Ahomentan

KATU JENDEA

Nobela baterako trama: noiz edo noiz Euskal Herritik ihes egiteko behar saihetsezina sentitu duten bi idazlek topo egiten dute Getariako portuan. Edo Portoko ibai bazterrean. Feministak dira biak ala biak. Amaia Lasa eta Danele Sarriugarte. Elkarren bila. Elkarrekin sortzen.

Amaia Lasa Alegria eta Danele Sarriugarte Mochales, Getariako kaleetan (Gipuzkoa). ARGAZKIAK: JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Getaria
2015eko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Aireari oxigenoa hozka atera beharrean Danele Sarriugarte, ilea motz-motz egin berri. Izerditan hala ere. Zer da, bada, bero hau! Getariako portuan. Kazetariaren autotik atera da, Amaia Lasaren lanak ezagutu zituenekoak kontatzen. «Gertukoa» sentitu zuela bien arteko alde guztien gainetik. Eta itsasotik datorren haize freskoaren laztana zangoetan, eskaileretan gora.

Elkanoren estatua parean. Amaia Lasa ezkaratzean, argazkilariaren kamerari begira. Aspaldi ikusi gabeko lagunak balira bezala besarkatu dira. «Danele, ari naiz zure Erraiak irakurtzen», Amaia poetak. Sarriugartek poemak irakurriak dizkiola badaki Lasak. Argazkiak kalean, tunelaren ahoko zuloan, banaka, binaka, «gero atera beharko dugu bat denok elkarrekin».

Etxe barrura, pareta eta sofa azal-zuri artera, ispilu batek, Carlos Zabala Arrastalu-ren koadro urdinak, liburuz erditutako apalek eta leihoak osatzen duten laukiaren freskotasunera. Arnasa. Haizagailua txokoan, mahai txikia erdian. Txokolate ontzak, freskagarriak, ura. Urduritasunez zipriztinduta. Eta joko proposamena: beraiek protagonista izango diren liburu bat asmatu, liburu horren abiapuntua, generoa, zeharkako pertsonaiak, atalak, korapiloak, gatazkak, klimaxa adostu behar dituzte. Hau ez da elkarrizketa bat. Hau jokoz beteriko solas-jolas bat da. Sortze prozesu bat. Aurrera.

Hitzaurrea

Lehen oharra: Lasari A eta Sarriugarteri D deitzeko lizentzia hartuko du kazetariak. Haiek ez dakite. Arduratuago daude elkarrekin idatziko dutenaren generoa zehazten.

Nobela bat izango da. Kito. Idazle-protagonista biak bat datoz. Lehen nobela luke hau Lasak. Bigarrena Sarriugartek. Abiapuntua finkatzea ezinbesteko lana dute. Kanpoan, kanpoan behar duela, biek ezagutzen duten nonbait.

A: Lisboan, esaterako? Ni parke batean nago. Lisboa ondo ezagutzen duzu?

D: Ondo ez. Porto hobeto ezagutzen dut.

A: Baina parke bat egongo da Lisboan. Eta zuhaitz bat. Ni han nago, negarrez, jo eta ke, maitasun kontuengatik. Hori nire espezialitate samarra da eta. Barre egiten dut, baina negar ere bai. Orduan, parkean paseoan zabiltza...

D: ...eta ikusi egiten zaitut. Zu zu zara, gainera: Amaia Lasa. Badakit nor zaren. Negar batean ikusten zaitut, eta zugana noa. «Amaia, zer gertatzen zaizu? Halako naiz, eta goazen kafe bat eta azukrea hartzera».

A: Hobeto Portora aldatzea, ardoa hobea da eta.

D: Porton erreka bazterreko banku batean eserita ikus zaitzaket. Hor ezagutuko dugu elkar guk biok, eta hortik sortuko da gure elkarlana. Hori izan daiteke liburuaren hitzaurrea. Liburua, ordea, beste zerbait izango da.

