Ahomentan 

HARITZA LURRARI NOLA, ANAIAK ELKARRI

Robles-Arangiz sendiko zortzigarren eta bederatzigarren semeak dira Irkus eta Ugutz. Musikari, antzezle eta dantzari. Euskaltzale, ororen gainetik. Anaia bereizezin gisa aurkeztu dituzte askotan. Hala sumatzen zaie elkarrekin daudenean, asko bizi duten seinale. Ingurua astintzeko prest daude oraindik.
Sarri joan ohi dira Hazparneko Xuriatea ostatura Irkus eta Ugutz Robles anaiak.
Sarri joan ohi dira Hazparneko Xuriatea ostatura Irkus eta Ugutz Robles anaiak. BOB EDME

Bidatz Villanueva Etxague -

2016ko abuztuak 21
Sarri elkartu ohi dira Hazparneko (Lapurdi) Xuriatea ostatuan Irkus eta Ugutz Robles-Arangiz anaiak. Gertu dago haien txikitako bizilekutik. Beskoitzetik, alegia. Bi bizitza mota zeharo ezberdin ezagutu dituzte. Landa eremukoa txikitan, eta hirikoa gaztaroan. Aukera gutxi izan zuten ikasteko, dirua behar baitzuten familian. Harreman sendoa dute, eta horrek ahalbidetu die hainbat proiektutan bidelagun izaten. Elkarri atxikiak direlako, haien herriari bezainbeste, eta haritzak hemengo lurrari adina. Robles deiturak horixe iradokitzen baitu euskaraz.

UGUTZ ROBLES-ARANGIZ: Xuriatea gure etxea izan liteke. Beti elkartzen gara hemen. Gu eginahaletan ari gara beti euskaraz egin dezagun, baina jendea frantsesera oso erraz iragaten da. Errugbiaz bereziki mintzo direlarik? Aurrekoan farmaziara joan nintzen botika batzuk erostera, eta frantsesez mintzatu nintzaion bertako emakumeari. Alboan zuen gizon bat, eta zera erran zion frantsesez: «Lehen aldia da gizon hau frantsesez hitz egiten entzuten dudana» [Barreak].

IRKUS ROBLES-ARANGIZ: Nik ere erranen nuke hastapenetik gatozela hona hemengo kontzientziarekin. Euskal kontzientzia gu gara. Ez gara politikan sartzen, baina beti euskaraz mintzatzen gara. Politikan denbora luzez egon nintzen sartuta; hogei bat urtez. Bilbon geunden garaian izan zen. Iparraldera etorri nintzen pixka bat deskantsatzera. Ez horregatik bakarrik. Izan ere, lan handia zegoen han egiteko, eta lasaiago egon nahi nuen.

U.R.: Herria maite dugu, baina euskara ororen gainetik. Euskal Herri ez euskalduna ez dut nahi. Horretarako, izan gaitezen frantses edota ingeles. Euskara galtzen baldin bada, zer zentzu du abertzaletasunak? Orain zozokeriak besterik ez dut entzuten, baina euskara ez dute ikasten. Orduan, ez zara abertzalea.

I.R.: Eta zertarako hainbeste borroka?

U.R.: Aitak, ostera, etxean euskara erabiltzen ez bagenuen, zaplazteko bat ematen zigun. Frantsesa eta espainola etxetik kanpo ikasiko genituela erraten zigun, baina etxean euskaraz egitera behartzen gintuzten. Oraindik, anai-arreben artean, hala-nolako bizkaiera bat egiten dugu.

I.R.: Nik uste gure etxeko euskara dela. Alabak erraten zidan Bilbon: «Aita, arrainatu zeri esaten diozue?». Konpontzeari. Lanjerra ere erabiltzen dute etxean nire seme-alabek, arriskua errateko. Euskara batu bat egin genuen, batua baino ederragoa niretzat. Baina etxeko batu bat zen, naturala, eta gure etxean bakarrik ulertzen dena. Besteek uler ditzakete hitz batzuk-edo, baina guk ematen diegu zentzua hitz eta adierazpenei. Ez du zerikusirik honekin, baina haserretzen naiz, eta Andres Urrutiari esan nion ez dagoela eskubiderik guk hori egin ondoren, herriari kontsultatu gabe, batzuek euskara burgestu izana. Eta gaurkoa euskara transgenikoa da, edo nahi den bezala deitu. Baina ez da euskara. Eta ari dira indarrez aldatzen, joskera eta beste hainbat kontu.

