Albiste faltsuei aurre egiteko, kazetaritza

Mondragon Unibertsitateak desinformazioari buruzko jardunaldi bat egin du asteon, ikasleentzat. Adituek nabarmendu dute «inoiz baino beharrezkoagoa» dela kalitatezko kazetaritza egitea.

Txuskan Koteron Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoa, jardunaldian hizketan, ostegunean. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Kazetariok eta editoreok informazioak testuinguruarekin eman behar ditugu, eta propaganda kutsua kenduta». Hala uste du Txuskan Koteronek, Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoak. Desinformazioari eta albiste faltsuei buruzko jardunaldi bat egin du asteon Mondragon Unibertsitateak, komunikazio arloko adituekin, eta 46 ikaslek haiei galderak egiteko aukera izan dute. Gaia pil-pilean dago, eta hizlarien hitzetatik ondoriozta daiteke ertz asko dituela.

Lontzo Sainz EITBko Transformazio Digitaleko zuzendariak adibide praktikoak eman ditu, eta gogorarazi du pandemiaren hasieran Koronabuloak zerbitzua jarri zuela martxan irrati-telebista publikoak. Gezurrezko eduki ugari ezeztatzea ahalbidetu zien tresnak. «Gezurrak deuseztatzen eta informazio zehatza ematen saiatu gara zerbitzu horren bidez». Sainzen arabera, gizartea «infoxikatuta» dago gaur egun. «Leku askotatik iristen da informazioa: sare sozialak, mezularitza zerbitzuak, hedabideak... Horren aurrean, zaila da desberdintzea zer den sinesgarria eta zer ez. Inoiz baino gehiago, kazetaritza beharrezkoa da».

Koteronen arabera, desinformazio kanpainak herrialde ugaritan egon dira azkeneko urteetan. Kazetarien lanak «egiari» erantzun behar diola uste du. «Pandemiaren kasuan, adibidez, zientziako iturri fidagarriak erabili behar dira. Eta egungo garaia aukera bat da kalitatezko kazetaritza antidotoa izan dadin desinformazioaren eta zabor albisteen kontra».

Beste alde batetik, desinformazioaren gaiak askotariko galderak egiteko bidea eman dio Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko ikerlariari. «Zer da desinformazioa? Informazioa zerbait baldin bada, informazioari forma ematea da. Eta informazio mota bat da desinformazioa». Gaur egungo gizartean, herritar askok zer behar dute? «Berehala informatu eta posizio bat izan. Baina horrek erabaki eztabaidagarrietara eramaten gaitu askotan». Are gehiago: «Gezurrak aspalditik existitzen dira, eta indartsuak indarra erabiltzen jarraituko du».

Koteronek adibide esanguratsu bat eman du: Ameriketako Estatu Batuetan, eragin estrategikorako bulego bat sortu zuen Defentsa Ministerioak. 2001eko Irailaren 11ko erasoen ostean, agentzia bat antolatu zuen Pentagonoak, gobernuaren interesen aldeko albisteak —benetakoak edo faltsuak— nazioarteko komunikabideetan sartzeko. «Kazetarien protestek eta presioek eraman zuten bulegoa bertan behera uztera».

Landabideak argi du desinformazio kanpaina «orkestratuak» existitzen direla. «Eragin handia» dutela ere bai. Halakoei aurre egiteko, badira esperientziak. Landabideak aipatu du SOS Arrazakeriak taldeak zurrumurruen aurka landutako gida tresna egokia dela, adibidez.

Legeak herrialde askotan

Albiste faltsuen eta desinformazioaren fenomenoa dela eta, munduko herrialde askotan legeak ari dira onartzen azkenaldian. Horietako batzuk errepasatu ditu Javier Diaz Noci Bartzelonako Unibertsitate Irekiaren irakasleak. «Europako Batasunean zenbait ekinaldi daude martxan legeekin lotuak. Dena den, halako legeen aurrean, adierazpen askatasuna ere bermatu egin beharko litzateke». Ameriketako Estatu Batuetan une honetan Europara begira daudela azaldu du Diaz Nocik, albiste faltsuen gaian nondik nora jo erabakitzeko.

Sainzek HBOren dokumental bat gomendatu du gaiaz janzteko:Andrew Rossiren After Truth: Disinformation and the Cost of Fake News (Egia ostea: Desinformazioa eta albiste faltsuen kostua). Eta, hain zuzen ere, lan hori duela egun gutxi ikusi dute Mondragon Unibertsitateko ikasleek. Askotariko galderak prestatu dituzte ikasleek jardunaldiaren bigarren partean. Kezka azaldu dute, besteak beste, hedabideen manipulazioarekin, sinesgarritasunarekin, zenbait sektoreren kriminalizazioarekin eta hartzaile askok komunikabideekiko duten konfiantza faltarekin.

Etorkizunari begira, berriz, gako bat eman du Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoak: «Borrokan ari gara alfabetizazio mediatikoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.