Noiz sortua: 2018-07-01 00:30:00

HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (X)

Publizitateari esker bizi dira

Radio Kaszebek programazioaren erdia kaxubieraz egiten du; beste erdia, polonieraz. Irratia tresna garrantzitsua da Poloniako Pomerania eskualdeko kaxubiarrentzat.
Radio Kaszebe irratiko kideak. Programazioaren erdia kaxubieraz egiten dute.
Radio Kaszebe irratiko kideak. Programazioaren erdia kaxubieraz egiten dute. SYLWESTER CISZEK Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko uztailak 1

Kaszebe deitzen diote kaxubiarrek bizi diren herrialdeari, Kaxubiari. Eta Radio Kaszebe da gaur egun hizkuntza horretan emititzen duen irrati bakarra —emankizunen erdiak kaxubieraz dira, eta beste erdiak, berriz, polonieraz—. 2004ko abenduaren 18an ekin zion irratiak emisioei, baina aurretik proiektua lantzen gogotsu aritu zirela oroitu du Anna Kosciukiewiczek, Radio Kaszebeko zuzendari eta editoreak: «Prestaketa lanak 2002. urtean hasi ziren. Kaxubiar jatorriko politikari bat Poloniako hedabide publikoen ardura postu batean zegoen, eta hizkuntzaren normalizazioaren alde lanean genbiltzanoi esan zigun frekuentzia bat lortzeko aukera egon zitekeela. Informazio horrek ametsa piztu zuen kaxubieraren aldeko aktibisten artean. Handik bi urtera, ametsaren emaitza uhinetan zegoen».

Kaxubiarrak Poloniako iparraldean bizi dira, Pomerania eskualdean. Lau herritarretatik bat da kaxubiarra inguru horretan, baina hizkuntzaren egoera okerragoa da. Izan ere, 500.000 kaxubiar daude, eta horietatik 108.000 dira kaxubieraz egiten dutenak. Radio Kaszebe irratian ez ezik, Pomerania aldizkarian ere testuen erdiak kaxubieraz dira. Halaber, literatur aldizkari bat argitaratzen dute kaxubiarrek beren hizkuntzan: Skra.

Radio Kaszebe irrati komertziala dela nabarmendu du Kosciukiewiczek: «Helburua komertziala da, Poloniako legeak ez baitu aparteko kategoriarik jasotzen emisora elebidunentzat edo etnikoentzat. Ondorioz, dirua irabazi beharra daukagu beste irrati komertzial guztiek egiten duten modu berean». Irratiko zuzendari eta editoreak aitortu du horrek eragin nabarmena duela egiten duten programazioan. «Publizitateaz bizi gara, eta denbora asko gorde behar izaten dugu iragarkientzat. Era berean, merkatuan dauden beste irrati batzuekin lehiatu behar izaten dugu», azaldu du Kosciukiewiczek. Aurrekontuaren %87 iragarkiekin eta babesleen ekarpenarekin osatzen dute, eta beste %13 Poloniako Gobernuaren diru laguntzekin osatzen dute.

Irratiko arduradunak gaineratu du programazioan nagusi direla musika, tokiko albistegiak eta DJen zuzeneko emankizunak. Irratiko lantaldean, bost kazetari albistegiez arduratzen dira; bost DJ dituzte musika emankizunetarako; bi langile teknikari lanetan aritzen dira; eta bost lagun publizitateaz arduratzen dira.

Kaxubian, 860.000 entzulerengana iristeko ahalmena du Radio Kaszebek uhinen bidez. Astero irratia entzuten dutenak 160.000 inguru direla azaldu du Kosciukiewiczek. «Entzuleekin hartu-emana sustatzen dugu ekitaldien eta lehiaketen bitartez. Baita webaren eta sare sozialen bidez ere». Gazteak kaxubieraz kantatzera animatzeko helburuarekin, Kashubian Idol musika lehiaketa jarri zuten martxan —Gaztearen maketa lehiaketaren antzekoa—. «Lehiaketa horrek arrakasta handia lortu du hamar urtez». Kaxubiarrez kantatzen duten musika taldeen artean, bestalde, pop estiloa rockari gailentzen zaio. «Gutxi dira rocka kaxubieraz egitera animatzen direnak».

Etorkizuneko erronken artean, irratiko zuzendariak funtsezkotzat jo du Pomeranian bizi diren kaxubiar guztien artean lotura afektiboak eraikitzea. «Benetako elebitasuna egotea nahiko genuke». Era berean, aurten igorgailu berri bat jarriko dute martxan, eta datorren urtean beste bat. «Horri esker, entzule potentzialak milioi bat izango dira 2019an».

Euskal Herrira bisita

Datorren astean, Euskal Herrira etorriko dira Kosciukiewicz eta Artur Jablonsczi irratiko esataria —bigarrengoz aurten—; biak Kaxubiarren Batasuna elkarteko kideak dira, eta lehenengo kaxubiar ikastolaren sustatzaileak. Garabide elkarteko ordezkariekin bilduko dira, Euskal Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean dituzten proiektuez aritzeko. Irratiko beste bi kide Gasteizen izango dira hilaren 16tik 19ra, Higa hizkuntza gutxituetako gazteen nazioarteko topaketan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Erosketak egiteko ilarak Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Osakidetza test azkarrak erabiltzen hasi da

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. ©Jon Urbe/ Foku

Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

Iker Aranburu

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean ©Idoia Zabaleta, FOKU

Koronabirusaren hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ainhoa Larretxea Agirre

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan, eta hildakoak hamazazpi dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna