Sanferminak

Ez da hainbesterako izan

Aurreko bi urteetako etenaren ostean, jendetza espero zen, baina, sanferminetan lan egiten dutenen ustez, bidaiari kopurua handia izanagatik ez da aurreikusitakoa izan.

Bidaiariak autobusaren zain, atzo, Iruñeko autobus geltokian. GORKA RUBIO / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lur hartzeko pistarik gabe, arrapalada batean doaz sanferminak. Txupinazoaren eta San Fermin egun handiaren ostean, asteburuan sartu da jaia, eta iraupenaren erdia beteko du gaur. Hasiera indartsu horri asteburuak erakartzen duen bisita kopuru handia gehituz gero, jende olde handia heltzea espero zen, eta, gauez zein egunez kaleetan joan-etorri handia sumatzen bada ere, handik eta hemendik festetan lan egiten duten sektoreetako pertsonei galdetuta nabaritzen da azkenean olatuak ez duela markarik hautsi. Handia, baina neurrian. Ez da hainbesterako izan.

«Sanferminak bizitzera eta sentitzera etorri gara», aipatu du Aurela S. Elso donostiarrak. Bart gauean ailegatu zen Iruñera, eta bi ordu baino ez ditu lo egin. Ostiral gaueko nondik norakoak laburbildu ditu: «Giro oso ona zegoen bart. Denetarik ikusi dugu kalean. San Nicolas, adibidez, gainezka zegoen. Gu joan garen momentuan, Estafeta eta Olite kaleen inguruak lasaiago zeuden, eta gustura egon gara han. Jarauta, berriz, bete-beteta zegoen. Oso gustura egon gara». Kexu bat besterik ez du: «Dena oso garesti dago». Tabernek prezioak igo dituzten kexa orokorra da hirian.

Entzierroaren ostean, gosaltzeko ordua dator. Autobus geltokiaren ondoko zelaietan kuadrillak atseden hartzen ari dira. Eskailera mekanikoaren behealdean, Espainiako Polizia talde handi bat ari da bidaiarien zorroak miatzen. Txakur bat dute, drogarik daramaten usaintzeko. Ostiralean, 50 droga dosi atzeman zituzten, eta bi lagun atxilotu.

«Jende gehiago»

Anayet Mondragonek geltokiko informazio gunean egiten du lan. Leihatilako ohar batek azaltzen duenez, hor ez dute turismorako informaziorik ematen: «Azken orduetan jende gehiago nabaritu dugu, batez ere Nafarroako herrietakoa». Lizarrara, Tafallara, Erriberrira, Tuterara, Sakanara edo iparraldera joateko autobusen ordutegiak eskatu dizkiete. Euren postura «apenas hurbildu den atzerritarrik».

Ondorio hori bera atera du Miguel Angel Delgadok. Geltoki barruan, sanferminetako praka eta kamiseta zuriak eta zapi gorriak saltzen ditu. Haren ustez, salmentak ondo doaz, «baina ez 2019an adina». Batez ere turista gutxiago daudela uste du. «Kanadar bat bera ere ez dut ikusi; australiarrak oso gutxi, nahiz eta bi talde antolatu pasatu diren azken orduetan; mexikarrik, apenas; estatubatuarrak, baten bat; italiarrak eta Europa erdialdekoak, gutxi».

Fernando Quinto taxi gidariak ere antzeko irudipena du. Lanean ondo ari badira ere, pandemia aurreko sanferminetan erritmoa bestelakoa zela azaldu du: «Aireportura joaten zinen, eta taxien joan-etorria etengabea zen; tren geltokian, berdin; autobus geltokian, gelditu gabe ibiltzen ginen, eta, orain, denbora bat egin dezakezu zain. Hainbeste jende egoten zen, non poliziak ere ez ziren etortzen», dio droga kontrolak egiten ari diren poliziei begira.

Andres Garcia Burundesako autobus gidariaren arabera, Gasteiz-Bilbo norabideko autobusak oso ondo ari dira lanean. Batik bat, Arabako hiriburutik eta Sakanako herrietatik dator jendea. Bilboko autobusetan, arratsaldeko orduetan turista asko datoz. Aurten, lehen aldiz, Internet bidezko salmenta sistema jarri dute —orain gutxira arte kanpoko zerbitzari baten bidez egiten zuten, eta komisioak garestitzen zuen billetea—. Horrek aukera ematen die datorren eskaria ikusteko eta autobus eskaintza planifikatzeko: «Gazteek sistema hori erabiltzen dute, eta guretzat oso ondo dago, jakiteko zenbat bidaiari ditugun eta nola sendotu behar dugun autobus zerbitzua».

Ivan Canok sanferminetako arropa saltzen duen denda batean egiten du lan, Estafetan, eta hark, geltokian bildutako iritziekin alderatuta, beste irudipen bat du. «Oso ondo doakigu, turista asko datoz, batez ere mexikarrak, estatubatuarrak, latinoamerikarrak eta frantsesak», aipatu du. Nafarroako herrietako jendea sartzen zaie zerbait erostera.

Udaletxe plazan, turismo bulegoan sartzen direnak azalpenak ematen dituzten langileengana eramaten ditu Ricardo Lorentek. Goizean goiz, entzierroaren ibilbidean, inkesta bat egiten du Iruñeko Udalarentzat, korrikalariek entzierroari buruz duten ezagutza jakiteko. Lorentek adibide gisa jarri du San Domingo plazan esperientzia duten lasterkariak izaten diren bezala udaletxe plazan atzerritar ugari izaten direla: «Ez dakite zer den entzierroa». Uste du sanferminen lehen egunetan bisitari kopurua ez dela uste bezain handia izan, eta horren zergatietako bat prezioak direlakoan dago; batik bat, lo egiteko ostatu, apartamentu eta logelena.

«Ez dakite zer den»

Leire Ekisoainek ere turismo bulegoan lan egiten du. Iruindarrak eta euskal herritarrak oro har erraldoi eta buruhandien konpartsa non den jakiteko sartzen dira. «Parrandazaleek ez dute hona etorri beharrik». Bulegora joaten diren turistetako askok entzierroari buruz galdetzen dute, eta haren arriskuaren berri ez badute, ez joateko aholkatzen diete. Festei buruz ere deus gutxi dakite: «Ez dute ulertzen zer den, ez dakite nora joan, zer egin... Guk esaten diegu festa kalean dagoela eta egitarau ofiziala horren parte txiki bat baino ez dela». Turisten jatorriari dagokionez, nabarmendu du australiar gutxi daudela.

Maissonave hoteleko zuzendari Leire Alemanek aitortu du uztailaren 6an biziki hunkitu zela azken bi urteetan jasandakoa atzean uztearen seinale izan zelako txupinazoa. Pozik dago orain arteko emaitzarekin: «Abendurako erreserba guztiak eginda genituen, eta maiatzean, ordaindu egin behar denean, batzuk kale egin arren, berriak datozenez, eusten diogu». Lehen bi egunetan okupazioa %97koa da, eta astelehen eta astearterako ere «beteta» dago. Prezioak %35 inguru igo dira. Bezeroen jatorriari dagokionez, lehen egunean %30 mexikarrak ziren. Frantses ugari daude, baita estatubatuar asko ere: «Hemingwayk eta zezenen munduak erakarrita etortzen dira». Haren esanetan, inguruko hotel guztiek gelak beteta dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.