Ahomentan

ORAINALDIAREN IRAGANETIK

Mahats aleak nola, memoria hala: alez ale hartu, zukutu, mamurtu eta irentsi. Ardo txarrak nola, ahanzturak hala: zurrutadaz zurrutada barrenak ozpindu. Julen Kalzadak nola, Jose Mari Esparzak hala: iraganaren orainaldia aldarrikatu.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Julen Kalzadaren 80 urteak, antiojo ilunak babes, eraikin gorri arteko plaza zeharkatzen. Eguerdi beteko eguzkia. Ardo zuria, gazta eta urdaiazpiko mokadua taberna atarian. «Non zaudete?», Jose Mari Esparza telefonotik. Berehala datorrela. Berehala etorri da. Eta bere etxera.

Mahatsondoko aleak ia erabat beteak paretaren kontra. Oliba platerkada bat. Ardo zuri galegoa. Kantoi batean, ate gainean, Franco diktadorearen buru zuri bat lepotik zintzarria duela. Eta hasi dira memoria aleak, ate-joka.

«Ezin bortizkiago jardun behar da etsaia ahalik eta azkarrena menderatzeko. [...] Jakina, preso sartuko dira mugimenduarekin bat ez datozen alderdi politiko, elkarte eta sindikatuetako buruzagi guztiak, eta zigor zentzagarriak ezarriko zaizkie».

(Emilio Mola jeneralaren 1. agindu ezkutua, 1936ko maiatzaren 25ean)

JULEN KALZADA: Gernika bonbardatu eta handik gutxira Bermeora frankistak igaro zirenean, gure herriko familia askok, ikaraturik, ihes egin zuten baserri eta etxeetatik —ni neu ere eraman ninduten—. Udalean aukeratuta egon zirenek ihes egin zuten —gure aitak eta bere koinatuak Deriora—. Bermeora heldu zirenerako, frankistak jabetu ziren Busturiko Udalaz. Berehala hasi ziren Molaren aginduak betetzen.

JOSE MARI ESPARZA: Nire familiakoak, aldiz, beste aldean geratu ziren, Nafarroan. Aitonak UGT ingurukoak ziren, baina gerrak zahar harrapatu zituen, eta gure aita, berriz, gazteegi, eta haren anaia bat karlistekin joan zen. Osaba bat, Benito Tudela Zabalegi, Gipuzkoa aldean ibiltzen zen, eta Larrañaga batailoian sartu zen. Harrapatu eta fusilatu egin zuten. Nire kasuan, bi aldeetakoak izan ziren. Horregatik esaten dut gerra zibila izan zela, nafarrak elkarren kontra aritu zirelako.

J.K.: Hori Nafarroatik kanpo ere gertatu zen. Bilbo erori zenean, ekainaren 19an, gure aita eta osabak etxera etorri ziren, beraiek ezer ez zutelako egin. EAJko zinegotzi izatea zen haien delitu bakarra. Ekainaren 29an, meza nagusitik irtetean, guardia zibilak eta Busturiko bi nerabe omen zeuzkan zain aitak. Nerabeek esan omen zieten guardia zibilei zein zen. Busturian atxilotu zituzten bederatzi lagunetatik sei Derioko kanposantuan fusilatu zituzten. Tartean, gure aita eta osaba. Busturian ere baziren frankistak.

J.M.E.: Nafarroan, sententziarekin, oso jende gutxi hil zuten. Eta 3.000tik gora pertsona dira hildakoak. Gure etxean hitz egiten zen gerrari buruz. Ni editore baldin banaiz, nire aitona-amonekin asko hitz egin nuelako naiz. Ni harritzen nintzen esaten zidatenean halako emakumeri senarra hil ziotela, hango gizonari aita garbitu ziotela... Tafallan 40tik gora hil zituzten. Hortik hasi nintzen begiratzen, galdetzen, bilatzen eta herri aldizkari batean idazten horri buruz. 1970eko urteetan izan zen.

J.K.: Gure etxean, aitari buruz ez da gauza handirik esan. Gehienera ere, abuela Erromaldak hitz egiten zuen. Hark beti zioen Etxebarri Atzekook «fortunaren biharamunean jaioak» ginela. Izan ere, I. Mundu Gerran alemanek jaurtitako obusak hil zuen abuelaren suhi bat, Ingalaterratik Kubara zeraman ontzia jota. Horrela geratu zen Etxebarri Atze prakadunik gabe, eta seme gazteenari deitu zion Erromualdak, Doroteori, baserriaren buru egin zedin. Doroteo gure aita zen, eta hala etorri zen Kubatik. Handik gutxira ezkondu zen gure amarekin —Leona zuen izena—. Semea eta suhi bat eraman zizkioten abuelari, eta abuztuaren 5ean biak [eskuarekin egin du keinua, fusileko katua sakatzekoa].

J.M.E.: Hori 1937an?

J.K.: Bai.

J.M.E.: Nafarroan ere abuztua ikaragarria izan zen, baina 1936koa.

«Gure arbasoen Jainkoaganako maitasunak armak eskuan jarri du Espainia erdia. [...] Konta ezazu zenbat milaka akabatu dituzten, doilorki, oraindik gorrien esku dauden lurretan. Horretan epela da zure katolizismoa, Agirre jauna».

(Isidro Gomak —Vatikanoaren ordezkari gorena Espainian— 1937ko urtarrilean Jose Antonio Agirreri idatzitako gutun irekia)

J.K.: Gure aita-eta hil zituztenean, ez zieten utzi senideei elizkizunak egiten, eta 30 urte egon ziren egin gabe. Ostera, eskolatik eroaten gintuzten gu elizara urtero, eta han bibaka eta «¡Caídos por Dios y por España, presentes!»-ka aritzen ginen. Denok eramaten gintuzten haiei gorazarre egitera.

Eta Goma kardinala aspaldi hilda egon arren —Franco bezala—, oraindik asko ez dela, gerra hartan frankisten aldean hildako elizgizonak —uste dut mojarik ez zegoela— «beato» egin ditu oraingo aita santuak.

J.M.E.: Haiek irabazi zuten eta inposatu zuten eredu ekonomiko bat, eskuindar eta eliza mota bat. Baina aitortu behar da abertzaletasunak ekarri zuela Euskal Herrira eskuindar izateko modu demokratiko bat, eta horren ondorio da EAJ eta, horren inguruan, eliza ez-faxista bat. Ezberdintasun hori gogoratu egin behar dugu. Espainiako gerra eskuinaren eta ezkerraren arteko borroka bat izan zen, baina Katalunian eta Euskal Herrian badu bestelako osagai bat, eta hori aitortu behar diogu beti EAJri. Estatu kolpea jo zutenean, gure Manuel Irujo Gipuzkoako gobernadorearengana joan zen, Errepublikaren alde zeudela esaten. Horrek meritu historikoa dauka. EAJri gauza asko esan ahal zaio, beraz, baina faxista denik ez. Hori Euskal Herriaren onerako da. Harro nago halako herri batean bizitzeaz. Hemengo karlismoa bera ere ez da faxista izan. Gerra irabazi zuten, baina faxismoarekin berehala apurtu zuten. Gerra bukatu bezain laster hasi ziren muturrekoka, eta banandu ziren. Oso adierazgarria da: hemen erreketeek irabazi zuten eta, aldi berean, desagertu ziren. Etxera joan ziren, lotsatuta; ez zuten ezer esan nahi gerrari buruz, eta ondoren ikusi dugu: errekete gehien atera ziren herrietako askotan, ezker abertzaleak agintzen du.

J.K.: EAJrena esan duzunean, gogora etorri zait eskolan geundela, Axpen, beti kantatzen genuela «cara al sol con la camisa nueva...» [kantuan, ozen], baina eskola orduetatik kanpo mutil gazte batek erakusten zigula —luzetxoa da, baina entzungo duzue—, hauxe: «No canteís cara al sol por vuestro escudo,/ pues no llevaís la ley de Dios./ Su ley es piedad y misericordia,/ la vuestra ley feroz./ Si el gran partido nacionalista/ tuvo el error de unirse con los rojos,/ defendió su religión,/ dando culto y adoración./ Si tú crees que no es así,/ la sangre del fértil lo afirma así./ Volverán banderas euskotarras/ que aquí esperamos con amor/ ya que hoy los vascos sucumbidos/ bajo el yugo volverán./ Volverá a reír la primavera/ pues los vascos así lo esperan./ Gora Euskadi askatuta,/ Jaungoikua eta Legezaharra!» [Cara al sol doinuarekin kantatu du, eta azken esaldian Esparza gehitu zaio].

J.M.E.: Aizu, grabazioa jaso eta ikasi behar dut hori! Ez nuen ezagutzen. Nafarroan bada kontu bitxi bat: Falange berri-berria zen, eta herrietako gorri guztiak behartuta joan ziren han izen ematera, fusilamenduari ihes egiteko. Nafarroako Falangeak ez zuen bandarik. Karlistek, berriz, bai. Falangistek eurena nahi, eta banda osatzea erabaki zuten. Tafallako batek kontatu zidan behin, Iratxeta zuen abizena, denak zirela ezkerrekoak han, baita zuzendaria ere, eta gerra garaian toki guztietara joaten zirela. Eta jeneralen bat-edo etortzen zenean, jotzen hasi aurretik, zuzendariak beti esaten zuela «vamos a tocar lo de siempre para estos hijos de...», eta tantxa-tantxa-tatantxa-tanta-tantxa hasten zirela Espainia frankistaren ereserkia jotzen [Espainiako egungo ereserkia], esaldia bukatzeko denborarik hartu gabe. Edozein izanik ere egoera, umorearen, musikaren eta ahal denaren bitartez, erresistentzia pizten da askotan.

J.K.: Nik 4 urte nituela, Busturiko itsuaren alabarengana eramaten ninduten ikastera. Eta 6 urte egin nituenean, Altamirako eskolara eraman ninduten. Hirugarren urtean, Axpera etorri zen maistra euskaldun bat, eta amak harengana bidali ninduen. Urte bat baino ez zuen egin bertan, ordea, eta Bigoterre deitzen zioten erdaldun bat etorri zen. Hark eramaten gintuen elizara Cara al sol saioetara. Bigoterre izan zen eskola frankistaren benetako zaindari bakarra. Hura etorri eta gutxira bete nituen 11 urte, eta gonak jantzita eskapatu nintzen.

J.M.E.: Seminariora joan zinen, egia da.

J.K.: Gure etxean prakaduntxo bat baino ez zen. Abuela Erromualda, ama, lehengusina, arreba bi... mutil bakarra ni. Baserriko nagusia izatekoa nintzen. Eta abade joan! Abuelak esan zuen: «Prakaduntxo bakarra etxean eta horixe gonak janzten!».

J.M.E.: Zuk ere ederra egin zenuen! [barre txikiak] Oraindik apaiz al zara, Julen?

J.K.: Ez dakit! Ez diet uzteko baimenik eskatu [barrea]. Aspaldi utzi zioten abadeen artean hilero partitzen duten dirua niri bidaltzeari.

J.M.E.: Nik eskolapioetan ikasi nuen. Nahiko lasaia izan zen eskola garaia. Jazarpenaren liburua egin genuenean, hildakoen eta fusilatuen mapa ageri zen, batetik —Iruñetik beherantz batez ere, hor izan zirelako lurraren jabetzaren inguruko gatazka gehienak—; eta maisu-maistren jazarpenarena, bestetik, oso bestelakoa. Mapa hori orekatuta ageri da herrialde guztietan. Hezkuntzaren jazarpena zientifikoa izan zen oso. Bestea ere bai, baina eskolakoak eremu osoa hartu zuen.

«Emakume guztien bizia ez da, haiek simulatzen —edo disimulatzen— dutena simulatzen —edo disimulatzen— dutela, nori men egin aurkitzeko desira amaigabea baino».

(Frankismoan emakumeak 'hezteaz' arduratzen zen Seccion Femeninako 'Medina' kazeta, 1944ko abuztuaren 13an)

J.K.: Busturian sei alargun geratu ziren denbora gutxian. Zazpigarren emakume bati Ezkabako gotorlekuan hil zitzaion gizona. Bizitza eta umeak aurrera atera behar izan zituzten denek. Gure amak berak egin behar izaten zituen soroko eta ortuko lanak. Berak zaindu behar izaten zituen kortako ganaduak. Bera joaten zen Bermeoko plazara generoa dirutzen. Abuela Erromaldak 75 urte zituen ni jaio nintzenean. Gure ama hainbat urtetan izan zen etxekoandrea, ugazabandrea, enpresako langilea, ume zaintzailea eta gainerako guztia.

J.M.E.: Argazkietan oso argi ikusten da emakumearen rolaren bilakaera. Zuk 1920ko urteetako argazkiak hartzen dituzu, eta gona guztiek belaunetatik behera dauzkate barrenak hartuta. Errepublika urteetan, berriz, gonak moztu egin ziren. Ez hori bakarrik: ikastetxeetan mutilekin batera ikasten hasi ziren, dibortzio eskubidea lortu zuten, abortuaz hitz egiten hasi zen... Frankismoarekin, gonak berriz luzatu ziren.

J.K.: Gure aitari, hil eta gero ere, isunak ipini zizkioten, eta haiek gure amak ordaindu behar izaten zituen. Gure etxean gari soro handi bat izaten zen urtero. Gari-jotak egiten ziren, baina gurean gari irinarekin egindako ogirik sekula ere ez da jan. Halako batean jakin nuen garia Abastosek eramaten zuela. Soro handi bat gari.

J.M.E.: Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua egin genuenean, oso zaila zen emakumeen errepresioa neurtzea. Ezagutu genituen fusilatutako emakumeak, ile mozketa publikoak, isunak eta beste, baina gehienok gizonak ginen, eta joan zaitez alargun edo alaba batengana zer egin zioten galdetzera. Ikusten zen bazela hor atzean sexu jazarpen bat, sekula kontatu ez dena eta sekula kontatuko ez dena. Falangekoek halakori esan ziotela besteko egiten uzten bazioten senidea edo laguna bizirik utziko zutela eta antzekoak. Badira kasu batzuk. Eta umiliazio asko. Oso zaila da hori azaleratzea. Artean bizirik zeudela ez genuen lortu; orain ia ezinezkoa da.

J.K.: Baina hori geratuko da.

J.M.E.: La sima liburuan, emakume bat da protagonista: Juana Josefa Goñi Sagardia. Euskal Herri osoan ez zen gertatu hari gertatutako izugarrikeria. Ezta Espainiako estatu guztian ere. Legarreako leize zulora bota zuten, sei seme-alabekin batera. Haurdun zegoen. Herri eskuindar eta fededun batean bizi zen. Herrikoek bota zuten hara. Emakume oso ederra omen zen. Lapurreta txikiren bat ere leporatu zioten. Haren hilketaren inguruko txostenean ageri dira horiek denak. Baita apaizak oso begikoa ez zuela ere. Baina horrek guztiak ez zuen balio halako krimena azaltzeko. Irrazionala zen erabat. Gero jakin dugu, ahizpa eta amarekin batera, emakume hura markatuta zegoela herrian sorginkeria kontuengatik. Gauza irrazional bat ondoen azaltzeko modua esplikazio irrazional bat da: baliteke Juana Josefa Goñi izatea Euskal Herrian justiziatutako azken sorgina.

J.K.: Izugarria da. Eta normala, frankistak Jainkoaren alde borrokatu baitziren eta Vatikanoak oraindik ez baitu onartu apaiz izateko gaitasuna dutenik —Elizak Trentoko Kontzilioan [1545 eta 1563 bitartean] erabaki arren emakumeek ere gizasemeek bezala arima dutela— ; frankisten gizartean, etxekoandre finak eta senarraren esaneko eta zerbitzari zintzo izan behar zuten andreek.

J.M.E.: Trenton erabaki zen arimaren hori?

J.K.: Bai. Eta, orain, zientzialariek esaten dute gizonok ez daukagula arimarik.

J.M.E.: Nik uste dut arimarik ez daukaten bakarrak apezak direla. Gotzainak-eta [barreak].

J.K.: Ni ere apaiz egin nintzen, eta kartzelara eraman ninduten. Derioko seminarioan egon ginen itxita [1968ko azaroaren 4an 60 bat elizgizon itxi ziren bertan]. Vatikanoari eskatzen genion Francorekin-eta apurtzeko eta gauzak konpontzeko. Errepresioa itzela zen. Bilboko gotzaina, [Pablo] Gurpide, gu hara sartu eta egun gutxira hil zen, eta prentsak esan zuen Derion geundenok hil genuela. Gurpideren lanak egiteko, Jose Maria Zirarda aukeratu zuten; Santanderko gotzaina zen orduan. Estatuaren jokabidea epaitzeko bera zegoela esan zigun Zirardak, eta hala atera ginen. Ez zuen ezer esaten, baina, eta guk esan genion berak esaten ez zuena geuk esango genuela. Orduan etorri zen Bilboko gotzaitegiko gose greba. 1969ko maiatzaren 30ean izan zen. Hurrengo goizean etorri zitzaigun Zirarda, eta esan zigun gu ginela «la rama desgajada de la iglesia». Hirugarren egunean, polizia etxera eraman gintuzten. Astebetera bidali gintuzten Zamorako abadeentzako kartzelara [Espainia]. Han geundela, Burgosko Prozesuan sartu ninduten. Epaiketa hura ezkutuan egin nahi zuen erregimenak, eta Konkordatuak zioen abade bat auzipetua egonik epaiketa ateak itxita egin behar zela. [Miguel] Castells abokatuak prestatu zidan agiria epaiketa ateak irekita egitea eskatzeko. Sinatu egin nuen.

«Espainia bakarra, handia eta librea gailendu da. [...] Hemen, ez hitzarmenik eta ez hil ondorengo esker onik, baizik eta Gerra lege gogor, biril eta gupidagabea. Batzuek irabazi egin dute, eta besteek galdu, bai horixe».

(Bilboko alkate Jose Maria Areilza, 1937ko uztailaren 8an)

J.M.E.: Bilboko Coliseo Albiako Areilzaren soflama horrek gogora ekarri dit gerra karlista bukatzean, 1876an, gauza bera esan zuela Somorrostron Espainiako errege Alfontso XII.ak. «Fundada por vuestro heroísmo la unidad constitucional de España» aipatu zuen borboitarrak Somorrostron, eta hurrengo asteetan hasi ziren eztabaidatzen foruak kendu ala ez. Orduan ere esaten zuten «Mundu Berriari» bere legeak eman zizkion Gaztelako bandera zela gurtu beharrekoa. Areilzak gauza bera esaten zuen, eta 2015ean gauza bera esaten du Rajoyk: «ETAk armak entregatzea ez da nahikoa. Kontaketaren bataila irabazi behar da». Alfontso XII.ak esan zuenak segida du Areilzaren esanetan, eta Areilzak esandakoak Mariano Rajoyrenetan. Estatuaren boza dira hirurak.

J.K.: Nik ez daukat, bada, garaitua izateko sentsaziorik. Denbora pasatu beharko da. Denean, haien jokabidea berdina da, baina itxurak desberdinak egin behar dituzte. Gure aita hil zuten, baina ez nintzen sentitu bereziki jazarria ondoren. Markatuta geunden herrian, onerako. Amak ez zuen ordaindu nire karrera. Aurkitu zituen bideak, ez ordaintzeko.

J.M.E.: Eskerrak eman behar dizkiozu erregimenari [barre txiki ironikoarekin].

J.K.: Erregimenari baino gehiago, Elizari. Horrela egin ginen abade.

J.M.E.: Nafarroan planteamendua alderantziz da. Nafarroa 36ko gerrako garaileetakoa zen. Hemen kostatu zitzaigun jakitea nortzuk ziren abertzale, nortzuk ezkerrekoak, nortzuk fusilatuak... Aldi berean, Nafarroan hasieratik hasi zen karlisten eta falangisten arteko sesioa, lehen esan dudan bezala. Horregatik agian, hemen topo egin zuten berehala gerrako jazarriek garaileekin. Nafarroan frankismoaren aurkako mugimendua izugarria izan zen, Franco hil aurretik. 1951n, Nafarroan lehendabiziko greba orokorra egin zuten, Iruñean. Elkartu ziren gerra garaian erreprimituak, abertzaleak eta karlistak. Bitxia da.

J.K.: Ni Herri Gaztediko kide egin nintzen, eta Iurretan nengoen, abade, lehen aldiz atxilotu nindutenean. Eibartik deitu zidaten, hitzaldi bat eman nezan. Gipuzkoara sartu bezain pronto, alto eman ziguten. Salbuespen egoera ezarria zegoen. Errege egunean, Martuteneko kartzelara eraman ninduten. Hirugarren egunera, Zirarda etorri zitzaidan bila. Bere autoan ekarri ninduen Iurretara, txofer eta guzti. Arrosarioa errezatzen egin genuen bidea denok: ni txoferraren ondoan eserita, Zirarda atzean [barreak].

J.M.E.: Hori duela 10-15 urte gertatu balitzaizu, arrosarioa irentsaraziko zizuketen; eta kakatan atera arte itxaron eta berriro irentsarazi! [barreak]

«Zin dagit, Jainkoaren izenean eta ebanjelio santuen gainean, beteko eta betearaziko ditudala erresumaren lege funtsezkoak, eta leial izango natzaiela Mugimendu Nazionalaren oinarriei».

(Juan Carlos Borboikoaren zina, Espainiako errege eta estatuburu bihurtzean, 1975eko azaroaren 22an)

J.K.: Gogoan dut, Francoren azkenetan, Zamorako kartzelan geundela, nola etortzen zitzaigun egunero Paco Garcia Salve, abade presoa hura ere, telebista ikustetik: «¡Se mantienen las coordenadas!» esaka. Francok bizirik segitzen zuela, alegia, ofizialki.

J.M.E.: Ni CCOOn nengoen frankismoaren azken urteetan, Luzuriaga fabrikan. Sekulako indarra eta mugimendua zegoen. Hogei urte egin nituen han. Greba orokor asko egin genuen. Oso intentsoa izan zen. Baina ez hainbeste. Nik uste dut asko mistifikatu dela, eta askoz fuerteagoak eta gogorragoak izan zirela ondorengo urteak. Isunak oso gutxi ziren. Sententziak ere... Burgoskoei heriotza zigorra eskatzen zieten, baina etakide izateagatik bizpahiru urte egiten zituen jendeak barruan.

J.M.E.: Francok, gerra bukatutakoan, jende asko garbitu zuen, baita bizi guztiko kartzela zigorrak ezarri ere, baina azken horietako gehienak azkar samar atera ziren. Gero ezagutu dugunak ez du zerikusirik horrekin.

J.K.: «Demokrazia organikoa» deitzen zitzaion Francorenari, eta, gaur egun, «demokrazia organizatura» pasatu gara, eta ondo antolatura, gainera. Francok bere ondorengoa aukeratu zuen. Francok izan zituen eskumenak eman zizkion «demokrazia organizatuak» haren ondorengoari; Francok eta bere jarraitzaileek egindako guztiak amnistiatu zituen. Komunikabideak bere alde jarri zituen; eta bere helburuen alde ez zeudenak epaileen aginduz zarratu. Bere gustuko ez diren alderdi politikoak ere epaileen aginduz desagerrarazi dituzte. Eta egiten dituzten basakeriak ezkutatu edo beharrezkotzat jo. «Demokrazia organikoan», gutxienez, argi zegoen demokraziatik oso gutxi zeukala, diktadura hutsa zela.

J.M.E.:  Trantsizioan ezagutu ditugu BVE, Triple A, GAL... Estatuak ez zuen hainbeste erabili aurreko hiru hamarkadetan. Ez zuen behar. Borboitarrari Pelelea deitzen genion. Baita El Breve ere. Eta 30 urte egin zituen boterean... Eskuinak ez du meriturik horretan. Espainiako ezkerrak —PSOEk eta PCEk— zabalik utzi zieten bidea frankismoaren jarraitzaileei.

J.K.: Nik espero dut Argentinako kereilatik zerbait etortzea. Bestela, ez nuke bertan parte hartuko. Baina itxaron beharko dugu, Espainian aldaketa gertatu arte. Nik ikusi egingo dut.

J.M.E.: Nik ere zail ikusten dut Argentinako kereilatik-eta ezer etortzea. Laurogei urte pasatu dira 36ko gerra hasi zenetik. Hura hasterako, 60 urte pasatuak ziren aurreko gerra karlistatik, eta jendeak orrialde hura pasatuta zeukan jada. Orain jende mordoa ari da frankismoa ikertzen. Uste dut Espainiako eta Euskal Herriko ezkerretan badagoela korronte bat, ordukoak berreskuratzeko gehiago, oraingoak jasotzeko baino. Denak berreskuratzea da kontua. Batzuei gustatzen zaie hezurrak pilatzea, eta terrorismoa hemen 1977tik aurrera hasi zela esatea. Are gehiago esango nuke: badago jendea 1936ko errepresioa erabiltzen duena gaur egungoa estaltzeko. Hor dago memoria taldeen borroka. Ez da onartzen soka bat dagoenik. Eta badago.

J.K.: Zeuk esan duzu: gerra karlisten orrialdea 36ko gerrarekin pasatu zuten. 36ko gerra, Francoren eta frankismoaren kirtenkeria guztiak ezkutatzeko, ETA darabilte orain. Hemen indarkeria politikoa ETArekin hasi zela sinetsarazteko lanean ari dira.

J.M.E.: Nik alderantziz planteatuko nuke. Guk [Jose Maria] Jimeno Juriorekin lehendabiziko liburua atera genuenean, gerra-frankismo-trantsizio-orainaldia lotura, kate hori, oso garbi zegoen. Orain alderantziz da: ordukoekin oraingoa estali nahi dute. Francok 40 urtez eduki zituen isilik 36ko gerrako kontuak. Baina azken 40 urteotan nork estali ditu? Espainiako Konstituzioari baietza eman ziotenek! Abertzaleak izan ziren bakarrak hori mugitzen. Hezurrak baino gehiago, hezur horiek mamitu zituzten pertsonen ideiak berreskuratzea interesatzen zait. Hori da giltza. Zergatik ez da esaten Fronte Popularra Euskal Herriaren batasunaren alde zegoela, Guardia Zibila desagertzearen alde zegoela, monarkiaren eta Elizaren kontrakoa zela? Hipokrisia ikaragarria dago gaur egun memoria gaiarekin. Hezurrak nahi dituzte, baina ideiak aipatzen dituzun orduko, «abertzaleen esku-sartzea» eta antzekoak esaten hasten dira.

J.K.: Baina hori aurrekoak ahanzteko egiten dute. Hezurrak goratzen eta gezurrak esaten ari dira. 1960tik hona ETAk egindako borroka ari dira aitzakia gisa erabiltzen. Zuk zenioen ideia eta errepresio soka hori, eta soka horren ondorioak, ez da lortu oraingoz behar bezala azaleratzea.

J.M.E.: Argentinan, adibidez, hori oso ondo definitu zuten. Maiatzeko Plazako amek, hezurrak baino, nahiago zuten beren hildakoen ideiak berreskuratu. Hezurrak berreskuratzeak, hiletak eta plakak, badu kristau kutsu bat.

J.K.: Nire ustez, hautu hori ez da erlijio kontua soilik. Gainera, orain hor dago DNA ere, eta horrek ere hainbat aurrerapen ekarri ditu. Dena dela, garrantzitsua da haien ideia politikoen berri izatea eta ikustea nolako jendea izan den bakoitza, altruista eta aurrelaria ala berekoia eta atzerakoia. Batak bestea ez du kentzen.

J.M.E.: Egia da jende askok behar duela zerbait, bizitza guztian bilaketan aritu ondoren.

J.K.: Mayor Oreja ez al da zure teoriarekin bat egiten duena, Jose Mari, garai haren ikerketa historialarien esku uzteko eskatuz? ETAren biktimak iragana ez diren neurri berean, neu ere ez naiz iragana. Ni orain bizi naiz.

J.M.E.: Ez du zentzurik orduko memoria berreskuratzeak, egungoa ulertzeko balioko ez badu. Nik hori argi geratzea nahi dut.

J.K.: Balioko du, baina, ez izan dudarik. Kontaketaren borrokak iraungo du, baina irabaziko dugu.

J.M.E.: Gure historia zatitu nahi dute. 1977tik atzerakoak ahantzaraztea eta hortik aurrerako guztiaren errua ETAk duela finkatu. Baina hori guztia XX. mende hasieratik datorren prozesu batean kokatzen da. XX. mende hasieran, borroka sozialaren paradigma aldatu egin zen, eta sozialismoa, komunismoa, anarkismo berria sortu ziren. 1917-1918ko mugimenduei erantzunez, Primo de Riveraren diktadura etorri zen; II. Errepublikari erantzunez, Molaren Bandoa eta 40 urteko frankismoa; trantsizioa heldu zenean, gerra zikina, ZEN Plana, Nafarroaren zatiketa eta beste. Parametro beretan gaude: justizia soziala eta nazio askapena. Horregatik, 1977tik abiatutako analisi guztiek tranpa egiten digute. Pakete osoa aztertzen ez badugu, ez du balio.

J.K.: Naziak —galtzaileak— berehala epaitu zituzten egin zituzten basakeriengatik, eta ondo egina. Baina Estatu Batuetakoek Japonian bonba atomikoekin egin zituzten sarraskiak inork inoiz ez ditu epaitu. Ezta aliatuek Europan —adibidez, Hungarian—egindakoak ere, Gernikakoarekin ondo parekatu daitezkeenak. Horiek ekintza paregabetzat saldu ziren, eta oraindik saltzen dira.

Franco ere garaile atera zen, eta garaileei ematen zaien tratamendua eman zaio orain arte. Pauso handi bat da garaile izan den bati, batez ere giza eskubideen kontra jokatu badu, kontuak eskatzea eta merezi duen zigorra ematea, beranduegi bada ere. Eta, alderantziz, galtzaile izan denari, eskubideen alde borrokatu baldin bada, ahalegin hori goraipatu behar zaiola uste dut, gizateriaren alde jokatu duelako.

«Zer gertatu zen kontatzea: horixe izango litzateke iragana egiaz 'gainditzea', gaindi daitekeen neurrian».

(Hannah Arendt)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.