Eguneroko bizitza ospatzen

Sei urteko isilunea hautsi du Bill Callahan musikariak, eta eraberrituta agertu da 'Shepherd in a Sheepskin' lan berrian. Hogei abesti laburrekin osatu du diskoa.

Bere belaunaldiko musikari laudatuenetako bat da Bill Callahan. BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Musika aldi baterako uzteko plana egin nuen. Hiru bat egunetan, ideia hori izan nuen buruan, baina gero konturatu nintzen ez zela batere ideia ona». Sei urte igaro dira Bill Callahan (Silver Spring, AEB, 1966) musikariak azken diskoa kaleratu zuenetik, eta azken urteotako bizitza aldaketak musika alde batera uztera eraman du ia. Aita izatea musikaria izatearekin bateraezina zela pentsatu zuen Callahanek hasieran, eta, azkenean, krisi existentzialak balio izan dio egunerokoaz goxotasunarekin aritzeko disko luze batean: Shepherd in a Sheepskin Vest lana eman du argitara, egunerokoaren kontakizun berezia.

«Nire emaztearekin ezkondu nintzen/ zoragarria da bera/ eta seme bat izan nuen/ Umea izateak hil egin ninduen ia/ batzuek hil egin nintzela diote», dio musikariaren ahots izukaitzak. Gardena da Callahan disko berrian, Son of the Sea kantako zati horretan ageri den bezala. «Ez nuen uste honaino iritsiko nintzenik», inguruan duenari errepasoa egiten dio What Comes After Certainty kantak. Gertatu zaio, eta gertatu bezala kontatu du: maitemindu da, ezkondu, eta semea izan du. Hanly Banks dokumentalgilea da Callahanen emaztea: musikariak 2011. urtean egin zuen bira jaso zuen Banksek Apocalypse dokumentalean. «Gustatzen zait lur hartzea/ atzera altxatzeak erabat ezinezkoa dirudi/ eroso egiten dugu», kantatu zuen Callahanek dagoeneko Dream River (2013) diskoko Small Plane kantan. Zorion egoera horretatik aritu da kantuan musikaria.

Haurra izan zutenean, Santa Barbarara joan ziren bizitzera, Kaliforniara. Callahanek ez zuen musika sortzeko inspiraziorik topatu han, ordea. Atzera Austinera itzuli zirenean, Texasera, berehala jarri zen «harremanetan» kantu berriekin. Une hori bera deskribatzen du disko berriko Writing kantak: «Poza ematen du berriro idazteak», dio lehen bertsoak. Abestiak idaztearen mistika kontatzen du: menditik jaisten den musikak besarkatzen du musikaria, eta elkarrekin egiten dute dantza.

Sortzearen plazera berreskuratu du Callahanek. Zorionetik eta zorionaz aritu da sortzen, nahiz eta ez den erraza hartaz sakonean hitz egitea: «Maitasun kantak idaztea oso zaila da. Zailagoa izan da bizitza errealaz idaztea, asmatuaz baino». Ametsen munduaz aritu zen Dream River laudatuan, fikzioaz, minimalismoa eta naturalismoa oinarri hartuta, giza harremanetan sakontzeko asmoarekin. «Gauerdian» entzuteko disko bat sortu zuen orduan. Shepherd in a Sheepskin Vest bestelakoa da: egunerokoaz mintzo da Callahan, eguneroko bizitzaren emozio lurtarrez. Giro goxoa bezain sakona sortu du.

Ezer gutxik estal lezake musikariaren ahotsak hartzen duen pisua eta protagonismoa, baina ez da bakardaderik sumatzen diskoan. Hitzetan, alboan ditu emaztea, semea eta ama; musikan, moldaketa akustikoak eta erritmo leunak. Lau binilo alde osatu ditu, hogei kanta. Kanta laburrak dira, bizpahiru minutukoak gehienak. Gitarra soilarekin eta ahots urrunarekin egiten dio Callahanek ongietorria entzuleari Shepherd's Welcome irekiera kantuan. Elementu gehiago ageri dira ondorengo kantuetan, pixkanaka gorputza hartzen dute abestiek, nahiz eta une gorenera iristen direnerako amaitzen diren gehienak.

Jaiotza eta heriotza elkarren osagarri ikusten ditu musikariak: semea jaiotzen ikusi du, ama hiltzen ikusi duen garai berean. «Galera bakoitzarekin altxatzen gara berriz», dio Angela kantuan. «Mando gaineko euliak gara, eta ondo egiten dugu geure lana». Horrela amaitzen da 747 izeneko kanta: 747 hegalditik mintzo da Callahan, eta burura datorkiona kontatzen du hegazkina gorantz doan bitartean. Jaiotzaz eta heriotzaz egiten du gogoeta kantu horretan ere, laino artetik, jaiotzean zein hiltzean ageri den argia hizpide hartuta.

Heriotza bakartiari aurre egiteaz ari den Carter Family folk talde tradizionalaren kanta bat moldatu du Callahanek, Lonesome Valley, hitzak aldatuta, haren familiakoez aritzeko. Abestiak aurrera egin ahala, musikariak atzean uzten ditu ingurukoak, banaka. Emakume ahotsek laguntzen diote, hitzezko bakardadeari konpainia egiteko. Zoriontasunean murgilduta, egoeraren hauskortasuna ere agerian uzten du musikariak, What Comes After Certainty kantan: «Benetako maitasuna ez da magia/ ziurtasuna da/ eta zer dator ziurtasunaren ondoren?», galdetzen dio bere buruari.

Disonantziatik abiatu zen

AEBetako kantautore handienetako bat da Callahan egun, eta ez alferrik. Disonantziatik bihotza parez pare ireki arte, bide luzea egin du musikariak. Musikarekin jolasten, esperimentatzen hasi zen 1980ko hamarkadan, ohiko egitura melodikoei jaramon egiteko asmorik gabe. Smog zen orduan, izen horrekin aritzen baitzen musika sortzen. Etxeko grabazioekin egin zuen Sewn to the Sky (1990) lehen lana.

Denborarekin, erreferentziazko musikaria bilakatu da Smog lo-fi musikan: grabaketaren inperfekzioak eta soinuaren fideltasunik ezaren estetika elkartzen ditu ildoak, zuk zeuk egin filosofiari lotuta. Estilo propioaren bilaketan aritu zen Callahan, Julius Caesar (1993) diskoaren moduko muturreko proposamenekin. Country alternatiboaren bazterretara igaro zen ondoren, RedApple Falls (1997) eta Knock Knock (1999) estudioko lanekin;Jim O'Rourkek ekoitzi zituen biak, eta Tortoise taldeko John McEntirerekin ere lan egin zuen garai hartan.

Garai horretan definitu zuen bere estiloa Callahanek, eta instrumentazio eta grabazio modu sinpleagoekin, musika sortzeko era propioa garatu zuen azkenean. Smogen kantak egitura errepikakorrekin osatzen zituen, akorde progresiboekin. Musika iluna zen, baina umoreari zirrikitu bat uzten zion irekita.

2007. urtean, Callahanek lehen diskoa argitaratu zuen bere izen-abizenekin, Smog izateari utzita: Woke on a Whaleheart. Ordutik, gutxienez bi urtean behin eman du lan berri bat argitara, harik eta Dream River argitaratu eta sei urte isilik igaro dituen arte, nahiz eta 2014an lan haren dub bertsio diskoa grabatu zuen: Have Fun with God.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.