura sentitu izan naiz kulturari buruzko gaiak jorratzen, eta horrek eraman ninduen Euskal Herriko agenda kultural bat sortzeko ideiari bueltak ematera. Ikusten nuen gabezia bat zegoela alde horretatik. Gaian sakontzen hasi nintzen, sarean bilatzen, teknologian aditua den baten batekin hitz egiten... Handik denbora batera, Bizkaie-n lan egiten hasi nintzen, kulturari buruzko elkarrizketak eta albisteak idazten ibili nintzen, eta agerkari digital baten dinamika ondo ezagutzeko aukera eman zidan. Horrelako proiektu batentzako multimedia izaera irudikatu nuen neure buruan. Izan ere, komunikabideen orainak eta etorkizunak bide hori hartu dute.

Zein da hedabidearen helburua eta zeintzuk dira ildo editorialaren lerro nagusiak?

Sorkuntza eta kulturari buruzko informazioa modu azkar eta dinamikoan zabaltzea eta sustatzea nahiko genuke. Horrez gain, kulturaren inguruko komunitate bat sortzen lagundu nahiko genuke. Gure ildo editorialari dagokionez, batez ere sortzaile, ekimen, areto eta espazio txikiei buruzko informazioari garrantzia ematea da xedea, merezi duten eta hedabide orokorrek eskaini ezin dieten espazioa emanez. Bestalde, ahalik eta parekideenak izaten saiatzen gara. Normalean, gizonezkoek egiten dutenaren gaineko informazio gehiago heltzen zaigu. Emakume sortzaileak animatu nahiko nituzke euren sorkuntzen berri ematen, gurekin harremanetan jarriz.

Nola finantzatuko duzue hedabidea?

Oraingoz, proiektu pertsonala eta xumea da. Hilabete pasatxo da ataria martxan dagoenetik, edukiak nik neuk sortzen ditut, baina webgunea eta sare sozialekin laguntza jasotzen dut. Beraz, material aldetik, ez du aparteko kosturik ekarri. Hala ere, etorkizunari begira, hazten jarraitzeko, behintzat, material eta jende gehiago eduki ahal izatea nahiko genuke. Horrekin batera, ondo legoke Kultur Sharea posible egiten ibiliko garenontzako diru sarrera duin batzuk izatea. Horretarako aukerak aztertzen gabiltza: finantzaketa kolektiboko kanpainak, diru laguntzak, publizitatea... Edonola ere, badakigu ez dela erraza izango.

Testuak eta audioak topatuko ditu atariaren erabiltzaileak. Bideoak ere iritsiko al dira?

Dauzkagun baliabideak kontuan hartuta, testu laburrak eta audioak sortu ditugu, batez ere. Audioekin oso gustura gaude, iruditzen zait harrera ona izaten ari direla. Euskal Herriko komunikabideak kontuan hartuta, ez da oso ohiko formatua; izan daiteke irrati jakin batek emandako irratsaioa bere webgunera igotzea, baina, gurean, webgunerako propio sortutako audio-elkarrizketa laburrak dira. Bideoei dagokienez, oraingoz besteek sortzen dituzten bideoak bakarrik sartzen gabiltza, baina etorkizunean guk sortutako bideo laburrak zabaltzea izango litzateke asmoa.

Kultur Sharea hedabide indartsu bat bihurtzeko itxaropena baduzu?

Esango nuke nahiko harrera ona izaten ari dela. Denborak esango du zein ibilbide egingo duen, baina gustura bihurtuko ginateke erreferente eta, horrekin batera, gustura piztuko genieke interesa kultura kontsumitzeko ohitura ez duten horiei ere.

Kolaboratzaileak izan nahiko zenituzkete?

Bai, Kultur Sharea-n ahalik eta aniztasun handiena izatea nahiko genuke. Guztiz irekita gaude horretara, eta dagoeneko eskaintzaren bat izan dugu. Ekarpen horiek webgunean nola txertatu daitezkeen pentsatzen ari gara.

Beste eragile batzuekin aliantzak lantzea pentsatu duzu?

Euskal Herrian badaude kultur gaiekin lan txukuna egiten duten komunikabideak, eta ideia interesgarria eta polita izango litzateke nolabaiteko aliantzaren bat sortzeko aukera egongo balitz. Gu prest gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.