A: Baina guk liburua idatzi nahi dugu ala draman sartuta gaude? Gu pertsonaiak gara.

D: Pertsonaiak gara, bai, baina trama aproposa sortu dugu abiapuntu gisa. Guk Porton ezagutu dugu elkar; joan gara norabait,eseri eta elkarrekin hitz egitera. Amaia, zuk xukatu dituzu zure malkoak.

A: Bueno, baina errealitatea ez da ni tipo batek utzi nauela [barre algarak]. Nik utzi dut, akaso? [pausa] Beti guk uzten ala utzarazten ditugu? [pausa berriz] Berdin du; mina hor geratzen da beti. Eta zuk Porton zer eduki duzu?

D: Ni Euskal Herrira bueltatu ala ez erabaki ezinean nago, Euskal Herrian denak kontserbadore nazkagarri batzuk iruditzen zaizkidalako. Berez ez naiz Porton bizi; oporretara joan naiz hara. Donostiako Parte Zaharretik Egiara aldatzea erabaki nuen hasieran, baina balkoira irten eta Harkaitz Cano ikusi nuenean konturatu nintzen ez zela nahikoa. Kazetariekin nazkatuta nengoen... sormen krisi bat neukan...

A: ...hain gazte eta sormen krisiarekin?

D: Paniko eszenikoarekin, lehen nobelaren arrakastak sortutako espektatibekin, eta Portugalera joan naiz, ikustera Euskal Herria ez dela dena eta ez dela hain inportantea inoiz jendeak zer pentsatzen duen Euskal Herrian.

- I -

Zergatik ihes

(Txokolate gehien jan eta lata gehien hustu den atala, zalantzarik gabe. Ihes egin beharra sentitzeraino larritzea zer den. Beti hasieratik hasi beharrak zenbateraino nekatzen duen. Fikziotik errealitate berdaderorako jauzia)

A: Nik ere bidaiatu izan dut, bai. Ni ere nazkatu nintzen neurri batean Euskal Herriarekin. Hirugarren poema liburua, hau da, Nere paradisuetan idatzi eta gero gertatu zitzaidan. Banuen halako nezesidade bat inork ez ezagutzekoa... New Yorkera joan nintzen.

Garai batean, hamar urtetik behin izaten nuen beharra hemendik irtetekoa, baina egia da poliki-poliki ohitu egiten zarela. Ni Getarian nahiko libre sentitu naiz, bost axola izan zaizkidalako gauza asko eta asko. Bestela, ez da posible ez idaztea ez argitaratzea. Izaera kontu bat da. Ez zait gustatzen erridikulua egitea, ez zait gustatzen gauzak gaizki egitea, baina egiten baduzu, bada, ez da drama bat. Ez da paralizantea.

D: Nik nahiko lotsa gutxi izan dut seguruak zitzaizkidan esparruetan, nolabait esatearren: herrian, eskolan... Esparru hori zabaltzen joan denean, beste egokitze lan bat egin behar izan dut. Kanpoan egoteak, liburu bakarraren arabera neurtzen ez zaituen jendearekin egoteak... asko laguntzen dizu erlatibizatzen.

A: Lehen nioenaren harira, nik pentsatzen nuen inor ezin zela hainbeste kezkatu inortaz, ez nitaz eta ez besteez. Gero, zegoena ezagutu nuenean, nahiko harrituta gelditu nintzen pertsona moduan. Horregatik, Danele, harrigarria egiten zait zu Portora etortzea pixka bat erreta Euskal Herriarekin. Zure eta nire garaiak oso desberdinak dira, eta pentsatzen dut orain Euskal Herria zabalagoa, irekiagoa dela. Bada irekiagoa nolabait, ez?

D: Bai, baina nahi genukeen baino polikiago doa. Gauza batzuk errotik aldatzea oso zaila da. Pixka bat modulatzen joan dira. Zuri esan zizkizuten gauza asko niri ezin dizkidate esan politikoki ez delako batere zuzena, norbaitek kontuak eskatuko lizkiekeelako. Hori eraldatu egiten da: ez da desagertzen. Pentsamendu kontserbadoreaz ari naiz.

A: Nik uste dut orain libreago garela idazteko ere. Nik gizonak maite ditut. Bueno, gizonekin maitemintzen naiz. Egia da, aldi berean, haiek direla gure kritikariak, zentzurik txarrenean. Baina denak ez dira horrelakoak, ala?

D: Ez, ez, ez. Horregatik, zaila da niretzat horri buruz hitz egitea, garai hura ez nuelako ezagutu. Irakurtzen dudanagatik eta emakume helduagoekin hitz egindakoagatik, nik ikusten dut orduko gauza batzuk beste modu batzuetan sartzen direla orain. Idatzita dago Amaia Lasak ekarri zuela emakumea literaturara, eta nik liburua atera nuenean, nahiz eta nire aurretik lan oparoa duten emakume idazleak egon, tradizio edo belaunaldi hori ez balitz bezala hitz egin izan dute batzuek.

A: Hori emakumeak garelako da, daramagun borroka prozesu horretan badaudelako aurrerapenak eta atzerapenak.

D: Bai, bai, bai, horregatik diot, nahiz eta garaiak oso diferenteak izan, gauza batzuk oraindik atzean daudela. Liburu bat idazten duzu, eta kolektibo oso baten ordezkari bazina bezala tratatzen zaituzte. Emakumearen egoerari buruz galdetzen dizute, esaterako, ea presioa sentitzen duzun. Pentsatzen dut Maialen Lujanbiori ere antzeko zerbait gertatu zaiola bertsotan.

A: Bueno, Maialen Lujanbioren kasuan, bera izan da bertsolaritzan lehendabizikoa, ez oholtza gainera igotzen igual, baina bai hor aurrean egoten.

D: Bai, baina hemendik bi belaunaldira beste emakume batek txapela janzten duen egunean, emakumeen ordezkari balitz bezala galdetuko diote berriz ere, seguruenik. Mutil batek irabazten duenean ez diote hitz egiten historia aldiro berriz hasiko balitz bezala.

A: Baina zerbait berri egiten baduzu, ohikoa ez den zerbait, hori gerta daiteke. Zuk ere zerbait berria ukitu duzu nonbait.

D: Baina inork ez ditu Amaia Lasaren bilobak aipatzen, Gabriel Arestik hamaika dauzkanean. Ez da genealogiarik finkatzen.

A: Nik esan nahi dudana da alde desberdinak egon daitezkeela. Bateko, emakumea zarelako; besteko, zerbait berri egiten duzulako.

D: Bai, eta nik zure testu batzuetan ikusten ditut gauza batzuk guk oraindik askapen prozesuan erabiltzen eta ulertzen ditugun terminoetan. Oraindik balio didate zure lanek. Eta zure tonua ez zen batere barkamena eta baimena eskatzekoa, eta hori niretzat maxima bat da, mantra bat. Beste belaunaldi batekoak gara, noski, baina oso erraz lot daitezke gureak zurekin. Batzuek ez dute lerro hori ikusten, eta aurrekariak bagenituen, bai militante feminista gisa, bai idazle gisa. Inork ez du loturarik egin zure eta nire artean, eta nik argi eta garbi ikusiko nuke.

A: Hori ere ez al da izango oraingoz euskal literaturan emakumezko nobelagile gutxi zaudetelako?

D: Ez dakit. Baina, kasu horretan, nik uste dut salto egin behar litzatekeela idazle horien pentsamendura, ez genero literario jakin batera.

A: Bueno, honek puskatu egiten digu idazten ari garen nobelaren haria [barreak], baina, egia esan, zure liburua irakurtzean Gasteizko alde zaharreko giroa, bizimodua, oso ezagunak egin zaizkit.

D: Ez da belaunaldi kontua bakarrik: badago giro kontua ere. Anari kexatu izan da emakumeak emakumeekin bakarrik parekatzen dituztelako, baina kasu honetan badauka zentzua. Bukowski beti aipatzen didate, eta oso ondo, baina pentsamendu aldetik... niretzat, askoz errazagoa da ikusten lotura Amaia Lasarekin. Eta [Bilboko] Alondegian ezagutu zintudanean, are gehiago...

A: Egia, han ezagutu genuen elkar berez.

- II -

A, pudorea!

(Hari narratiboa berreskuratzeko saioa. Protagonista bakoitza bere zirkunstantziekin, motxila disko, liburu eta ereduz beteta. Bertako eta kanpoko klasikoak, Pantera Beltzak, Anari, Albinoni, egile feministak... Guztien arrastoak sumatuko dira nobelan. New York)

A: Mariama Baren Hain gutun luzea ari naiz irakurtzen orain. Ederra da. Literaturan, poesia leitzen dut edozein hizkuntzatan, baina saiakera gehiago.

D: Ni oso nobela irakurlea naiz. Bazterreko egileak gustatzen zaizkit. Klasikoak ere irakurri izan ditut. Eta egile feministak, oso garaikideak, Itziar Ziga, Virginie Despentes eta beste. Euskarazko literaturan gauza asko dago, eta oso ondo datozkit hizkuntza aldetik ere, baina lan punkagoak irakurtzea gustatzen zait tarteka, eta halakoak ez daude hainbeste euskaraz. Lydia Lunch estatubatuarraren Paradoxia asko gustatu zait, esaterako. Oso zikina da; New Yorken kokatuta dago. Halakoak New Yorken gerta daitezke, hemen ez hainbeste.

A: Baina hemen edozein gauza gerta liteke!

D: Bai, baina gero, pudoreak jota, jendeak ez du ezer kontatzen.

A: A, Pudorea! Punk esan duzu lehen.

D: Jarreraz ari nintzen, makarra izateaz, gauzak gordin esateaz, pudore eta dekororik ezaz.

A: Nik beti asko irakurri izan dut. Corin Tellado ere bai, etortzen bazen. Ia 19 urtera arte, batez ere XIX. gizaldiko nobela: Balzac, Dostoievski, Tolstoi... Anaia bat Parisera joan zen, eta Sartre, Camus eta horiek ekartzen hasi zen. Hasiera batean, horien eragina handia izan nuen. Eta liburu feministak ere asko leitzen nituen. Angela Davis, esaterako, asko. Assata Shakur ere oso interesgarria da. Pantera Beltzak biak.

D: Bai, Kuban bizi da Shakur, eta Kuba eta AEBak hurbiltzen hasi direnean, batzuek eskatu dute haren estradizioa, AEBetako terrorista bilatuenen zerrendan dagoelako.

A: Muntatze bat egin zuten hura kondenatzeko. Pantera Beltzak borroka armatuarekin bakarrik lotuta erakutsi izan dizkigute, baina eskola eta janaria ematen ere aritu ziren. Oso pobreak zirelako. Eta antzera segitzen dute.

D: Soinu banda orain. Anari aipatuko nuke.

A: Nik, musika klasikoa eta jazza asko. Eta beti gustatu izan zait asko pertsona bere gitarrarekin: Brassens, Mercedes Sosa... Nik gauza sinpleak nahiago ditut. Eta Albinoniren Adagioa... nik umea egiteko hura eduki izan banu, ederra aldea! Nik Nikaraguan eduki nuen umeetako bat.

D: Nikaraguaraino ailegatu gara nobelarekin, aizu!

A: Egia! Garai hartan internazionalista asko zegoen han. Hala deitzen ziguten behintzat. Eta orain, azken finean, Venezuelan gauza berbera egiten ari dira: boterea hartu dute, sozialismo batera doaz... Nikaragua sinpatiarekin ikusten zen, eta kristorenak esaten dituzte haien aurka. Zu joan al zara inoiz Latinoamerikara, Danele? Portotik norabait jo beharko dugu elkarrekin. New Yorkera, aurrena?

D: Ez naiz sekula egon Latinoamerikan. Eta bai, joango gara New Yorkera. Konplot bat antolatzera?

A: Bale! Baina politikoa ez, amodio estilokoa! Interesgarriagoak iruditzen zaizkit maitasun iskanbila horiek.

D: Nire belaunaldikook, feminista gisa egin dugun bideagatik ere bai, errezelo gehiago dugu, maitasun erromantikoarekin. Konplota antolatzean maitasuna gakoa bada, arazoak sor daitezke gure artean.

A: Gizon berarekin maitemintzen ginela ari nintzen irudikatzen.

D: Ni saiatzen naiz jeloskorra ez izaten. Zerbaitek min ematen badit, hitz egiten saiatzen naiz.

A: Bai, bai, hori hobe da. Gaitasun hori ere irabazi egin da.

D: Hala ere, biok haserretu egiten gara, baina erabakitzen dugu gure arteko harremana hirugarren hori baino inportanteagoa dela.

A: Oso manipulatuta sentitzen gara.

D: Ez zuen gorrotagarria ematen, baina txar-txarra da, izan ere, gizon hori. [barreak]

- III -

Bi(k)ografiak

(Txokolate guztia janda, freskagarri denak edanda, eta ur botila erdi hutsa. Errealitatea fikzioa irensten tematuta dago. Emakume jaiotzeak beren jardunean izan duen eraginaz luze aritzeko, terminologia eta adjektiboak zehazteko, kritika esperientziak trukatzeko gogoa daukate idazle biek. Gero eta ugariagoak diren lan erdi biografikoen tankera hartzen ari da nobela. Bi(k)ografikoa izango ote da azkenean?)

A: Nire lehen poemei buruz esan zuten onartezinak zirela. Anaiarekin batera argitaratutako lanei buruz, nireak «okerrenak» zirela... Eskandalu bat izan zen. Orain, ezin da halakorik esan.

D: Baina oso nabarmena da oraindik ere batzuek oso gogor hartzen dituztela emakumeen lanak, emakumearenak izate hutsagatik. Eta horietako batzuk ez dira konturatu ere egiten horregatik denik. Inor arrazista ez den bezala, inor ez da matxista, baina gero mamua agertu egiten da. Desikasten ibili behar dugu beti.

A: Emakumeek ere bai. Eta etiketei buruz hitz egiten hasita, nik onartzen dut gure literatura «emakumeena» izatea. Baztertutako talde batekoak garenez gero, gure literaturak baditu ezaugarri bereizgarriak.

D: Arazoa da «literatura femeninoaz» mintzo direnean, askotan, samurtasunarekin lotzen dutela. Niri esan izan didate nire liburua literatura femeninotik aldentzen dela, ez delako samurra. Emakume batek samurra izan nahi badu, bestalde, ez dauka zertan barkamena eskatu horregatik ere.

A: Zuk ba al dakizu Corin Tellado nork irakurtzen zuen? Latinoamerikako idazle onek, Cortazarrek eta. Pentsatzen zuten Corin Tellado gizon bat zela. Sexu aldetik nahiko agerikoa zelako. Eta horretan ez, horretan emakume edo gizonezko izateak ez dauka garrantzirik. Diferentzia ez nuke hor ikusiko. Bizitza esperientziez ari naiz, jasandako bazterketak eta borrokak eragindakoez.

D: Gaien aukeraketan eta tratamenduan ikusiko da hori, bai. Eta baita literatur generoen aukeraketan ere. Zenbait genero lantzeko, emakume gehienek eduki ez dituzten baldintzak behar dira.

Ni ez naiz gaur egun «emakumezko eta gizonezko literatura» banatzeko moduaren aldekoa. Uste dut ikusgarritasuna batzuetan eman behar dela, baina beste teknika batzuen bitartez.

A: Literatura egiten saiatu behar duzu.

D: Baina bigarren mailako bilakatzea saihesten saiatuz.

A: Idazten hasten zarenean, ez zara hasten pentsatzen andrea naiz, halako taldekoa... Naturalki sortzen hasten zara, eta kito.

D: Euskararen kontua ere badago. Ni ez nintzen euskaraz idazten hasi hizkuntza salbatzeko.

A: Ni, alde horretatik, bai. Gure garaian askoz gutxiago idazten zen euskaraz. Hezia eta eskolatua izan naiz espainolez, eta garai batean espainola askoz hobeto menderatzen nuen idazteko euskara baino. Hautu politiko bat izan zen. Hizkuntza hispanikoak hartu nituen unibertsitatean ere, barruan euskara zegoelako. Euskal kulturagatik nahiko baldintzatuak izan gara. Ez naiz damutzen. Aukeratu egin behar izan genuen.

D: Nire hautuak ez zekarren erantzukizun maila bera. Nik ez nion neure buruari galdetu zein hizkuntzatan idatzi behar nuen. Natural atera zen euskaraz egitea. Nire hautua feminismoa izan da gehiago. Nire belaunaldiko gauza batzuk ordezkatu beharraren pisua gehiago sentitu izan dut.

A: Nik bai, nik neure buruari galdetu eta erantzun nion euskaraz egin behar nuela. Eta akordatzen naiz Juan San Martinekin, nola ibili zen emakume bila antologia baterako. Hala argitaratu nituen nire lanak lehen aldiz. Baionan egin genuen euskal idazleen batzar bat, eta ni emakume bakarra nintzen. Arestiren lehenengo harrera ere ona izan zen. Mezu bat bidali zidan [barre txikiak]: idazten segitzeko. Baina idazle onartua izateko... denbora askoz gehiago behar izan da. Ni 17 urterekin hasi nintzen idazten, eta 66 ditut. Ez dut gauza pertsonal gisa esaten, orokorrean baizik.

Gogoan daukat nola geunden behin hiru idazle. Beste biak gizonak. Sartreri buruz, idazleek idazten hasi aurretik zeuzkaten maniei buruz ari ziren hitz egiten; eta ni han nengoen, eta nik ere idazten nuen, baina nik ez nuen nahikoa kategoria, nonbait, horretaz hitz egiteko. Gauza horiek horrela ziren. Nik uste dut feminismoaren bultzada, emakumeen bultzada gehiago izan dela, gizonen gizartearen onarpena baino, honaino ekarri gaituena.

D: Horretan nabarmena da gu bion arteko aldea. Gauza asko gertatu dira. Amaiarenaz gain, nire aurretik egon da beste belaunaldi bat ere, arrakasta eduki duena baina egurra jaso duena idazketa jakin bat zerabilelako, ez zelako engaiatzen ez dakit zerekin... Errespetua irabazi dute, baina egurra jaso dute horiek ere, eta ni ailegatu naizenerako gauzak orekatuago zeuden. Beste batzuei partitu zieten egurra. Niri beste zerbait gorde zidaten.

A: Beti dago zerbait gordeta. Esan nahi dudana da zain daudela ematen duela. Eta, noski, egiten ditugu akatsak. Malintxearen gerizpean lanak akats dezente ditu, onartzen dut, baina hortik jo eta txikitzeko artikulu bat idaztera... Hori da onartzen ez dudana: kritika txikitzailea.

D: Nik uste dut emakume eta feministen lana ezinbestekoa dela beste irakurketa batzuk proposatzeko. Nire kasuan ere bai. Nire liburuaren pasarte batzuk bakarrik hartu dituzte zenbaitetan, beste batzuez nabarmen paso eginez. Gaur egun, oso nabarmena litzateke horrelako kritika suntsitzailea argitaratzea, hala ere. Baina ezin da pentsatu horrekin bukatu dela.

A: Ez, ez, ez! Gizarte patriarkal baten barruan gaude.

D: Baliteke alde batetik posea egotea, feminismoaren onarpenaren inguruan; baina, nire ustez, gauza batzuk txertatu dira benetan. Eragina eduki du. Autokritika batzuk egon dira ildo horretan.

A: Nire garaitik hona, feminismoa ere eraldatzen joan da. Orain, tesi aldetik lan gehiago dago, buru lan gehiago. Hori errealitate bat da. Ezin da ukatu. Aizu, eta New Yorken... maitalea baino gehiago, borroka hau antola dezakegu, ez?

D: Bai. Angela Davis eta horiek denak bertan egongo dira. Mintegiren batera-edo joan gaitezke.

A: Beti sartuko dira zuri matxistaren batzuk, hala ere. Eta beltz matxistak ere egongo dira.

D: Angela Davisek-eta egin duten ekarpenaren indarrik handiena, hain zuzen ere, arraza bazterketari sexu bazterketa eranstea izan da.

A:Women, Race and Class saiakera on-on-ona da, aizue! Euskarara ekarri gabe dagoela uste dut.

D: Niri diru pixka bat ematen badidazue, hori egin bitartean bizitzeko lain, egingo dut.

A: Eta nola egin dezakegu? Liburu funtsezkoa da.

D: Kolektiboki itzultzea ondo legoke, gainera.

- IV -

Katemeak

(Nobelaren klimaxa. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea. New Yorken. Euskal Herrian ere bai, hippy mugimendutik punk arora, jarrera ez desberdinekin hala ere. Klandestinitatea).

D: Amaia, zeu ere punk samarra izan zara.

A: 17 urte nituenean, zerbait gertatu zen jada. Mezetara joatea sakratua zen orduan. Pakita Arregi-eta ezagutuko dituzue. Haiek moja sekularren tankerakoak ziren, Agirretxe fraileak sortutako talde batean. Pentsio bat sortu zuten irakasle ikasten ari ginenentzat, Donostian. Ikastoletan lan egin ahal izateko prestatzen ari ginen. Zabaleta kalean geunden, eta igande batean erabaki nuen ez nintzela mezetara joango. Han egon nintzen ni ohean, «orain hiltzen banaiz, bekatu mortalean hilko naiz» pentsatzen. Nola bizi izan dugun guk erlijioa! Barren-barrenetik. Txiki-txikitandik. Interna eraman ninduten ni Donostiara, aizu. Gero idatzi nituenak idazteko.

D: Horretaz, jarrera makarraz ari nintzen punk izatea aipatu dudanean.

A: Guk hippysmoarekin lotzen genuen haustura hori.

D: Hippyena ere pentsamendu moduan mugimendu erradikala izan zen, hori egia da.

A: New Yorken izan zen hasiera. Greenwich auzoan. Oso mugimendu fuertea izan zen. Desagertuak eta dena izan ziren, eta gu ez gara enteratu ezertaz. Kapitalismoak absorbitu egin zuen, beste asko bezala. Mugimendu aurrerakoia izan zen. Vietnamgo gerraren kontra egin zuten... Aizu, New Yorken Villagera joango gara. Han garagardo asko dago. Edo nahiago zenuen portoa?

D: Ez, garagardoa nahiago.

A: Villagera goazen orduan. Gu lagun hurkoak gara dagoeneko, idazleak ere bai, eta gure idazle izate hori aldarrikatu behar dugu. Asko kostatzen da.

D: Bai. Gu idazle ezagunak emakume izate hutsagatik garela esaten digute; Alarde kontuak-eta zuritzeko Euskal Herriak bidali duen ordezkaritza besterik ez garela. [algarak] Gurea benetako literatura ez dela uste dute han.

A: Eta han arazorik izango ez genuelakoan joan gara gu New Yorkera, Euskal Herrian genituenak atzean uztekotan! Azken finean, denean daude arazoak. Han oso potenteak dira feministak, ordea. Benetan, gainera.

D: Eta bat egiten dugu haiekin.

A: Erabat. Gorila komandoekin!

D: Guerrilla Girlsekin! Haiek Estatu Batuetako arte munduarekin egin zuten antzera egingo dugu guk euskal literaturarekin. Salaketa ekintzak egingo ditugu. Horretarako, han entrenatuko gara. Gerrillariak errekrutatzen hasiko gara gero. [barreak] Denetik behar da. Gozotasuna ere bai.

A: New Yorken bizi behar dugu puska batez.

D: Animalia bat ere aukeratu beharko dugu. Oilarra?

A: Ez, ez, ez! Beste klase bateko animalia behar du. Erasokorra ez, baina ausarta. Katua? Argi katuarekin, e, miaa. Katemeak, beraz.

D: Bibotea ere badauka, gainera. Queer ere bada.

A: Edozein mementotan egiten dizute jauzi.

D: Zein ekintza egin genezake?

A: Benetako katuak eramango ditugu Durangoko Azokara.

D: Gure istorioaren barruan, gure liburu hau panfleto bat izan daiteke Euskal Herriko beste kateme posibleei gure borrokara batu daitezen deitzeko. [barre]

A: Baina Baionara etorriko gara lehenik.

D: Bai. Katemeon entrenamendu esparrua bertan egon daiteke. Baionan egingo dugu lehen bilkura, klandestinitatean, panfletoa banatu ostean.

A: Gu kanpoan egon garen tartean, gainera, emakume borrokak eraginda boterea galtzen ari direla ikusita, gizonak benetako aurpegia erakusten hasi dira, emakumeak akabatzen, erreakzio moduan. Egia esan, dagoeneko gertatzen ari da.

D: Katemeak horren kontra antolatuko gara. Baionako bilkuran erabakiko dugu gure lehendabiziko ekintza zein izango den. Durangoko Azokan egingo dugu.

A: Jauzi polita. Txukundu dugu trama.

D: Egia esan, gauzatu egin behar litzatekeela uste dut. Horrexegatik, hemen bukatu behar dugu liburua. Hemendik aurrerakoak ezkutuan egitekoak dira, ezin dira esan denen aurrean. Baionako hitzorduarena ere, akaso, ez da erabat egia izango. BERRIA irakurtzen ari den inork ez dezala zapuztu ekimena [barreak].

Hitzatzekoa

Bi ordutik gorako solasaldiaren ostean, grabagailua itzali da. Izenburua adostekotan geratu dira. Klandestinitatean. Kanpoan, bero lamadak uxatu ditu iparretik datorren haizeak. Parean dagoen ikurrinak salatzen du haizearen norakoa. «Ikurrin hori da gure manometroa», dio Lasak.

Egongelako mahai ertz batean geratu da Maksim Gorkiren Los EX hombres, lanaren 1972ko gaztelerazko edizio batean. 40 pesetas. Agur etxe zuriari. Agur Lasaren familiako argazkien artean ageri ziren Rosa Luxemburgi eta Malcolm X-i.

Eskailerak jaitsi. Portuan utzitako autora sartu, irratia piztu. San Martzial eguna Irunen normal ospatu dutela esan du esatariak. Erantsi ere egin du Jose Antonio Santano alkateak ez diola harrerarik egin alarde parekideari. Besteari bai, tradizio duenez. «Azkenean ez dugu argazkirik atera elkarrekin». Sarriugartek, Getaria-Lisboa-Porto-New York-Baiona-Durango bidaia itxiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.