Musika

Pandemian loratutako ahotsa

Duela bi urte piztu zuen arreta lehenengoz Dana Gavanski musikariak, 'Spring demos' lan laburrarekin, eta pandemiaren atarian atera zuen 'Yesterday is gone'.

Dana Gavanskik zinemagile izateko asmoa zuen, hasiera batean, baina musikara bideratu zuen bere sorkuntza, azkenean. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

Ezinbestean, urte berezia izan da aurtengoa, eta berezitasun horrek eragin nabarmena izan du musikan ere. Proiektuak atzeratu dira, beste batzuk azkartu, eta pandemiaren iragazkiak baldintzatuta iritsi dira ahots zahar eta berriak. Ez baita izan —aurtengoa ere— artista gazte interesgarririk gabeko urtea, nahiz eta koiunturak ez dien utzi, askotan, haien lanari beren bidea egiten. Horietako bat da Dana Gavanski, azkenaldian Londresen egonkortu den kanadar musikaria. Abuztuan argitaratu zuen bere lehenengo disko luzea (Yesterday is Gone), kantautore intimista baten trazak izan arren, poperako urratsak ere egiten dituen lan aipagarria.

 

Nomada. Hitz gutxik defini dezakete hobeki Dana Gavanskiren ibilbidea. Serbiarra zuen aita, Vancouverren (Kanada) jaio zen, Montrealera lekualdatu zen unibertsitate ikasketak egiteko orduan, New Yorken bizi izan zen garai batean, eta Londresen eta Belgraden artean mugitzen da gaur egun. Musikazaletasuna txikitatik izan zuen Gavanskik, baina bere kultur gogoak beste norabide batzuetan bideratu zituen lehendabizi, eta Montrealen zegoela erabaki zuen musikak behar zuela izan bere bizitzaren parterik garrantzitsuena: «Artearen Historiako ikasketak egiten ari nintzen, eta baita zinema ikasten ere, nire asmoa filmen munduan lanean hastea baitzen [aita, Odgen Gavanski, zinema ekoizlea du]». Montrealgo kultur bizitzak, baina, begiak ireki zizkion, eta orduan hasi zen bikotekideak etxean utzitako gitarra bat jotzen. «Gela batean eseri, eta neure burua derrigortzen nuen egunero lau, bost, sei orduz jotzera. Ez nintzen gelatik ateratzen, eta langintza hura lanbide gisa hartzen nuen. Badakit aspergarria eman dezakeela, baina niretzat inportantea izan zen. Eseri eta jo. Batzuetan, zerbait sortzen duzu; beste batzuetan, eseri, jo, eta paper batean bi hitz baino ez duzu idazten. Baina inportantea da hori ere».

Lehen sorpresa

Gavanskiren musika ez da erraz sailkatzekoa, popetik nahiz jazzetik hartzen baititu elementuak, eta baita folketik ere. Musikariak, ordea, onartu du 18 urte bete ostean ezagutu zituela orain erreferentzia nagusiak dituenak. Hain zuzen ere, adin horrekin entzun zuen aurreneko aldiz Joni Mitchellen izena. «Ez dakit zehazki nola izan zen, baina [Mitchellen] Blue-ren ale bat nuen eskuetan». Diskoa entzun, eta «zirraragarria» iruditu zitzaion. Hor, zerbait aldatu zitzaion barrenean, eta rap komertziala nahiz Christina Aguileraren musika entzuten zituen gazteak Leonard Cohen eta Neil Young herrikideen kantuetara egin zuen salto, baita Robert Wyatten musika entzutera ere.

Gavanskik 2017an kaleratu zuen bere lehenengo disko laburra, Spring Demos; izenak berak adierazten duen moduan, maketa bat ere izan zitekeena. Laguntza puntual batzuekin —klarinetea, baxua...—, Gavanskik grabatu zuen ia osorik, eta lan biluzia da, ahotsaren adierazkortasunari aparteko garrantzia ematen diona. «Nigandik ateratzen zena da disko hori. Isuri bat». Lan horrek izen txiki bat eman zion musikariari, eta, urtearen hasieran, Damien Juradorekin biran joateko aukera izan zuen. Artean, ordea, iritsi gabe zegoen pandemia Europara.

Iaz bi kantu aurreratu ondoren, Catch eta One By One, martxoan kaleratu zuen Gavanskik Yesterday is Gone, soinu aldetik bederen, Spring Demos hura oso atzean uzten duen lana. One By One-rekin hasten da, eta hasiera-hasieratik erakusten du musikariak aurreko lan haren biluztasuna gainditu nahi duela: ahots bikoiztuak, konponketa xume baina dotoreak eta pop melodia soila bezain iradokitzailea biltzen ditu, eta disko osoan Gavanskik zapalduko dituen eremuak aurreratzen ditu. Batzuetan dream-poparen bidetik joz —Everything that Bleeds—, besteetan ambient minimalistara hurbilduta —Memories of Winter—, hurrengoan gitarrak zorroztuz —Trouble— eta geroxeago iltzatuta gelditzen den pop kantu gogoangarri bat emanez —Good Instead of Bad—.

[youtube]https://youtu.be/MPEgjKLh8bM[/youtube]

Diskoa prestatzeko eta grabatzeko prozesuan, hainbat bidelagun izan ditu Gavanskik. Sam Gleasonek lagundu zion melodiekin, eta Mike Lindsayk (Tunng), berriz, soinuarekin: «Nik buruan nuen soinua lortzen lagundu dit, eta zirraragarria izan da lan hori, ikusi dudalako ekoizpen fasean egin daitekeen lan hori». Abeslariak adierazi duenez, «oinarrizko elementuetara» jo dute, «ezer puztu gabe, eta elementuei hitz egiten utziz».

Wyatten bidetik

Diskoa martxoan kaleratu zuten, eta berehala utzi behar izan zituen hura zuzenean aurkezteko asmoak. «Diskoa garai estrainioetan atera zen mundura», adierazi du penaz Gavanskik. «Inoiz ez nuen pentsatuko ezingo nuela kontzerturik eman hura aurkezteko, baina onartu egin behar izan nuen».

Gauzak horrela, miresten dituen musikariekin «loturak» indartzeko modua ikusi zuen orduan kantariak, eta baita bere musika ibilbidea beste musikari batzuen kantuekin islatzekoa ere. Hala, abuztuan EP bat argitaratu zuen, Wind Songs, zeinak beste horrenbeste kanturen bost bertsio biltzen baititu. King Crimsonen I Talk to The Wind-ekin batera —horrek ematen dio izenburua diskoari—, besteak beste, Robert Wyatten —At Last I'm Free—, Judee Sillen —The Kiss— eta Tim Hardinen —Never Too Far— piezak nahiz mazedoniar kantu tradizional bat —Jano Mome— bildu ditu lan horretan. Orain, ikusi egin beharko da pandemiaren osteko haizea aldekoago izango ote duen.

[youtube]https://youtu.be/_vtBdTY5zu4[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.