Channel 4 ere kolokan dago

BBCz gain, indartzen ari da Channel 4 telebista kate publikoa ere pribatizatzeko arriskua

Boris Johnson —eskuinean—, BBCko Andrew Marren programan, iazko abenduan. JEFF OWERS / BBC / EFE.
jakes goikoetxea
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Channel 4 telebista kate publikoak klima aldaketari buruzko eztabaida bat antolatu zuen iazko azaroan. Parte hartzekoak ziren alderdi politikoetako buruzagi nagusiak. Boris Johnson lehen ministro eta Alderdi Kontserbadoreko buruak, baina, uko egin zion. Channel 4koek, Johnsonen hutsunea betetzeko, izotzezko irudi bat jarri zuten, Europaren, Afrikaren eta Asiaren zati baten maparekin, eta azpian «Kontserbadoreak» idatzi. Berdin egin zuten Brexit alderdiko Nigel Farage-rekin («Brexit alderdia» idatzi zuten izotzezko eskulturan).

Gertaera hori baino lehen ere halaxe zeuden Johnsonen eta Channel 4 katearen arteko harremanak: izoztuta. Dorothy Byrne telebista kateko albistegietako buruak gezurti deitu zion Johnsoni iazko abuztuan. Klima aldaketari buruzko eztabaida baino lehen ere, lehen ministroak bertan behera utzi zuen aldez aurretik hitzartutako elkarrizketa bat, iazko urrian, Alderdi Kontserbadorearen konferentzian. Bere gobernuko ministroek boikota egiten diote Channel 4ri.

Eta Johnsonek ez zuen eman arrazoi zehatzik klima aldaketari buruzko eztabaidaren neurriko ekitaldi politiko batera ez joateko: «Ezin naiz leku guztietara joan». Bi aste baino ez ziren falta hauteskunde egunerako.

Ezaguna da Johnsonek BBC pribatizatzeko asmoa duela, edo, gutxienez, bai behintzat Erresuma Batuko irrati-telebista publikoaren finantzaketa modua aldatzekoa dela. Horrela, BBCk diru publiko gutxiago jasoko luke.

Baina, BBCz gain, Johnsonek Channel 4 telebista publikoa ere pribatizatu nahi du. Hala adierazi dio Johnsonen inguruko diputatu batek Sunday Express egunkariari. Diputatuaren esanetan, lehen ministroak haien arteko elkarrizketetan esan die «oso ideia ona» dela Channel 4 saltzea eta pribatizatzea.

Alderdi Kontserbadoreko ordezkariak kexatu izan dira Channel 4 eta BBC ezkerreko telebistak direla, eta brexit-aren aurka egin dutela. Bertako zenbait hedabideren arabera, diputatu kontserbadoreek iradoki izan dute Erresuma Batuan falta dela Ameriketako Estatu Batuetako Fox Newsen pareko telebista eskuindar bat. Hain zuzen ere, Channel 4 salduz gero, balizko erosle baten izena ere aipatu izan dute: Rupert Murdoch, Fox Newsen akziodun nagusia. Harenak dira Erresuma Batuko The Times eta The Sun egunkariak. Itxi egin zuen The news of the world, egunkariaren entzuketen eskandaluak bete-betean harrapatu eta gero.

2022an mendea beteko du BBCk. Mugarria izango da erakundearen historian eta etorkizuneko ibilbidean.

180 euro inguru urtero

Johnsoni kostako zaio BBC zuzenean pribatizatzea. Hala ere, kolokan jar dezake haren diru iturri nagusia: Erresuma Batuko herritarrek urtero ordaintzen dizkioten 154,50 libera esterlinak (180 euro inguru). Herritarrek ordaintzen dituzten BBCren aurrekontuaren lau eurotik hiru. Lehen ministroaren iritziz, gaur egun ez du zentzurik telebista bat horrela ordaintzeak.

Ordaintzen ez dutenek zigorra jaso dezakete: mila eurotik gorako isuna eta baita kartzela zigorra ere. Praktikan, kartzela zigorrak salbuespen neurriak dira. Lehen ministroa aztertzen ari den lehen neurrietako bat da zigortzeko aukera kentzea. Ez ordaintzea zigortzen ez bada, herritar askok ordaintzeari utz diezaiokete.

Neurri garrantzitsua BBCri ordaindu beharreko saria kentzea litzateke. Johnsonek onartu zuen aztertzen ari zela. Nahita ere, baina, oraingoz ezin du egin. Erreginaren gutun batek (Royal Charter) babesten du erakundea 2027ra arte. 2022an, baina, berrikusi egingo dute.

Ia zazpi urte falta dira, baina zenbait egunkari hasi dira bidea prestatzen, eta ohikoa da BBCren ordainsariari buruzko galdeketak egitea. Gehienetan, herritarren erdiak baino gehiago daude ordainsaria kentzearen alde.

BBCk badaki ekainetik aurrera diru gutxiago jasoko duela. Saria ordaintzetik salbuetsita zeuden 75 urtetik gorakoak lehen, eta gobernuak konpentsazio bat ordaintzen zion BBCri. Ekainetik aurrera, baina, diru sarrera apalenak dituztenak baino ez dira egongo salbuetsita. Gainerakoek ordaindu egin beharko dute. Pentsatzekoa da eztabaidak eta protestak izango direla.

Testuinguru horretan, BBCk esan du 450 langile kaleratu dituela, «diru kopuru nabarmenak aurrezteko» eta garai berrietara «egokitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.