Bernar Mandaluniz. Gai jartzailea

«Bertsolaritzak gizarte landu eta aurreratuaren alde egin izan du beti»

Duela berrogei urte baino gehiago hasi zen Mandaluniz bertso saioetako gai jartzaile lanetan. Aurrez, medikuntza ikasketak egin zituen, eta biak uztartu izan ditu erretiroa hartu duen arte. Pazienteen zein bertsozaleen gertutasuna estimutan ditu.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abenduak 2
Lauzpabost hilabete dira erretiroa hartu zuela, eta aspaldiko partez burua lasai duela dio. Hala ere, artega xamar agertu da Bernar Mandaluniz (Atxuri, Bizkaia, 1951) hitzordura: «Bi orrialde betetzeko beste bizitza izan al dut, ba, nik?». Gai jartzaile izateagatik ezagun bada ere, ofizioz sendagilea da, eta laneko medikuntzan aritu da urte luzez. 70eko hamarkadan hasi zen Mandaluniz plazaz plaza mikrofono aurrean hizlari. Ordutik, hainbat belaunalditako bertsolariak bere gidaritzapean izan ditu, eta bertsogintzak egindako bilakaeraren lekuko zuzena izan da.

Honako hau da gaia: 1950eko hamarkada da, Mungiako Atxuri auzoan zaude, mutiko bati begira. Zu zara.

Lau anai-arrebatan txikerrena naiz. Nahiko bakartia nintzen umetan, baina ez daukat denbora inoiz sobran izan dudan sentsaziorik. Gogoan dut eraikuntzak egitea gustatzen zitzaidala. Auzoa txikia da, eta baserriak elkarrengandik gertu daude; ume mordoa batzen ginen.

Zer giro jaso zenuen etxean?

Baserrian jaio ginen. Gazteena banaiz ere, ni izaten nintzen gehienbat aitari laguntzen ibiltzen zena: batetik, ganadua geneukan, eta, bestetik, ortuariak. Garai hartan, ez zen ohikoa traktorea edukitzea, baina, aitak erosi zuenean, hasieratik niri esleitu zidan. Baserrian lan handia egindakoa naiz.

Eta ama?

Ama zen ortuariak plazara eramateaz arduratzen zena. Hasieran, astoan etortzen zen, otzarak jarrita, eta, geroago, karroan. Sarri suertatzen zitzaidan laguntzea, unibertsitatean piper eginda askotan.

Baserria atzean utzi, eta unibertsitatera jotzea erabaki zenuen, medikuntza ikastera.

Ikasteari ez nion inoiz utzi. Medikuntzak zerbitzu lanbidea zelako erakartzen ninduen. Baina neure burua ez nuen ebakuntzak egiten ikusten; orratza ikustean, ikaratu ez, baina zirrara eragiten zidan.

Orduan?

Gazteak ginela, anaia nagusiak Maltako sukarra harrapatu zuen, auzoan zeuden artzainek egindako gazta jateagatik, eta hainbat injekzio jarri zizkioten. Esan daiteke berarekin hasi nintzela probak egiten [barreak].

Frankismo gorrian, unibertsitatean zinela, atxilotu egin zintuzteten. Zer gertatu zen?

68ko ondorenak ziren; frankismoari aurka egin nahian, fakultatean manifestazioak eta grebak antolatzen genituen. Halaber, batzordeak sortu genituen, eta, halako batean, batzar batean ginela, sarekada oso bat egin, eta denok pasatu behar izan genuen komisariatik. Nik hiru egun egin nituen bertan.

Epaiketa ere izan zenuten.

Hautaketa antzeko bat egin zuten, eta hainbatek epaiketara joan behar izan genuen, Madrilera. Urtebeteko zigorra jaso genuen, eta beste bi urtez egon ginen fakultatera sartu gabe.

Non eman zenituen lehen pausoak mediku gisa?

Herrietan hasi nintzen lanean, ordezkapenak egiten. Esperientziarik politenak urte horietan bizi izan nituen. Gatikan ere egon nintzen, etxetik bi kilometro eskasera. Bertako aurreko medikua erdalduna zen, ni aldiz euskalduna, eta nire aita oso ezaguna herrian probetan ibiltzen zelako. Hori horrela, herriko jendearen konfiantza osoa nuen. Estimazio hori ezin azal liteke.

Eta zer dela eta kooperatiba eta enpresetarako jauzia?

Kasualitatez izan zen. Gatikan nengoela, Bilboko enpresa batetik deitu zidaten, eta bi lanak uztartzen hasi nintzen.

Ospitaleko lana baino nahiago duzu?

Beste erritmo bat da. Fabriketan, langileen mugak eta arazoak gertutik ezagutzen dira, harremana pertsonalagoa da. Joko hori erabiltzea asko gustatu izan zait, oso emankorra iruditzen zait. 67 urterekin utzi dut, baina pozik jarraituko nuke.

Eta medikua ez bazina?

Beste aukera musikari izatea zen. Ez dut inoiz musika tresnarik jotzen ikasi, baina zaletasun handia eta belarri oso ona izan ditut betidanik.

Musikarako zaletasunak eta bertsolaritzak badute nahikoa lotura. Nola murgildu zinen bertsogintzan?

Gehienez ere 6 urte izango nituen: aitarekin lantzean behin mezara joaten nintzen Mungiara, eta, jaiak suertatzen zirenean, plazan jende mordoa biltzen zen bertsolariak entzuteko. Gizonak kantuan, elkarri esaka, publikoari barre eraginez ikusten nituen, eta ez nuen ezer ulertzen.

Zein da oroitzen duzun lehen bertso saioa?

Lehena, baina bereziena, Taket bertsolariaren omenaldia izan zen niretzat; egun, Mungiako bertso eskolak haren izena darama. Taket deitzen zioten, gerra garaitik izterra falta eta egurrezko taketa bat zuelako. Alfonso Irigoien euskaltzainak gidatu zuen saioa.

Eta zuk non egin zenuen lehen bertso saioa gai jartzaile gisa?

1976an, bertso saio erraldoi bat antolatu genuen Mungian, sekula ikusi dudan saiorik handienetakoa. Hamabi bertsolari batu ziren oholtzan; Lazkao Txiki, Azpillaga eta Lopategi, besteak beste. Frontoia mukuru bete zen, oso urduri nengoen. Abel Muniategiren laguntza izan nuen nire lehenengo bertso saioetan. Gaiak jartzeko teknikak erakutsi zizkidan.

Eredutzat al duzu Muniategi?

Bai, miresmen handia diot. Herri Gaztedi antolakuntzatik ezagutzen genuen elkar. Gogoan dut, baina, 1972. urtean fakultatean bertsolaritzaren inguruko hitzaldiak antolatu genituela, eta orduantxe piztu zitzaidala bertsolaritzarako interesa, haren azalpenei esker.

Nola sortzen dituzu gaiak?

Ariketen araberakoak izaten dira gehienetan, baina aktualitateak, eguneko gaiek, indar handia izaten du. Bestalde, gizartearen arazoak, kezkak edo ardurak erakargarriak izaten dira. Eta erreibindikazioek eta kontzientziazio prozesuek ere izaten dute pisua.

Prozesu soziopolitikoez ari zara?

Bai. Frankismoak asko markatu duen belaunaldia izan da nirea, eta, ondorioz, konpromiso handia hartu genuen.

Zein da zure inspirazio iturri?

Ohea. Gaua oso garrantzitsua da, argiago ikusten da guztia. Egunean, gizartean, zein ametsetan pasatutako gauza asko batzen dira. Bertatik irteten dira gairik sakonenak.

Zer behar du gai batek ona izateko?

Mamia. Eta mami horrek, ahal dela, egunekoa, freskoa izan behar du. Ofizioka, bestalde, eta txapelketetan gehienbat, ezinbestekoa da batak zein besteak arrazoibidea izatea.

Debekatutako gairen bat egokitu al zaizu noizbait?

Politikoki zuzena den guztia egokia da. Eta, horretarako, ezinbestekoa da bertsolariaren araberako egokitzapena. Halaber, oinarrian sentsibilitateak egon behar du.

Plazan dabiltzan bertsolarien adina aldatu den bezala, gaiei heltzeko modua ere aldatu egin da. Zeintzuk izan dira gakoak?

Miraria gertatu da bertsolaritzan. Kantaera eta bizkortasuna ez dira lehengoak izango, baina beste guztia hobea da. Dena egiten da arinago. Gaur egun, erraza da gaiak jartzea, egungo bertsolariak polifazetikoak dira: gaia edozein dela ere jakingo dute nondik jo. Bertsolariak landu duen gaitasuna ikaragarria da.

Zein litzake bilakaeraren arrakasta?

Bertsolaritzak gizarte landu eta aurreratuaren alde egin izan du beti, kontziente izan da jarraitu behar zuen bideaz, eta bilakaera horretan ezinezkoa zen gauzak hobeto egitea. Egun, Bertsozale Elkarteaz gain, ez dago beste erakunderik zazpi herrialdeetan presente dagoenik; halaber, toki bakoitzean duen indarrarekin. Gure mundu labur honetan ez zaio beste ezeri bertsolaritzari emandako garapena eman.

2012an iritsi zen final parekidea Bizkaira. Gai jartzaile aritu zinen. Nola gogoratzen duzu?

Guztiz emozionatuta. Emakumea ahaldundu izanak iraultza baten barneko iraultza sortu du. Zorte handia izan dugu: emakume talde handi bat izateaz gain, beren egoeren kontziente izan direnak eduki ditugu. Halaber, kontzientzia hori transmititzen ahalegindu dira beti. Eskubide horren falta salatu dute, eta horretan jardun dute eguneroko bizitzan, eta, batez ere, plazan.

Mungian, San Pedro jaietako bertso saioan edo, BECen, Euskal Herriko Txapelketan. Non zaude erosoago?

Herriko plaza estimatua da, sanpedroek berotasuna dute, eta girotzeko arazorik ez da egoten. Baina BECek duen estigma ikaragarria da. Bertan egin zen lehen txapelketan, finalistekin publiko arteko sarrera egitea egokitu zitzaidan. Ez nintzen ni protagonista, eta, hala ere, iruditzen zitzaidan jendea gainera zetorrela, hori zen berotasuna.

Zein bertsolarik atera die zure gaiei zuku gehien?

Gaia erabiltzen ez dago [Andoni] Egañaren parekorik. Amets [Arzallus] asko estimatzen dut, eta hizkuntzarekin jolasteko bere gaitasuna ezin da zalantzan jarri. Bestalde, durangar biak etxekoak bezala izan ditut beti: Unairen [Iturriaga] bertsokera jator, original eta apurtzaileak jenio bihurtzen du, eta Igorrek [Elortzak] askotan hunkitu nau. Bertsokera konbergentea, hurbila du. Inor ez molestatzearren isilduko litzatekeen pertsona da Igor. Eta, egun, Nerearen [Ibarzabal] bertsokera aipatu behar da, estetika berria dakar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna