Sanferminak Iruñean

Argi gehiago, itzalak baino

Giro lasaian bukatu dira sanferminak. Behera egin dute sexu erasoen salaketek; udalarentzat, «ez da nahikoa». Sumina piztu dute 'Ahotsa.info' eta SF78 Gogoan-en kontrako auzibideek
Jendetza bildu da Iruñeko Alde Zaharrean, asteburuan, batez ere.
Jendetza bildu da Iruñeko Alde Zaharrean, asteburuan, batez ere. LANDER ARROIABE OLAORTUA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 15
Hermanos Aldaz enpresako beharginak entzierroaren hesiko oholak kentzen hastearekin batera, martxan jartzen da atzerako kontua. Sanferminak bukatzear direla adierazten du langileen joan-etorri goiztiarrak, eta orduantxe entzuten dira lehen balorazioak ere. Iruñeko Udalak gaur eguerdian eginen du balantze ofiziala, baina, horren aurretik, hamaika gogoeta egiteko aukera ematen du bederatzi eguneko festak.

ERASO SEXISTAK

Kanpaina arrakastatsua eta salaketa gutxiago aurten



Aurten ere, itzelezko arrakasta izan du eraso sexistei aurre egiteko kanpaina instituzionalak. Gazteluko plazako informazio gunean, esate baterako, jaietarako prestatuta zuten material guztia agortu dute: 13.340 kontsulta erregistratu dituzte, eta, horrez gain, paperezko 20.000 gida eta esku gorriaren 40.000 pin banatu dituzte.

Bestalde, Babes Zibileko Tokiko Batzordeak jakinarazi duenez, bi gizon atxilotu zituzten atzo, «ukituak egiteagatik jarritako bi salaketen ondorioz». Iruñeko Udalak gaur emanen du salaketen kopuru zehatza, baina, orain arteko datuak mahai gainean, azken urteetako salaketa kopururik txikiena izanen da 2018ko sanferminetakoa.

Gainera —azken orduko albisterik ez badago—, bederatzi egunotan ez da eraso larririk salatu. Hala ere, Iruñeko alkate Joseba Asironen esanetan, lortutakoa ez da nahikoa udalarentzat: «Ez da eraso larririk erregistratu, eta pozgarria da hori, baina Iruñeko Udalak ezin du emaitza ontzat eman. Abusu edo ukitu bakarra gehiegi da. Sobera dago triunfalismo oro», esan zuen atzo.

BISITARIAK

Iaz baino jende gehiago, asteburuetan batez ere



Ostalaritza elkarteek emandako behin-behineko datuen arabera, Iruñeko hotelak eta ostatuak leporaino beteta egon ziren sanferminen lehen asteburuan, uztailaren 6tik 8ra. Okupazio maila %97koa izan zen, azken urteetako handiena. Bigarren asteburuak ere jendetza erakarri zuen —Ipar Euskal Herritik, batez ere—. Hala ere, aurtengo sanferminek bi asteburu eduki izanak beste ondorio bat izan du: turistak eta bisitariak asteburu horietan pilatu dira nagusiki, eta, horren eraginez, jende gutxiago ibili da astegunetan. Hori txarra izan da ostalaritzaren sektorearentzat; ona, berriz, iruindarrentzat, astelehenetik ostiralera etxekoagoak izan baitira festak, Alde Zaharrean ibiltzeko estutasunik gabe.

GAZTEENTZAKO ESKAINTZA

Apustu berrien arrakastak ez du etenik izan



Iazko sanferminetako bideari jarraikiz, haur eta nerabeentzako eskaintza indartu du Iruñeko Udalak, eta, aldi berean, sanferminetako egitarau ofizialak urteetan izan duen hutsunerik nabarmenetako bat bete: arratsaldeko ekitaldien gabezia. Iaz, bi gune berri zabaldu zituzten: Birjolastu haurrentzako jolas eremua Vistabellako parkean, eta Foruen plazako gazte eremua.

Bi gune horietara jendetza bildu da aurten ere, eta lepo beteta egon dira egunero —Foruen plazan, gainera, giro ederra sortu da gazte kuadrillen artean—. Aurten, gainera, eskaintza berri bat batu zaie: Kirol Ari, Media Luna parkean jarritako kirol gunea. Lehen egunetan, harrera apala izan zuen —400 bat haur lehen egunean—, baina azkenaldian asko handitu da: eguneko 3.000 bat haurrek eta nerabek parte hartu dute. Guztira, 10.000 erabiltzailetik gora.

ADIERAZPEN ASKATASUNA

Ez dituzte festak hondatu, baina tentsioa eragin dute



Indar polizialen presentzia nabarmena eta adierazpen askatasunaren kontrako polizia operazioak izan dira festaren puntu beltzetako bat. Espainiako Polizia etengabe ibili da Alde Zaharreko karriketan gora eta behera, «istiluen kontrako» arma eta ekipamenduarekin, aitzakia gisa hartuta Iruñea «4. mailako alerta egoeran» dagoela. Ostiralean, gainera, Ahotsa.info-ko kide bat deklaratzera deitu zuten Espainiako Poliziaren egoitzara, terrorismoa goratzea egotzita; eta 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak salatu zuen hainbat bizilagun deklaratzera deitu zituztela elkarte memorialistaren pankartak zintzilikatu zituztela eta. Tentsioa areagotu zuten operazio horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna