Mari Mar Masedo. Arabako Artxibategiko teknikaria

«Ekarpen handia egin dezakete argazkiek; ase egiten naute»

Zaletasuna ogibide bilakatu, eta artxibategietan aritu da lanean urte luzez Masedo. Haren arabera, argazkiek badute ahalmena historia kontatzeko, baina baita bihotzera iristeko ere. Ondo ezagutzen du Arabaren eta arabarren ondarea.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Zerbaiten edo norbaiten argazkiak behar izanez gero, eta Araba badu hizpide, ez egin dudarik: Mari Mar Masedo (Rascafria, Espainia, 1960) historialaria eta artxiboetako teknikaria izan daiteke bide horretan laguntzeko pertsonarik egokienetako bat. 11 urte zituela iritsi zen Gasteizera, eta gasteiztarra da ordu geroztik, bere jatorriari eta erroei uko egiten ez dien arren. Historia eta Geografia ikasi zituen, eta, ikerketaren lerroak erakarrita, arlo horretan hasi zen lehen lanak egiten. Arabako Artxibategian ibilbide luzea du egina, eta bertan dauden argazkien boterea izan du mintzagaietako bat.

Ezkutukoa izan ohi da artxibategiko lana. Zer dela eta hasi zinen arlo honetan lanean?

Historia eta Geografia ikasi nituen. Nire ikaskide gehienek hezkuntzara bideratu zituzten ikasketa horiek, baina ni hasieratik erakarri ninduen ikerketak. Artearen historia gustuko nuen, eta kolaborazioak egiten hasi nintzen. Esate baterako, Aguraingo [Araba] gida kaleratu zenean, parte hartu nuen; hori izan zen nire lehen argitalpena, eta gerora beste batzuk etorri ziren. Gustatzen zitzaizkidan horrelako lanak, eta, horretarako, artxiboetara joan behar izaten nuen maiz.

Eta ogibide bilakatu zenuen.

Udal artxibategietan lan egiteko programa batean aritzea eskaini zidan diputazioak, transkripzio batzuk ere egin nituen, eta 2005etik Arabako Artxibategiko argazki funtsen arduraduna naiz.

Zer da lan hau zuretzat?

Eremu interesgarria iruditzen zait, eta asko gozatzen dut.

Egoerei eta gauzei beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen al dizu?

Agian beste ikuspuntu batetik ez, baina uste dut argazkilaritzak ekarpen handia egin dezakeela, eta argazkiek ulerkera ezberdinak eskain ditzaketela; ase egiten nau.

Etengabeko irakaspen bat al da?

Halaxe da. Ikastaroetan eta kongresuetan parte hartu dut argazkilaritzaz gehiago ikasteko asmoz, eta asko irakurri izan dut; beti irakurri behar da eguneratuta egoteko.

Beraz, lehenago ez zenuen asko ezagutzen argazkilaritzaren arloa.

Betidanik izan dut gustuko argazkiak ikustea, baina argazkiak ateratzeaz nire senarra arduratzen da. Maite du, eta egunero dabil kamerarekin.

Hala ere, zer lan egiten da artxibo batean?

Funts publikoak administratzen dira artxiboetan, eta, besteak beste, helburu izan behar dute ikertzaileentzat baliagarriak izatea. Dirua zertan inbertitzen den ongi begiratu behar da, tratamendua garestia baita. Beraz, funts bat artxiboetara iristean, azterketa bat egiten da, ea baliagarria den ikusteko. Onartuz gero, ikertzen ditugu formatuak, kontserbazio egoerak eta gaiak, esate baterako, eta, horren ostean, kontserbaziorako materialarekin jartzen dira, argazkiak oso delikatuak dira eta. Katalogatu, deskribatu eta digitalizatu ere egiten da, ondoren Arabadok plataformara igotzeko eta jendeak ikusteko.

Nola kontserbatzen dira argazki horiek?

Tenperatura eta hezetasun egokia duten biltegietan kontserbatu behar dira, bestela hondatu egiten baitira. Oso arduratsua izan behar da gai horrekin.

Funtsak publikoak direla adierazi duzu. Zuek joaten al zarete bila?

Hainbat bidetatik iritsi daitezke argazkiak. Erostea da horietako bat, interesatzen zaigun funts bat ikusiz gero, baina orain ez dago dirurik. Dohaintzak eta gordailua dira beste bi aukerak. Horien aldea da dohaintzak diputazioaren jabetzakoak direla eta gordailua hor dagoela denbora batez, baina oraindik familiarena dela. Hala ere, orain, normalean, gordailuan ez da ezer hartzen, tratatzeko eta kontserbatzeko materialak garestiak direlako. Arabarren ondarera pasatuko den zerbait bada, onartuko da, baina bestela ez.

Zein da funts horietako argazkirik zaharrena?

Baronatarren funtsetako bat; haietako baten erretratua. Baronatarrak Arabako errentatzailerik handienak izan ziren garai batean; denetarik zuten. Funtse hartan, argazkilari onenen argazkiak ere bazeuden, eta ez soilik Gasteizen zeudenenak, baizik eta Madrilgo eta estatuko beste toki batzuetakoak ere. Villanañeko [Araba] dorretxeko jaunak ziren, baina haien boterea karlistadekin batera hasi zen galtzen, galtzaileen alderdiarekin bat egin baitzuten. Burdinolak zituzten, eta gauza asko konfiskatu zizkieten alde horren alde egiteagatik; ordutik, ez ziren inoiz lehen zirenak izan.

Argazkilariak aipatu dituzu, eta nola ahaztu Gerardo Lopez de Gereñu. Arabar askorentzat ezaguna izango da.

Bai, ikasketaz irakaslea zen, baina argazkilaritzara zaletu zen. Manuel Iradier txangozale elkartekoekin ibili ohi zen, eta hark ateratako argazki pila bat ditugu, hala nola Arabako mendienak, ondarearenak eta ohiturenak. Schommer Kochekin batera gehien nabarmenduko nukeen argazkilaria da. Azken horrek Gasteizko ikuspegi osoa ematen du, 1920ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara arte. Are, orain beste funts bat utzi berri dute, L&P Argazkilariak, eta hori baliagarria izan daiteke Kocherenaren jarraipena egiteko; izan ere, 1980ko hamarkadatik 2019ra arteko argazkiak daude. Horrela, hiriaren bilakaera ikusi ahalko dugu maila guztietan.

Ibilbide historiko bat?

Hiriaren ikuspegi historiko bat.

Horiek guztiak gizonezkoak dira. Ba al dago emakumezkoen erreferentziarik?

Arabako funtsetan ez dugu andrazko argazkilarien lanik, baina Euskadiko ezagunena Eulalia Abaitua izan daiteke. Bilboko Euskal Museoan dago haren funtsa. XIX. mendearen erdialdean jaio zen, eta XX.aren erdialdean hil zen gutxi gorabehera. Egoera ekonomiko ona zuen familia batekoa zen. Karlistadetan, Bartzelonara joan ziren, eta, ondoren, Ingalaterrara. Han hasi zen argazkiak egiten, eta ezkontzean itzuli zen Bilbora. Batik bat ohiturak, jaiak eta tradizioak ageri dira haren argazkietan, baina interesgarria da haren erretratuetan emakumeen lanak eta jarrerak nabarmentzen direla.

Badira kameraren atzean aritu baina egiletzat ageri ez direnak ere.

Gerda Taro argazkilaria da horren adibide bat. Robert Caparekin ateratzen zituen argazkiak, baina guztiek daramate Caparen izena. Garai hartako matxismoaren ondorioa izango dela pentsatzen dut. Asko ziren ezkutuan gelditzen ziren andrazkoak. Bazen emakumezko ingeles bat ezizenarekin sinatzen zuena ere, baina inork ez zekien nor zen.

Zer botere du argazkilaritzak?

Badu boterea gogora ekartzeko, informatzeko, beste eremu batzuetara lekualdatzeko eta jada ez dauden baina gure parte diren pertsonekin elkartzeko. Historia kontatzen du, baina batez ere bihotzera iristeko ahalmena du. Esate baterako, erakusketa bat inauguratu aurreko egunean 82 urteko emakume bat etorri zen artxiboetara, argazkiak ikusteko asmoz; bisita gidatu bat egin nion azkenean, eta egindako lan guztiak merezi izan zuela pentsatu nuen, andreari sortzen zizkion emozioengatik. Ia negarrez ari zen, bateko eta besteko oroitzapenak etortzen zitzaizkiolako.

Iraganerako bidaia bat izan liteke?

Frantziako egunkari batean esan zuten, behin, argazkilaritzari esker etxetik mugitu gabe bidaiatu daitekeela. Baita iraganera ere.

Lehengoa oraingoarekin alderatzeko ere balioko dute.

Hor bada teknika bat. Gaur egungo argazki bat dago batetik, eta alboan eransten da beste bat duela urte askokoa. Lehen zegoena orain dagoenarekin alderatzen da horrela.

Eta memoria historikoa egiteko?

Noski, horrekin ez dago inolako zalantzarik. Kontuan izan behar da argazkilaritza informazio iturri historiko bat dela; oroitzapenez gain, beste garai batzuetan gertatutakoaren kontzientzia ere pizten digu. Horrek memoria historikoaren eraketan eragiten du, nahiz eta jakin beste garai batzuetan ere argazkiak manipulatu zitezkeela.

Beraz, argazkietan ere badira gezurrak.

Fotokazetaritza, esate baterako, istorio erreal eta garrantzitsu bat kontatzeko erabiltzen zen, baina, aldi batzuetan, irudi horiek manipulatu egiten zituzten, publizitate bilakatzeko. Ez zuten benetako historia kontatzen. Badut horietako bat buruan: Franco Hitlerrekin ageri da, eta, izatez une horretan nahiko bereizita baldin bazeuden ere, argazkia manipulatu eta elkarrekin jarri zituzten, askoz ere harreman estuagoa zutelako sentsazioa emateko. Beraz, jakina: argazkia dokumentu historiko bat da, baina gogoan izan behar da manipulatu daitekeela.

Ondarearen parte ere ba al dira?

Bai horixe. Arabaren eta arabarren ondarearen parte dira funts hauek. Ezagutu beharrekoak dira, eta horregatik iruditzen zait garrantzitsua zabalkundea. Hil edo bizikoa da.

Beraz, hedapena egin behar da?

Egia da harrera ona dutela artxiboek, nahiz eta trenbidearen beste aldean egon. Jendea etortzen da, eta estimatzen du. Hala ere, hedapena egin behar da, bai. Beti diot: eskura daukazuna ezagutzen ez baduzu, existituko ez balitz bezala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.