EUSKARAZKO TELESAILEK 30 URTE (IV): 'GOENKALE' OSTEKO AROA

'Go!azen' izan da salbuespena

ETBk 'Goenkale' kentzea erabaki zuenean, 'Aitaren etxea' grabatu zuten; gero, 'Eskamak kentzen'. Hiru urte eta erdiko «basamortua» iritsi zen, iaz 'Ihesaldia' estreinatu zuten arte.

Go!azen-eko aktoreak eta Kukai taldeko dantzariak, grabaketa batean, Azpeitian (Gipuzkoa). EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun

Pausoka ekoizpen etxeak 2015eko otsailean amaitu zituen Goenkale-ren grabaketak, ETBko zuzendaritzak hala erabakita. «Triste geratu ginen. Industriarentzat garrantzitsua izan zen hura», oroitu du Jabi Elortegik, Pausokako hainbat telesailen zuzendariak. Baina urte horretako udan, beste telesail bat grabatu zuten: Aitaren etxea. 1956. urtean girotua, «istorio polita» zuela eta «lokalizazio zoragarriak» aurkitu zituztela gogoan du Elortegi zuzendariak. Xabi Zabaleta Pausokako gidoilari eta ekoizleak nabarmendu du telesail horrekin «gauza asko» kontatu nahi zituztela: «ETAren sorrera, langile mugimenduak... Horrela, aurrera joan nahi genuen gure historia kontatzeko». Denboraldi bakarra izan zuen, ordea, eta ETBk jarraipenik ez ematea erabaki zuen.

 

2016an, K2000 eta La Competencia ekoiztetxeek Eskamak kentzen telesaila jarri zuten martxan: otsailetik maiatzera eman zuen ETB1ek. Baina horrek ere denboraldi bakarra izan zuen.

Urte horretan, Pausokan lanean aritu ziren haurrei zuzendutako Go!azen produktua berreskuratzeko —2009an telefilma estreinatu zuten, eta urte berean hamabi ataleko telesaila egin zuten—. Zabaleta eta Elortegi aritu ziren aurrenekoa martxan jartzen, baita fikzioaren itzuleran ere. «Jabik eta biok seme-alabak genituen, eta ikusten genuen zaila zutela zerbait berria euskaraz kontsumitzea», kontatu du Zabaletak. Aldi berean, argi zuten ezin zutela telesail soil bat aurkeztu. «Gertutasunaren abantaila genuen. Gure ikusleek izarrak uki ditzakete, eta haien hizkuntzan ari dira. Antzerki obra bat, emanaldiak kalean, ikastetxeetarako bisitak, aplikazio bat... Proiektu global bat sortu genuen».

Elortegi Go!azen-eko zuzendaria izan zen, bai 2009an, bai 2016tik 2018ra. Bigarren aroa martxan jartzean, Twin Melody bikien inguruan eraiki zuten istorioa (Paula eta Aitana Etxeberria). Gazte asko daude egun kantatzen, dantzatzen eta bideoak egiten dakitenak. «Harrobia badago, baina landu egin behar da; eta lantzen denean, badago nondik heldu». Zabaletaren arabera, antzeztea zailagoa da, baina aktore gazteen hobekuntzak gaietan jauzi bat egitea ekarri zien: «Telesailak gorantz egin zuen, aktoreek gorantz egiten zuten heinean». Bestalde, Pausokan atea jo zuten zenbait erakundek: minbizia duten haurren elkartea, Naizen elkartea... «Horrek aberastu gaitu gu, proiektua, eta gauza politak ekarri dizkigu». Denboraldi berrian —azaroaren 20an hasiko da— Downen sindromea duen aktore bat egongo da.

Go!azen-en faktore garrantzitsu bat musika da, euskal kanten bertsioak abesten baitituzte gazteek. Elortegik dio hasieran «gogorragoa» zela musikariengana baimen eske joatea. «Baina, orain, musikaria bere seme-alabekin etortzen da Go!azen ikusten dutela esanez, eta haurrak komentatzen du nahiago duela telesaileko bertsioa aitaren edo amaren originala baino». Iaz, Elortegiren lekukoa hartu zuten telesaileko zuzendaritzan Itziar Gomezek eta Jabier Garcia Bikuñak.

'Ihesaldia' eta 'Etxekoak'

Haurrek eta gaztetxoek Go!azen-ekin gozatzeko aukera izan dute azkeneko denboraldietan, baina ETB1ek ez zuen helduentzako telesailik estreinatu 2016ko udaberritik (Eskamak kentzen) 2019ko abendura arte, Ihesaldia iritsi zen arte. Elortegik zuzendu zuen telesail hori. Basauriko (Bizkaia) espetxean 1976an egon zen ihesaldi saiakera batean dago oinarrituta. «Ez zen erraza izan: tunelak, presoak ezkutuan daude, ukitu klaustrofobikoa du. Baina gustura gelditu nintzen kontakizunarekin eta emaitzarekin».

Aurten, berriz, konfinamendua iritsi zenean, Go!azen etxean jarri zuen martxan Pausokak, eta, handik gutxira, Etxekoak. Elortegi martxoan Argentinara joatekoa zen, film bat zuzentzera. Baina COVID-19a heldu zen Euskal Herrira. Zabaletak azaldu duenez, konfinamendua heldu zen asteburu berean pentsatu zuten Go!azen-eko aktoreekin zerbait egitea. «Gustura gelditu ginenez, aktore helduekin egitea erabaki genuen. Horretarako, etxe berean bizi ziren aktore bikoteak topatu behar genituen». Mikel Losada eta Olatz Ganboa, eta Miren Gojenola eta Mikel Laskurain izan ziren bikote protagonistak. Udaberria joan, konfinamendua bukatu, eta Etxekoak udan kalean egin ahal izan zuten.

Udazken honetan, beste hiru telesail emango ditu ETB1ek. Baina Zabaletak ohartarazi du: «Basamortu bat egon da, eta oraindik ere nahiko basamortutzat emango nuke. Euskaraz telesailak kontsumitzeko ohitura galdu egin da, eta gero asko kostatzen da ohitura hori berreskuratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.