PISTAREN BUELTAN KATEATUTA

Txirrindularitza eta atletismoa uztartzen ditu pistak; Leire Olaberria eta Mikel Odriozola Donostiako belodromoak. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak zeuzkaten begiz jota biek, baina kronometroak urrundu ditu azken lau urteotako helburu bakarretik. Buruak baretu die ezina.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2016ko uztailak 17
Iluna dauka belodromoak eskailera azpian. Iraganari keinuka, kazetariaren gidari lanak egin dituzte Leire Olaberriak eta Mikel Odriozolak. Pistari begira gelditu dira biak. Atletismokoari lehenengo; txirrindularitzakoari gero. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoen bidegurutzean trabatuta gelditu dira biak. Bi postuk utzi dute ikaztegietarra hirugarren jokorik gabe; eta Miguel Angel Lopez espainiarrak ibilketako 20 kilometrokoari 50 kilometrokoa gehitu izanak errenteriarra laugarren aldiz gozatua hartzeko aukerarik gabe —ordezko gisa dago, eta hilaren 23an argituko diote azken unean joango den edo ez—.

Sartu eta belodromoari begira-begira jarri zarete biok. Zenbat ordu hemen, zenbat barre, zenbat negar, zenbat izerdi...

MIKEL ODRIOZOLA: Bai... Nik 27 urte pasatu ditut hemen; hasi nintzenetik gaur arte. Belodromoa bazegoen ordurako, baina Anoeta estadioa ez. Hemen igaro dut nire bizitzaren erdia, eta oso oroitzapen onak dauzkat, nahiz eta txar batzuk ere badauden tartean. Lagunak, familia... honen inguruan bizi izan dut egunerokoa, eta leku hunkigarria da niretzat. Semea ere hementxe hasi zen lehen pausoak ematen eta lehen korrikaldiak egiten, eta horrek are indar handiagoa eman dio inguru honi.

LEIRE OLABERRIA: Nik ere bizitza erdia baino gehiago igaro dut hemen; atleta gisa lehenengo, eta txirrindulari gisa gero. Bizikleta gainean gehiago sufritu izan dut, neguan hotz handia egiten duelako hemen, eta oso baldintza gogorrak jasan izan ditugulako. Baina azken urteotan aldatu egin dut prestatzailea, eta atzerrian egin izan ditut prestaketa lanak. Ordu eta oroitzapen asko daude belodromo honen atzean.

Euskadiko Sei Orduena zer zen, denboraldi guztiko hutsunearen erdian argi printza txiki bat?

L. O.: Bai... Egun desberdina zen urteko gainerako egunen aldean.

M. O.: Lehen urte haietan oso pil-pilean zeuden Sei Orduak, nahiz eta pixkanaka itzaliz joan ziren. Baina kirol munduan erreferentzia gisa hor egongo dira beti belodromoa eta Sei Orduak.

Abuztuaren 5ean hasiko dira Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak. Tristura, amorrua... Zer sentitzen da, Leire?

L. O.: Hasieran, emozio guztiak izaten dira asimilazio fase horretan, baina une honetan badakit inoizko omnium probarik gogorrena ikusiko dudala, eta gertutik jarraitzen ari naiz aurkarien prestaketa guztia. Sekulako ikusmina daukat zer-nolako maila emateko gai diren ikusteko. Rioko belodromoa bera ere, arazo asko izan dituzten arren, markak egiteko oso aproposa izango dela ematen du, eta nire kasuan, behintzat, jokoak hasteko irrikan nago.

M. O.: Nire kasuan, kirol ibilbidea ondo amaitzea zen asmoa. Udan arazoak eduki izan ditut beti jokoetarako sailkatzeko, baina aurten bazirudien ondo bideratuta geneukala dena. Hori zen apustua: azken jokoak izatea. Ahalik eta ondoen egin dut prestakuntza: kontzentrazioak, Hegoafrikarako bidaia, Sierra Nevadan entrenamenduak... Baina, oso gutxigatik bada ere, ordezko gisa gelditu naiz azkenean. Espainiako Txapelketan eguraldiak ez zigun askorik lagundu, haize bolada handiak izan genituen, eta minutu bakarrak utzi ninduen kanpoan. Baina ahal izan dudan guztia egin dut, eta harro nago azken urtea ona izan delako, azken pausoa falta izan zaidan arren.

«Ezezaguna zait gorputz hau». 2012an hala adierazi zenuen Londresen, Leire, omnium proba 13. postuan amaitu berritan.

L. O.: Oso sentsazio txarrak eduki nituen, eta urtea bera ere halakoa izan zen. Sailkatzeko ez nuen izan arazorik, eta dominen lehian sartzea zen obsesioa edo helburua. Baina denborarekin jabetu ginen ez genuela egin dominen lehian sartzeko adinako prestaketarik. Horrez gain, nire maila fisikoa ere ez zen izan onena. Erabat garratza izan zen momentu hura, baina lau urteotako motibaziorik indartsuena izan da aldi berean, ez nuelako nahi oroitzapen gisa momentu hura gelditzerik. Baina, tira, horrelakoa da patua, eta sailkapenean okertu egin ziren gauzak.

Mikel, zuk ere txikituta amaitu zenuen Londresen. 42. postuan, 4.02.48ko denborarekin.

M. O.: Urtea ez zen izan oso ona, eta sailkatzeko arazoak izan nituen. Prestakuntzan ere ikusi genuen ez geundela oso fin, eta, azkenean, zure lekuan jartzen zaitu asfaltoak. Oso maila altua izan zen Londresen, baina oso sentsazio txarrak izan nituen nik. Hala ere, urtea joan zen bezala joanda, baloratu beharrekoa da han egote hutsa, nahiz eta ez genuen lortu nahi genuen emaitzarik.

Horrelakoetan zer egiten da ez etsitzeko?

L. O.: Lanean diharduzun bitartean oso presente izaten duzu helburua lor dezakezula baina, zer edo zer okertuz gero, bidean geratuko zarela. Heldutasuna behar izaten da, norberak badakielako edozer gauza gertatuz gero ateak itxi egingo direla. Horrek ez du esan nahi emaitza txarra denean une gogorrak eta zailak igaroko ez dituzunik. Baina ni beti saiatu izan naiz prestatzaile onak eta egokiak aukeratzen, eta kolpeak jasotakoan ingurukoek beti edukitzen dute esaldi edo hausnarketa egokiren bat gordeta gauzak onartzen laguntzeko. Momentu txarrek, askotan, lagundu egiten dute lorpenei garrantzia ematen.

M. O.: Goi mailako kirolari batentzat garrantzitsuena izaten da onartzea batzuetan emaitzak lortuko dituzula eta beste batzuetan bidean geldituko zarela. Muga-mugan zaudenean, familiarengandik aparte, entrenatzen eta egurrean zabiltzanean, gogorra izaten da apustu hori. Baina horixe da azken batean: apustua. Eta askotan ehunenekoen baitan egoten da dominaren eta laugarren postuaren arteko langa. Beti onartu behar izaten da egoera, baina, noski, ez da erraza izaten.

Lau urte igarota, kirolaria prest egoten al da beste kolpe bat hartzeko?

L. O.: Bai... Goi mailako kirolariak intentsitate handiko emozioak bizi izaten ditu; egun batean dena ondo ateratzen da, eta gizarteak zeruraino igotzen zaitu. Eta okertzean beheraino eramaten zaitu. Norberak jakin behar izaten du pertsona eta kirolari gisa garaipenei eta porrotei balio berbera ematen. Hori ere ikasi egiten da. Hasieran polita oso polita izaten da, eta garratza oso garratza. Baina azken podiumetan, adibidez, nolabaiteko tristura sentitzen nuen bertatik jaistean, pozak jada ez zirelako hain poz, baina gauzak nahi bezala ateratzen ez zirenean ere jada ez nintzelako hain lur-jota sentitzen. Beti jakin izan dut gorputz eta arima lan egin izan dudala baina munduan talentu handiko kirolariak daudela.

M. O.: Nire kasuan, 1998an Europako Txapelketan lortutako laugarren postuarekin bazirudien balentria harrigarriak egingo nituela; hurrengo urtean zen Munduko Txapelketa. Oso erraza ematen zuen denak. Baina pixkanaka gauzak aldatzen joan ziren: 2002an Europako Txapelketan deskalifikatu egin ninduten estadioan sartu baino pixka bat lehenago, domina eskuetan neukanean, eta horrek irakatsi zidan ordura arte egindakoa baloratzen. Baina hainbeste gustatzen zait egiten dudana, emaitza txarren bat lortuta ere beti pentsatzen dut hurrengoan pauso bat gehiago eman ahal izango dudala.

L. O.: Zure gorputza eta burua gainditzeko nahi hori gailentzen da beti. Marka bat hobetuz gero, pentsa daiteke hor dagoela norberaren muga. Baina muga pixka bat urrunago dagoela pentsatzen du beti kirolariak. Hori gabe, ez duzu egingo bide luzerik. Ezinbestekoa da hobetzeko grina hori. Gaur egun, gainera, dauzkagun baliabideekin, ia dena da neurgarria. Beti ibiltzen gara watt gehiagoren bila; beti hobekuntza bila.

M. O.: Aurtengoa erretiroaren urtea da niretzat, baina askotan pentsatzen dut: «Bai? Utzi egingo dut?». Baina, bai, bai, 43 urte dira jada, eta...

L. O.: Egunerokoa bizi egiten dugu guk, asko gustatzen zaigu, eta zaila da alde batera pausoa ematea. Kirolari askorentzat urteko kontratu bat da kirola, baina bidean oztopoak izan ditugun kirolariok hain barruan daukagu grina hori, ondoren zaila izaten da bizitza goi mailako kirolik gabe ulertzea.

Bizitza aipatuta, zure hitzak dira, Leire: «Erronka batek huts egiten badu, beste bati heldu behar zaio». Azaroan jaioko da zure lehen haurra.

L. O.: Hala da, bai. Zintzilik neukan erronka hori, goi mailako kirolak urrundu egiten ninduelako beti inguru horretatik. Baina aurtengo A planak huts egin duenez, B planaren bila joan ginen, eta oso polita da hori ere. Beste emozio batzuk dira; beste errealitate bat.

Betidanik bizi-bizi izan duzu amatasunaren gaia.

L. O.: Bai. Gauzak oso argi eduki izan ditut. 2016ak gauza batzuk emango zizkidala uste nuen, eta beste batzuk emango dizkidala ematen du, azkenean.

Mutiko baten aita zara zu ere, Mikel, baina zure kirol ibilbideak ez zuen izan gorabehera handiegirik. Kontu horietan ere urrun dago berdintasuna...

M. O.: Bai... Baina zailtasunak baditu; nire kasuan, bai, behintzat. Gauza asko galtzen dituzu etxetik kanpo egonda. Oinez emandako lehen pausoak, esaterako. Betidanik asko gustatu izan zaizkit umeak, eta asko kostatu izan zait semearengandik urrun egotea. Familiarekin gertuko harremana eduki izan dut beti: arrebarekin, ilobekin... Gauzak gertutik bizi izatea gustatzen zait, eta arazo batzuk eduki izan ditut alde horretatik. Gogoan daukat Danel semea jaio zenean, maiatz batean, astebete lehenago Europako Kopako proba bat neukala. Ez nekien bertatik bertara bizi ahal izango nuen edo ez, eta Europako Kopa jokatu eta hiru egunera jaio zen, azkenean. Hilabete eskasekin, Madrilera egin zuen lehen bidaia, Munduko Txapelketa prestatzen hasi beharra neukalako. Niretzat ez da erraza izan, eta zer esanik ez emaztearentzat. 7 urte dauzka orain, eta gero eta zailagoa da etxetik kanpo joatea. Bera ere gero eta gauza gehiagoz jabetzen da, eta ez zaio batere gustatzen. Aurten eman dizkit lehen animoak seme gisa, «animo aitatxo» esanez, eta barruraino iritsi zitzaidan momentu hori.

Bizi izan duzun guztiarekin, gustatuko litzaizuke semeak, egunen batean, kirolari izan nahi duela esatea?

M. O.: Asko gustatzen zaio kirola, eta hasita dago jada. Gustatuko litzaidake kirolari izatea; kirolari, orokorrean. Baina berak erabaki dezala hori.

Kirolaria eta kronometroa. Ez dago obsesionatzeko arriskurik?

L. O.: Bai. Eta obsesionatzen gara. Neurri asko daude; wattak, batez ere. Ia dena neurgarria da, eta gorputzaren mugen bila zabiltzanean, gorputza denean zure lanabesa, ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen zara. Eguneko ordu guztiak ondo neurtuta egoten dira. Bizimodua erabat aldatu zait orain, eta horrek harritu nau gehien. Erritmo altuan bizi izan naiz, dena kontrolpean hartuta, eta erritmoa erabat jaitsi dut bat-batean, lasaitasuna lehenetsita. Baina batarekin zein bestearekin gozatzen jakin behar da.

Bitxia da, baina denborarik ez dagoen garaiotan, iraupena saritzen du zuen diziplinak.

M. O.: Bai. Ordu askoko lana dago kirol jardueren atzean, eta urteak igaro ahala jabetu naiz informazio kopurua zenbateraino areagotu den. Teknologia berriekin aldatu egin da kirolariaren prestakuntza, baina jakin egin behar da informazio hori guztia ondo filtratzen. Sentsazioak asko baloratu izan ditut beti, lau orduko txapelketetan gauza asko gertatzen direlako, eta erlojuarekin bakarrik ezin delako kontrolatu dena.

Sentsazioak eta teknologia. Non dago oreka? Teknologia bai edo ez?

L. O.: Bai, bai; behar da. Niretzat oso baliagarria da, momentu oro non zauden esaten dizulako. Sentsazioei libre utziz gero, gazte garaian bereziki, erraza da engainatzea. Obsesioak edo gehiegizko gogoak engaina zaitzake. Baina niretzat oso garrantzitsua izan da gauza guztiei zenbakia jartzea; watt jakin batzuetara irits naitekeen edo ez ikustea, adibidez. Gaur egun zentzugabea iruditzen zait gauza horiek guztiak zenbakietara ez pasatzea; gainerakoan, aurkariei opariak egiten ari zara.

Garai batean ez bezala, aspaldian indarra hartu dute altuerako entrenamenduek. Hain eragingarriak al dira?

M. O.: Nire kasuan betidanik egin izan ditut altuerako entrenamenduak. 1997an Bartzelonara joan nintzenetik, udan altueran egin izan ditut kontzentrazioak. Egia da lehen urte haietan askoz jende gutxiago joaten zela altuerara. Txirrindularien kasuan, bereziki, asko aldatu da egoera, baina, azken urteotako kontua dela ematen duen arren, gure kasuan betidanik baliatu izan ditugu altuerako entrenamendu horiek.

L. O.: Bakoitzak erantzun desberdina dauka eraginkortasunaren inguruan, baina neurgarria da entrenamendu horien balioa. 2011n Francis Cabello prestatzailearekin hasi nintzen lanean, eta altueran entrenamenduak egin zalea zen hura. Alergiekin-eta sufritzen hasi nintzen urte hartan, eta altueran nengoenean halako arazorik ez neukala ikusi genuen. Altueran ona izaten zen nire entrenatzeko maila, eta horri helduta hasi nintzen. Altuerara joan ezean, atzean gelditzen ari den sentsazioa izaten du kirolariak. Lanari izugarrizko kalitatea ematen zaio, nahiz eta psikologikoki oso gogorra den hiru aste altueran igarotzea.

Zuek ere jabetuta egongo zarete, hala ere, kirolzaleak berehala jartzen dituela susmopean entrenamendu saio horiek ere...

M. O.: Tira... Nire ustez, altuera zentzu guztietan da onuragarria. Niri mesede egin izan dit beti, gorputzak ondo erantzuten didalako. Kirolari askok altuerako entrenamenduak dopatzeko baliatzen dituztela esaten dute askok, baina baliabideetan beste bat da altuerako entrenamendua. Orain deskubritu dugula ematen du, baina nire entrenatzaile izandakoek duela 20-30 urte ere egiten zituzten horrelako saioak.

Altuera, izatez, altuera delako, mamuak alde batera utzita...

L. O.: Etxean bezala zainduta edo kontrolatuta egoten gara han ere. Kontrolak berdin-berdin egiten dizkigute. Ez da kontrolei ihes egiteko bide bat, nahiz eta gaizki pentsatzen hasteko joera daukagun beti.

Kontrolak aipatuta, haurdun, oraingoz lehiaketak utzita, eta dopin kontrol bikoitza izan berri duzu etxean. Non daude mugak?

L. O.: Argi utzi nahi dut kirolari gisa kontrolak asko eta askotan egitea gustatuko litzaidakeela. Guztioi. Berdintasunean aritzeko. Baina kontrol horiek ez dira batere merkeak. Lehen aldiz etorri zirenean, berehala jakinarazi genien haurdun nengoela, eta Espainiako Federazioko medikuak ere bidali zuen txostena UCIra eta Espainiako Dopinaren Aurkako Agentziara. Horregatik, harrituta gelditu nintzen bigarrenez etorri zirenean. Baliabideak alferrik galtzea iruditzen zait haurdun dagoen emakume bati kontrolak egitea. Etorri behar badute, etor daitezela. Etxean nago. Kirolari gisa momentu bakoitzean non nagoen jakinarazi beharra daukat, eta ez daukat arazorik. Baina ez dauka zentzurik haurdun dagoen bati EPO kontrola egiteak. Erabil dezatela kontrol hori helburu garrantzitsuren bat prestatzen ari den kirolari batekin.

Hori bai, mugak jarrita ere, Alex Schwazer italiarrak bigarren aldiz eman du positibo, Mikel. Ez al da kirolaria bera sarritan bere buruari iruzur egiten diona?

M. O.: Bai... Bakoitzak badaki bere maila zein den eta mugak non dauden. Kasu horretan bazirudien izugarrizko kontrolak egiten zizkiotela, entrenatzaile berriarekin egoera bideratuta zegoela... Baina, auskalo. Haragiren bat jan zuela eta bat eta beste adierazi du berak, baina arraroa eta harrigarria da kasua. Medikuak eman diezazuke produktu jakin bat, baina kirolariak dauka azken hitza. Errusian, hala ere, ibilketan, dopin auzia askoz zabalagoa dela ematen du. Azken urteotan inguru bereko 20-25 laguneko talde batek eman du positibo, eta hori ez da normala. Kasu asko dira. Kirolariari berari eta kirol probari kalte egiten die horrek, «denak berdinak dira» ustea zabaltzen delako. Eta errealitatea ez da hori.

Sinesgarritasuna galdu al du kirol profesionalak?

L. O.: Nire ustez, positibo guztiak ez dira berdinak. Kirolari soil gisa edo herrialde gisa egin dezakezuna ez da neurri berekoa. Errusiarren izaera eta profila ezagututa, kirolariak aukeratzeko modurik ere ez zeukala iruditzen zait. «Kirolari izan nahi baduzu, hauxe daukazu». Horrela hezi dira.

M. O.: Ez da kirolari jakin baten kasua. Egitura bat dago atzean. Ez da normala Errusian azken zortzi urteotan 20-25 kirolarik positibo eman izana. Azkenean kendu egin dute Errusiako arduradun nagusia, baina...

L. O.: Baina positiboez hitz egin behar badugu, hitz egin dezagun kirol guztietako positiboez, berdintasunean. Ezin da onartu, esaterako, motor lehiaketetan produktu jakin batzuk eskura jartzea lehenbailehen osatzeko, eta hezurrak apurtuta ere lasterketa irabazi eta heroi bihurtzea; eta beste kirol batean gauza berbera egin, eta kasu horretan positibo izatea. Orokortze lana falta da oraindik.

Kontu ilunak azaleratzen hasi dira, baina...

L. O.: Baina goi mailako kirolaren errealitatea da hori ere. Eta ez hain goi mailako kirolarena. Hori ulergaitzagoa zait niri.

Oinarrira joanda, errepideko txirrindularitzari heldu besterik ez zuk, Leire, eta pistara jo zenuen. Eta korrika egin besterik ez zuk, Mikel, eta ibilketa aukeratu zenuen. Aldrebesak zarete gero!

L. O.: Nire kasuan, nire ezaugarriak pistarako egokiagoak zirela uste dut, eta pistako txirrindularitzan gizonezkoek eta emakumezkoek antzeko baldintzak geneuzkan. Gaur egun ere errepidera joanez gero, emakumezkoen txirrindularitza ulertuko duenik ez dago. Txirrindularitza profesionaltzat hartzen da, baina norberak eman beharreko guztia, horixe dauka profesionaletik. Alde horretatik, ez nuen denbora askorik behar izan egoeraz jabetzeko. Dena emateko prest nengoen, baina zentzu batekin eman nahi nuen barruan neukana. Errepideak asko lagundu dit prestaketa gisa eta talde giroan, baina inoiz ez da izan helburua bere horretan.

M. O.: Nire kasuan, denetik probatu nuen, baita atletismoan bertan ere. Baina ibilketarako neuzkan baldintzarik egokienak. Emaitzak iristen hasi ziren, gustatzen hasi zitzaidan, gozatzen hasi nintzen, eta... Arraroa izan zen, agian, ibilketa aukeratzea, baina berez iritsitako zerbait izan zen.

15-16 urterekin zer moduzko marka da 11,86 segundo 100 metroko proban, Mikel? Leireren marka da hori...

M. O.: Pentsatu dut, bai, Leirerena zela, nirea ez delako! [Barrez]

L. O.: 16 urte nituela uste dut, eta urteko lehen lasterketa izan zen.

Bazeneukan gaia atletismoan ere...

L. O.: Tira, bai... Hasiera erraza izan zen hor ere, eta gero okertu zitzaizkidan gauzak. Baina beti gustatu izan zait ulertzea gertatu behar dutelako gertatzen direla gauzak. Txirrindulari ibilbidea aztertu eta gero, bide horri lehenago heldu ez izanaren pena izan dut, agian, denbora tarte bat behar izan dudalako teknikoki gauza guztiak menderatzera iristeko. «Lehenago hasi izan banintz?». Galdera hori buruan eduki izan dut beti, baina hor geldituko da.

Ibilketa nahikoa ez, eta Gipuzkoako Federazioko presidente kargua hartu zenuen zuk 2012ko irailean, Mikel. Zer suma zenbiltzan, edo?

M. O.: Beti gustatu izan zait atletismoak alde batetik eman didana beste alderen batetik itzultzea, eta aukera iritsi zitzaigun 2012an. Ez niri bakarrik; talde guztiari. Urte zailak izan dira, krisi garaian iritsi ginelako eta bi ziklo politikoren erdian gelditu ginelako. Horrek ere eragina izan du. Miniestadioaren kontua, kontratu berritze batzuk... Buruhauste handiak izan ditut dena ondo bideratzeko, baina pozik nago, atletismoari zerbait eman diodala uste dudalako.

Federazioko presidenteak kenduko ditu, azkenean, Anoetako atletismo pistak? Futboleko arazo guztiak konponduko lituzke horrek, itxuraz...

M. O.: Zailtasun handiak izan genituen estadioarekin, Realak presio handia egin zuelako. Pistak kenduz gero, gutxienez miniestadio on bat egitea eskatzen genuen guk, Euskal Herriak ez zeukalako horrelako estadiorik. Eta, azkenean, gogotik borroka egin ondoren, badirudi gauza polit bat egingo dutela. Gaur egungo errealitatera egokitutako atletismo gune bat izango dugu egun miniestadioa dagoen lekuan.

Egunero ez da izaten presidente bat ondoan, eta, atleta ohi gisa, zer eskatuko zenioke Mikeli, Leire?

L. O.: Bertan egon beharko nuke egoeraz jabetzeko, baina egia da garrantzitsua litzatekeela miniestadioan gauza txukunen bat egitea, Euskal Herrian falta delako horrelako erreferentzia bat. Ondo ezagutzen dut Mikel, badakit nolakoa den, eta atletismoaren mesedetan egingo zituen gauza guztiak. Oso zaila eta mirestekoa iruditzen zait goi mailako kirol jardunean zabiltzanean gauza horiek guztiak egiteko energia eta gogoa edukitzea.

Elkartu berritan «kirolari ohia» esan, eta «oraingoz» gehitu duzu berehala, Leire, eta zuk ere zalantzaren bat edo beste izan duzu gero, Mikel. Kirolariak zarete oraindik, kirolari ohiak...?

M. O.: Ni beti izango naiz kirolaria. Goi mailako kirolaria ez, baina kirolaria bai. Argi daukat hori. Kirolari lotuta bizi izan dugu bizitza erdia baino gehiago. Ez naiz ariko beteranoetan, baina kirolaria izango naiz. Familiarekin, lagunekin eta edozeinekin. Baina goi mailako kirola, txapelketak eta gainerakoak amaitu dira niretzat. Kirolarekin beste modu batera gozatzeko gogoa daukat.

L. O.: Duela lau-bost hilabete beste modu batean pentsatzen nuen, orain erabat desberdin pentsatzen dut, eta hilabete batzuk barru ez dakit zer pentsatuko dudan. Baina haurra jaiotzean gogotsu eta motibatuta banago, entrenatzen eta prestatzen hasiko naiz. Eta egindakoak eginda dauzkadala pentsatzen badut ere, horrelaxe onartuko dut. Ikusiko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna