Koldo Serra. Zinemagilea eta telesailen zuzendaria

«Erronka izan da ohiko narrazioak desikastea»

'El ministerio del tiempo' eta 'La casa de papel' telesailen zuzendarietako bat da Serra. Orangerentzat 'Caminantes' grabatu du Bizkaian, soilik sakelakoekin, 'material aurkitua' deritzon generoa erabiliz.

LUIS TEJIDO / EFE.
urtzi urkizu
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Zinemarako hiru film zuzendu ditu Koldo Serrak (Bilbo, 1975): Bosque de sombras, Gernika eta 70 binlandens. Makina bat bideoklip eta iragarki ere zuzendu ditu.Arsenico ekoiztetxearen —orain, Sayaka— sortzaileetako bat da.

Zer moduz doaz El ministerio del tiempo telesaileko grabaketak?

Zoragarri. Azken-aurreko atala zuzentzen aritu naiz aste honetan, eta datorren astean bukatuko ditugu grabaketak.

Zer izango da nabarmenena laugarren denboraldian?

Gutxi konta dezaket. Baina onena da pertsonaia protagonista guztiak egongo direla. Hori polita izango da telesailaren zaleentzat. Denboraldia jostagarria izango da, garai askotara bidaiatzeko aukera izango dugulako. Niretzat, dibertigarria da telesaila, etengabe film historiko desberdin bat egitea bezala baita.

Caminantes da zuzendu duzun beste telesail bat, Orangerentzat egindako beldurrezko lan bat. Nolakoa da?

La casa de papel-en aritzetik nentorren, aurrekontu oso handi batekin, eta Caminantes justu kontrakoa da: fikzio txiki bat, eta dena sakelakoekin grabatua. Hizkuntza asko aldatzen da: narrazioak berak eskatzen du sakelakoekin ateratako irudiak izatea. Donejakue bidean bost gazte desagertu egingo dira, eta Poliziak haien sakelakoak aurkituko ditu. Sakelakoetan dagoen materiala izango da istorioaren funtsa.

Berezia izan da jaioterritik gertu berriro grabatzea ?

Bai, zoragarria. Gorbeian, Saldropon eta Markina-Xemeinen [Bizkaia] grabatu genuen, gehienbat basoetan eta mendietan. Parte bat Bilbon ere grabatu genuen, istorioa han hasten baita. Artikutzan [Nafarroa] Bosque de sombras filma grabatu nuen garaia ekarri zidan gogora.

Zer estilo izango du telesailak errealizazio eta edizio aldetik?

Oso desberdina izango da. Material aurkitua deitzen dioten azpigeneroan sartuko litzateke. Askok uste dute genero horretako lehen filma The Blair Witch Project izan zela, baina aurretik Cannibal Holocaust egin zuten 1980an. Gurean, pertsonaiek beraiek lehen pertsonan grabatzen dituzte irudiak sakelakoarekin. Ez dago sintaxi bat, ohiko filmetan eta telesailetan bezala, dena sakelako baten objektibotik jasoa dago, eta hortik kanpokoa ez da ikusten. Niretzat erronka bat izan zen normalean egiten ditudan ohiko narrazioak desikastea. Beldurrezko generoan murgiltzea, bestalde, oso dibertigarria da. Bideo jokoen hizkeratik ere badu.

Zenbateko iraupena izango du telesailak?

20 minutuko zazpi atal dira. Bi ordu eta laurdeneko film bat bezala da. Ez dago musikarik, eta joko guztia sakelakoen grabazioen soinu giroan dago. Martxoan estreinatuko du Orangek.

Apirilaren 3an, berriz, Netflixera La casa de papel telesailaren laugarren denboraldia iritsiko da. Nolakoa izan da halako oihartzuna duen ekoizpen batean zuzendarietako bat izatea?

Ardura bat da. Beti saiatzen naiz dena ematen, inplikazioa bera da. Baina aurreko denboraldia munduan 35 milioi pertsonak ikusi dute, eta hurrengoaren zain daude. Horrek zorabioa sortzen du. Aldi berean, akuilu gisa funtzionatzen du, Txapeldunen Ligan jokatzen ari zarela dakizulako. Ikusle gisa gogoko telesaila nuen, eta sekulako esperientzia izan zen hirugarren eta laugarren denboraldiak jarraian grabatzea. Zenbaitetan, lan bat egin, eta ez dakizu jendeak ikusiko duen, baina kasu honetan badakizu mundu osoan ikusiko dela.

Itziar Ituño aktorea izar bat da orain Latinoamerikan telesail horri esker.

Eromena da. Norbaitek esan dit zenbait zale Basaurira [Bizkaia] etortzen direla, ea Itziarrekin gurutzatzen diren. Brasilen izar handi bilakatu da. Oso eroa izaten ari da aktoreentzat.

Datozen hilabeteetan plataforma berriak iritsiko dira merkatura. Zer iritzi duzu burbuilaz?

Sortzaileontzat zoragarria da, lan asko egiten ari garelako. Ez dut halako garairik gogoratzen. Beste alde batetik, dena ikusi ezinik nabil. Eskaintza oso handia da, eta ez dakit burbuila lehertuko den ala ez, baina kontsumitzaileak zer plataforma nahi duen aukeratuko du. Konpetentziak erabakiko du zeintzuk gelditzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.