U.R.: Etxean bizkaieraz egiten genuen, gurasoak bizkaitarrak baitziren. Gero aitak euskara ahaztua zeukan eta gutxi egiten zuen. Baina amak, Arratiakoa, bertako euskara egiten zuen. Karrikan, lagunekin, beti euskaraz egiten genuen, hemengo euskaraz. Gero, ordea, frantsesa sartu ziguten eskolan. Euskaraz ari baginen jolas orduan, gaztigatzen gintuzten. Makila txiki bat ematen ziguten. Sakelan generaman, gutako beste batek euskaraz egin, eta hari eman arte. Egunaren amaieran makila sakelan baldin bazenuen, ordu bat gehiago geratu behar zenuen eskolan. Badakizu hori zer den? Ordu bat gehiago? Gu hiru kilometro eskasera bizi ginen handik. Baziren haurrak, ordea, zazpi kilometro egin behar zituztenak. Biderik gabe, gainera. Eta oren bat gehiago egoten ziren gaztigatuta, Je ne parlerai plus en basque kopiatzen. Gaztigatuta. Astakeria horiek jesuitek pentsatzen zituzten.

Beskoitzek ikusi zituen hazten. Bertako lurretan ezarri zituzten sustraiak bi anaiek eta haien familia osoak. Gurasoek hara eraman zituzten Espainiako gerratik ihesi. Garai latzak pasatu behar izan zituzten, pobrezia, milaka euskaldunen pare. Baina pasarte tristeei gailentzen zaizkie txikitako oroitzapen politak. Irribarrez gogoratzen dute haurtzaroa. «Pelikula bat bezala», dio Irkusek. Artean hariztian kimuak ziren garaira bidaiatu dute, flashback egin baitaiteke ere errealitatean.

I.R: Hiru gerretan nahastuak izan gara nolabait. Baina haurtzaro polita izan dugu. Nahiz eta jatekorik ez izan, amak beti lortzen zuen zerbait jan genezan. Eta, halere, gurasoek beti hartzen zuten jendea etxean.

U.R.: Primo de Riveraren diktadurarekin, aita hamaika urtez kartzelan izan zen. Argentinara joan zen ondoren. Gero, amnistiarekin, hona itzuli zen. Inork ez zion lanik ematen. 53an berriz ere hartu zuten preso. 60an Iker eta ni ihesi etorri ginen. Aita nahi zuten hartu. Polizia batek, gure anaien andereñoaren senarra zena, hark abisatu zigun. Gizon onak ere baziren!

U. R.: Gure gurasoak halakoak ziren. Gure aitak eta amak jende asko hartu dute etxean. Guregana etortzeko erraten zieten. Batzuk urteak izan dira gurekin. Egun batez, esaterako, emakume bat ikusi zuten Hendaian negarrez haren seme-alabekin. Zugaditarra zen, eta, bi urtez, gurekin egon zen. Oroitzen naiz artoa garantzen ibiltzen ginela sukaldean. Emakumeak atea ireki zuenean hunkitu egin zen. Euskal brigadatik Jose Mari Aranzabal egon zen hilabeteak etxean. Etorri eta joan egiten zen. Frankismotik ihesi zetozenek zioten: «Goazen etxalde horretara!». Gizakiak momentu horietan anaitasuna adierazten zuen. Orain, egoismoan sartua dago.

I.R.: Egia da. Lehen ez, gure gurasoak, bederen. Nahiz eta kasik seme-alabentzako ez izan, besteentzako beti bazegoen. Amak nik ez dakit zer jaten zuen, edo noiz egiten zuen lo. Bost oren eginen zituen?

U.R.: Ahaztuta daukate emakume anitzek gerra denboran zein eginkizun bete duten. Emakumearen egitekoa izan da izugarria. Gaztea zarenean gauzak beste modu batean ikusten dituzu; urrunetik ikusita, garai polit bat izan zen, nahiz eta orduan egoera zail batean geunden. Nik, gerora, garai zailak iragan nituen, ihes egin behar izan nuenean Bilbotik. Gaixo erori nintzen biriketatik, eta urte eta erdi sendategian egon nintzen 63an. Orduan etorri zitzaidan ikustera Joxe Mari Benito del Valle. Txillardegi orduan ezagutu genuen, baita Julen Madariaga ere. Bizitza ez zen erraza, bigarren atzerriratzea...

Artisten familia bat izan dira. Abeslariak, margolariak, antzerkilariak? Eskolara joan, etxean lan egin, eta sormena lantzeko denbora ere bazuten. Norbaitengandik behar zuten sena jaso.

I.R.: Ama kantari galanta zen. Izugarria. Jendea oroitzen da arropa garbitzera joaten zenean errekara, ama hara joaten baitzen arroparekin. Erran zidan batek: «Zuen ama joaten zelarik arropetara, denak harrituta ginen. Kantari izugarria zen». Kantu anitz zekizkien.

U. R.: Arrebek ere kantatzen zuten. Elkarrekin. Zer egin behar genuen? Neguko gauak eta egunak oso luzeak zirelarik, sofa zaharrean esertzen ginen, argi txiki batekin, eta zerbait irakurtzen ziguten. Edo arrebak kantuan hasten ziren. Denbora ilunak ziren, gogorrak. Gu haurrak ginen, eta ez ginen ohartzen; zoriontsu ginen, txikiak. Gurasoentzako gogorra izanen zen haurrak gaizki jantziak eskolara joaten ikustea, hotz handiz. Gerra denboran, urte bat ibili ginen eskolan. Gero alemanak etorri ziren. Alde egin behar izan genuen etxetik hiru aldiz, gure etxean maniobra militarrak egiten baitzituzten.

I. R.: Gu 7 urterekin, mukiak sudurretik zintzilik, tirante bakar batekin, ortozik genbiltzan. Etxera heltzen ginenean, bakoitzak bazuen bere lana egiteko. Amak ematen zizkigun egitekoak: ura edo egurra ekartzea, behiak zaintzea... Hori ortozik egiten genuen. Espartinak eskolara joateko ziren; besterik ez zegoen.

Beskoitzetik Bilbora. Frankismo garaia izan arren, jauzi hori eman zuen familiak. Denek batera. Bi txandatan mugitu ziren Bizkaiko hiriburura. Aldaketa handia izan zen, eta, aldi berean, lagun anitz ezagutu eta proiektuak atera zituzten aurrera.

U.R.: Hemen [Beskoitzen] ez zen aterabiderik, txikia zen, eta Bilbon zerbait egin nahi genuen. Nik 13 urte nituen. Irkusek, 15.

I.R.: Ni eskolan 12 urte arte bakarrik izan nintzen Beskoitzen. Pentsatu behar da guk momenturik garrantzitsuena ikasketetarako galdu genuela urrats horretan. Inork posibilitaterik ez genuen izan karrera bat ateratzeko. Guk egin dugu jakin duguna. Bilbon geundenean, lanean hasi ginen, dirua behar baitzen, eta ez zegoen posibilitaterik estudioetarako. Han egin genituen lagunak estudioetan zeuden. Gu alferrak bagina bezala! Guk ez genuen posibilitaterik ezer gehiago egiteko. Hizkuntza batzuk bagenekizkien. Gaztelera ikasi genuen, frantsesa bagenekien. Gogorra izan zen han berriz hasi beharra,

U.R.: Gogoan dut eskolara sartu baino lehen, bandera espainola hor zegoela. Viva España kantatu behar genuen, eta besoa goratu. Andereñoa beti: «Robles! Goratu besoa!» [Barreak]. Nik ez nuen kantatzen. La Educación del Espiritu Nacional irakasten ziguten. Gure irakaslea falangista zen, baina gizon ona zen. Batzuk errepublikanoen semeak ginen, eta galdetzen zigun: «Ea, estatuburua datorrenean, zer kantatu behar dugu?» Eta guk erantzuten genion: «La Raspa!». Berak segituan botatzen gintuen kanpora. Astean bizpahirutan egiten genuen hori. Nire anaiari galdegin zion: «Zeintzuk dira probintzia baskongadoak?». Iker anaiak erantzuten zion: «Zazpi dira». Eta besteak: «Nolatan? Nobedaderik al dago, ala?» [Barreak]. «Erradazu, erradazu», insistitzen zion irakasleak. «Zuri dituzun belarriengatik igartzen zaizu nolakoa zaren». Baina ez zen gaiztoa. Beste falangista bat izan bazen. Ordu bat genuen La Educación del Espiritu Nacional ikasteko, eta beste ordu bat kirola. Bi ordu jarri zituen kirola, eta bestea kendu zuen. Ze oroitzapen ordukoak.

Bilboko Trappe Familia ziren. Hala esaten zieten.

I.R.: Gure lau arrebek ere kantatzen zuten. Ainara deitzen zen taldea. Denbora batez zortziko talde bat osatu genuen neba-arrebek.

U.R.: Trappe jatorrizko familia baino bat gehiago ginen. Haiek zazpi eta gu zortzi. Hainbat aldiz kantatu genuen zortzikoteak.

I.R.: Nik uste dut gehienbat Bilbo inguruan abestu genuela. Donostian ere kantatu genuen. Askotan, lehiaketen atsedenaldietan. Horien erdian kantatzen genuen zortziok. Gabonetan, jendea Bidebarrieta kalera joan ohi zen, Plaza Barriaren sarrerara, gu entzutera.

Bilbon zeudela sortu zuten Soroak laukotea.

U.R.: Olaetan hasi zen. Lagun bat ezagutu genuen. Dena euskaraz egiten genuen. Zela txa-txa-txa, zela pasodoblea.

I.R.: 58an hasi ginen kantatzen, baina nik uste dut garai hartan jada gauza batzuk bagenituela. Gogoan daukat 58an sanferminetara joan ginela, eta autobuseko atzeko aldean asko kantuan gindoazela. Horrela hasi ginen. Toki guztietatik deika hasi zitzaizkigun kantatzera joateko. Ikastolen alde edo euskararen aldeko zer edo zer bazen, ez genuen kobratzen. Beste kontu batzuk, unibertsitateen amaierako jaiak, esaterako, kobratzen genituen. Geure erabakia hori izan zen. Irratietan ere zuzenean kantatzen genuen.

Errana da Soroak euskal kantagintza modernoaren aitzindari izan zela. Hala dela diote.

U.R.: Baziren gure musikaren alde zirenak, eta baziren kontra zirenak. Enbata-ren zenbaki bat horretaz mintzo da. Erran zuten: «Soroak laukotea heretikoa da». Jendeari arraro egiten zitzaion gitarra espainol batekin kantatzea, ez baitziren ohituak. Eztabaida izan zen, eta Mixel Labeguerie zutitu zen, eta erran zuen: «Hau da nire betiko ametsa». Zenbait urte geroago, bazkari batean, dedikatua eman zidan disko bat. «Euskaldunek badute zure beharra», idatzi zidan.

I.R.: Beste gauza bat erran zuen Labegueriek, eta niretzat hori da zigilua. Euskal kanta berrien sortzearena gu ginela, egiazko sorro berria. Sorroa belar berria da.

U.R.: «Zuek ez zenuten Soroak behar, Sorroak baizik. Berpizkundea».

I.R.: Soroak-en izan zen Sorozabal gitarristaren aita. Asturiarra zen, ingeniaria. Oso gizon goxoa zen. Villaverde deitzen zen. Baina ama Sorozabal zen. Hortik izena: So Sorozabalena, eta roak Robles-Arangizena. Soroa erranez, ordea, ematen du eroak garela. Orduan k bat ezarri genion. Lehen egunetik irratian, Los Soroak deitzen gintuzten.

Kazetariek bere lagunentzat idazten dute gehienetan, eta konturatzen zara euskal kanta berriarekin gertatu dena. Bazekiten gu baginela Euskal Kantu Modernoan lehenak, baina denbora luzez hori bazter batera utzi dute.

U.R.: Oinaztarrak eta Ganboarrak beti egon dira Euskal Herrian. Batek idatzi zuen, Ipar Amerikan zegoela, euskaldun batzuk Euskal Herritik heltzen baziren bekaizti hartzen zituztela besteek. Hark erraten zuen azeri gorriaren eritasuna daukagula euskaldunok. Nik uste dut hori gizon guztiena dela.

I.R.: Ni oraindino nago bestearekin. Beti lagunena agertzen dela kazetetan. Eta ezin duzu horren aurka egin. Ez Dok Amairukoek aipatzen zuten, Letek aipatzen zuen, Lertxundik aipatzen zuen, gu ginela lehenak. Baina inork ez du urratsik egin hori aipatzeko.

U.R.: Joxe Mari Iriondok egin zuen lehendabiziko aipamena. Hemen izan zen galdegiten, nola izan zen, horri buruz idazteko.

I.R.: Iriondok bai. Ezin genuen erran besteak gezurretan zebiltzala, baina egia zen: gezurretan zebiltzan. Irudi luke Ez dok Amairuko kantarien aurka geundela, baina horiek denak lagunak ziren. Orduan, nola esan zure egia besteak iraindu edo mindu gabe? Horrela gelditu da dena. Azken diskoa egin dutenean, nik erantzuna eman diot Gara-ri. Erdaraz, horrek ez baitzekien euskaraz. Dokumentu bat bidali nion. Eta galdetu zidan: «Beraz, zure egia da egia dena, eta ez besteena?». Nik halaxe erantzun nion: «Horixe bera baieztatzen ari natzaizu» [Barreak]. Barkamena eskatzen deitu zidaten.

U.R.: Hala eta guztiz ere, erran behar da kulturak ez duela ematen bizitzeko. Zure baitan baldin baduzu kultura, pozik zaude, eta askotan ezin duzu ezkutatzen ahal. Hemen arraro izanen litzateke kulturaz mintzatzea, horren inguruan jendearekin hitz egitea. Denak kiroletan sartuak dira.

Bilbo eta Beskoitze artean ibili dira beren bizitzan. Hemendik hara kantuan. Nazioartean ere bai. Madrilen txalo zaparrada batekin hartu ohi zituzten emanaldien ondoren. Samurki gogoratzen dute iragana, elkarrekin izandako esperientzia asko, nahiz eta une batean bereizi behar izan zuten, Irkus frankismotik ihesi joan baitzen. Haien ibilbideak berriz ere elkartu ziren. Bakoitza bere eginkizunetan izanagatik, Irkus margolaritzari emana baitzen, eta Ugutz antzerkiari gehiago, ez dira sekula banandu. Hazparneko Xuriatea jatetxera egin dute berriz jauzi, eta egungo errealitateari egin diote aurre. Ez dira oso baikorrak orainarekin; euskararen egoerarekin, batez ere.

U.R.: Hemen, Hazparnen denak frantsesez ari dira. Euskalduna naiz, eta ez dut sekula euskaraz egin. Hala da hemengo jendearen artean. Dena aldatu da. Burua automatikoki frantsesez ari da, eta euskara pikutara doa.

I.R.: Eta orain tarte bat eginez, Lekornekoak [EHZ] izugarrizko onura dakar. Hor denek euskaraz egiten dute. Oso toki aproposa da horretarako.

U.R.: Mostradore aurrean jartzen naiz, eta ideia bat zabaltzen saiatzen naiz: «Euskara ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek ez dutelako erabiltzen baizik». Baina denak frantsesez ari dira. Adiskide paristar bat dut, frantsesez mintzo dena. Gero euskara ikasi du, eta euskalduna da. Automatiko ateratzen zaigun hori euskarara pasatu behar dugu. Hori pasatzen ez den artean, azaleko jarrera hutsa izanen da dena, soilik euskaldunak garela errateko balioko digu. Nik erraten dut euskaraz behar dugula gehiago egin, eta eginez hartuko duzue beste hitz hori. Dena nahasten da orain.

I.R.: Nik gehituko nuke Iparraldeko euskara pixka bat ahaztu dutela. Euskara modernoari kritika egin diot. Gauza bat da ez jakitea nola erran zer edo zer, edo dena espainolez erratea. Ez jakitea nola erran zerbait euskaraz, eta erdal hitza erabiltzea zubi bat eginez, gero euskaraz jarraitzeko. Baina bastante, primeran, segundan... hemen ez da ezer ulertzen. 12:00ak bueltan. Hori zer da? 12:00ak inguruan esaten da hemen. Ez du esan nahi Gipuzkoan uste duten bezala hurbiltzea. Norbaiti inguratu natzaio. Zenbat zineten, galdetuko nioke. Hiru? Norbait inguratzeko...

U.R.: Nik txisteak kontatzean, batek esaten dit ez duela ezer ere ulertzen. Aitak esaten zion hori Beskoitzeko euskara zela. Besteak ez zidan ulertzen.

I.R.: Hemen euskara asko galdu da. Han euskara handitu da, baina kantitatea, eta ez kalitatea. Hori da aberatsek egiten dutena kapitalismoa egiteko. Zenbat nahi ditugu? Milioi bat? Ez dute euskaraz jakinen, baina berdin du horrek. Euskaltzain batzuek diote euskara errazteko bakoitzak egiten duen hizkuntzatik jarraituz errazago ikasiko dutela, euskara nahiko zaila omen delako. Ingelesarekin zer egiten dute? Gauza bera? Ez. Ingelesa ikasi behar delako nahitaez. Txoria txori-rekin gertatzen den bezala. Hegoak moztuz gero, nirea izanen zen, baina ez zen txoria izanen. Euskara askoz ere gehiago ikasiko dute, baina ez dute euskara ikasiko, ez dute euskara gehiago jakingo. Ez dut uste inoren eskuetan egon behar denik euskara. Herriaren eskuetan egon behar da, eta ez batek agintzen duelako.

Iraganarekiko nostalgia sumatzen zaie, izan zen hori hobea zelakoan. Erromantizismo kutsurik ez al du horrek? Iraganaren nostalgikoak ote dira?

U.R.: Nostalgia denik ez dut uste. Beharbada bai. Baina iraganean hitz batzuk modu batez erraten baziren, eta gaurko egunean hobe beste modu batean, hala izan dadila. Baina lehen euskara garbia zen, eta egun ari da euskara mordoilotzen. Horrek ez luke gertatu behar.

I.R.: Euskarak jolasteko edo ondo pasatzeko hizkuntza bat izan behar zuela erran zuen batek. Ikasi eta barneratzen duzunean, askoz ere politagoa edo ederragoa egiten zaizu. Lagunak egiten dituen hizkuntza bat da. Baina, orain, «egun on» Eta «egun on» erantzun. Hori ez da inoiz esan. «Baita zuri ere!». Hori bai. Hori batetik. Gu lanean ibili garenean, bata ari zen artoa jorratzen. Albotik bat pasatzen zenean: «Zer? Jorran?». Egun, jendeak ikasten du behar duelako, baina behar litzateke hizkuntza alai bat, hurbilekoa.

U.R.: Ez da nostalgia garai batekoa. Nostalgia, denboran herri guztia euskaraz ari zelako eta orain frantsesez? Orduan bai, horren nostalgia dut, eta izugarria. Denekin euskaraz egiten genuen; joaten nintzen bazkaltzen, eta hilabeteak ikasten nituen baserritar batekin. Orain, euskara pobre dago. Bigarren maila batean gelditu da; lehen mailan, frantsesa.

Nostalgia zantzurik gabe, ordea, jarraitu dute hizketan. Tematiak baitira, haritzak bezain gogorrak haien usteetan. Baina hariztietan, urtero berritzen dituzte hostoak zuhaitzek. Bi anaiek ere proiektu berriak dituzte esku artean. Ez dute kritika soilean geratu nahi. Bertsotan hasi da Irkus, Dama gazte xarmant bat abestiaren doinuan.

I.R.: Euskarak bolda huntan dituen akatsak

Ez dirade hain segur asmakizun hutsak

Hitz berriak burrustan, erdiak arrotzak

Gure ama hizkuntzak galdu ditu giltzak.

Benga, aber eta pues, porzierto, akaso

Apenas, bastant'igual, ta pronto frakaso

Zergatikan primeran, dexente ta fresko

Euskara egiten dugu listo eta klaro.

Batuera sortzean ametsa gauzatu

Su ta gar hasi ginen kontent eta prestu

Batzuen eskuetan da nahastekatu

Gero Iparraldean ezin deus ulertu. (...)

Menderen mendeetan guhaurek gordea

Zonbait laido jasanik, oi atsegabea

Hain epe laburrean hoin erretx galtzea

Nun dira agintariak, norat doa euskara?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna