Katalunia. Diada

Erantzun dute herritarrek

Jendeak osatutako soinu olatu batek Bartzelonako Diagonala zeharkatu du, eta errepublika gauzatzeko eskatu. Ohi bezala, ekitaldiak arrakasta izan du: milioi bat lagun inguru bildu dira

Diadako ekitaldi nagusiaren antolatzaileek pareta erraldoi bat altxatu zuten Diagonal hiribidearen mutur batean, atzo, Bartzelonan. Pareta hori eraitsi egin zuten keinu sinboliko gisa. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Iazko Diadarekin alderatuta, aurtengoan, atzokoan, baziren kontuan hartu beharreko bi ezberdintasun. Pasa den irailaren 11n ez bezala, bederatzi buruzagi independentista kartzelan daude gaur egun, eta beste zazpi erbestean. Hori batetik. Bestetik, Baiezkoaren Diada deitu zioten joan den urtekoari. Ziurtasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina politikari horiek beraiek jendaurrean adierazten zuten Katalunia independentea izango zela urriaren 1eko erreferenduma eta gero; Espainiako Gobernuak elkarrizketari muzin egiten zionez, ez zegoela atzera bueltarik, aldebakartasunaren bidea jarraituko zutela. Kataluniak, ordea, Espainiako Erresumaren barruan jarraitzen du urtebete geroago. Jasotako kolpeak gorabehera, dena den, bada azkeneko hamabi hilabeteotan aldatu ez den zerbait: herritar subiranisten grina. Duela astebete, urte politikoa abiatzeko emandako hitzaldian, mobilizatzera deitu zituen Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak. Eta horretarako parada eduki duten aurrenekoan erantzun dute, diote, herritarrek.

Izan ere, berriro, azkeneko sei urteotan bezala, arrakastatsua izan zen ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak Kataluniako egun nazionalean antolatutako ekitaldi herrikoia. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, «gutxi gorabehera» milioi bat inguru pertsona bildu ziren Diagonal etorbidean. «Soinu olatu» indartsu bat, energia handikoa, hedatu zuten, eta, batez ere, bi aldarrikapen izan zituzten ahotan: behin-behinean preso daudenen askatasuna, eta independentzia eskakizuna. Fem la Republica Catalana zen mobilizazioaren leloa. Izenak aipatu ez zituen arren, 17:14etik aurrera egindako ekitaldiaren amaieran bi indar independentista nagusiei, JxC Junts Per Catalunyari eta ERCri, hitz egin zien Elisenda Paluzie ANCko presidenteak: «Zorroztasuna, zintzotasuna eta asmo sendoa eskatzen dizuegu».

«Soinu olatua» hedatzen lagundu zuenetako bat izan zen Silvia, Vic herriko (Bartzelona) gazte independentista. Haren esanetan, «bide luzea» ibili beharko dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ahaleginean. «Eta ibiltzen hasten ez baldin bagara, inoiz ez gara iritsiko». Atzo milioi bat lagun inguru zituen bide hori urratzeko prest.

ANCk goizean emandako datuen arabera Omnium Culturalen eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien laguntzarekin antolatu zuen ekitaldia, 460.000 lagunek eman zuten izena. Horietako askok, ia 300.000k, mobilizaziorako propio salgai jarritako elastikoa, samarreta, erosi zuten, koral kolorekoa, eta kolore horrek blaitu zuen Diagonal etorbidea, Glories plazaren eta Palau Reialen arteko sei kilometro pasatxoetan.

17:14etan zen olatua hedatzen hastekoa. Izan ere, errege borboiak 1714an hartu zuen mendean Bartzelona , setio luze baten ondoren. Diagonala 16:00etarako hasi zen betetzen. Palau Reialaren inguruan, ibilbidearen 0 zatitik gertu 38 zatitan banatu zuten, zeuden bi Montserrat: ama eta alaba. Bietan gazteena urtero joan izan da Diadara, eta iruditzen zaio Torra «ahal duena» egiten ari dela. «Jokatzen ari ginen bezala ez dugu ezer lortu». Pentsatzen du «elkarrizketaren» bidez «aurrera» egingo dutela. «Ekiten jarraitu beharra dago. Bagenekien ez zela ez azkar, ezta erraz ere gertatuko». Ama entzuten ari da. «Guri ere kontzertu ekonomikoa edukitzea gustatuko litzaiguke», esan du amak. Barre egin du alabak. Haren amak aurrenekoz parte hartu du Diadan. «Datozenei Katalunia hobe bat utzi nahi diet».

Eta bere herrialdea burujabe egin nahi du, inguruan zituenek bezala. Torrak bezperan kataluniarrei ohartarazi zienez, egoera kontuan hartuta, bi aukera besterik ez daude: «eustea» edo «konformatzea». Eta olatua egin zutenek eustea deliberatu dute. Hezetasunari eta eguzki izpien indarrari ere eutsi zioten atzokoan.

Itxaronaldiari nola edo hala aurre egiteko eta bihotzak pizteko, castellers-ek giza dorreak egin zituzten, batukadek perkusio instrumentuak astindu zituzten, txarangek pieza batzuk jo zituzten, eta, bestela, inurriak moduan pilatutakoek, Els Segadors ereserkia abestu zuten, a cappella. Askok esteladak zeramatzaten lepoan edo makiletan zintzilikatuta, baina senyera-k ere bazeuden tartean, dezente. Jendearen artean barreiatuta ikus zitezkeen, gainera, Letoniako, Erresuma Batuko, Herbereheetako, Galesko eta Flandriako banderak, besteak beste; baita ikurrinak ere, noski.

Ezin eutsi

Antolakuntzakoek bozgorailuetatik eskatuta, instrumentuak 17:00 zirenean isilarazi zituzten musikariek, eta jendeak Kaleak beti gureak izango dira, Independentzia, Pauso bat ere ez atzera eta Hemen hasten da gure independentzia oihukatzeari utzi zion. Hurbiltzen ari ziren 17:14ak. Palau Reialen zeudenak pantaila erraldoi batean jarraitzen ari ziren ekitaldiaren nondik norakoak. Glories plazan, handik sei kilometrora, botako zuten suziria, eta horrek eragingo zuen olatua. Minutu bateko isilunea eskatu zuten 17:13 zirenean. Jaurti zuten suziria, eta pantaila erraldoian ikus zitekeen Glories inguruan jendea saltoka eta oihuka hasi zela, olatua osatuz. Baina emozioagatik, edo antolakuntzaren oharren berri ez zutelako, ibilbidearen 0 zatian zeuden batzuek, askok, ezin izan zioten eutsi, eta jarrera bera hartu zuten. Itxaroteko, gelditzeko, eskatu zieten bozgorailuetatik.

Ia bi minutu geroago heldu zen olatua, eta hurbildu ahala sentitu zitekeen haren energia. Ailegatu zen 0 zatira, pareta bat instalatuta zegoen tokira. Aurkezle batek hartu zuen hitza orduan, eta bildutakoek leloak errepikatzeari ekin zioten atzera. Iristear zegoen une sinbolikoenetako bat. Paretako hiru zati erori ziren; olatuaren indarrak bota zituen: Espainiako Koroa irudikatzen zuena, 155a ordekatzen zuena, baita gurpil baten barruan hamster bat marraztuta zuena ere, «Espainiak erreferendum adostu bat ituntzeko itxaronaldi eternoa» islatzen zuena, antolatzaileen esanetan.

Jose, Alex, Andreu, Julia, Pau eta Niels 17-18 urteko gazteek une hori txalotu zuten. Horietako batzuk gurasoekin joan ohi ziren Diadara. «Uste dut prozesua erdi etenda dagoela, alderdien jarreraren ondorioz». Mintzatu da bat. Baina herritarrei «borrokan» jarraitzea dagokiela uste du. Areago joan da. «Urriaren 27an independentzia aldarrikatu eta gero, pixkat gehiago eutsi ziezaioketeen politikariek». Hori bera irizten dio Mari Carmen Vic-ekoak. 60-65 bat urte inguru ditu, eta estelada bat darama aldean. «Ez zitzaien gertatuko gertatu zaiena baino ezer larriagorik», bota du. Herritarren eginkizuna «protesta egitea» delakoan dago. «Erakutsi behar diegu asko garela. Baina antza, Madrilekin ezin da hitz egin».

Silvia Vic-ekoa Europara begira dago: «Alemaniak eta Belgikak, adibidez, begiak ireki dituzte. Espainiak ez zuen hori espero». Bi herrialdeetako auzitegiek buruzagi independentistei egotzitako matxinada delitua ukatzeaz ari da. Iruditzen zaio Espainiak «inoiz» ez duela erreferendum adosturik proposatuko. «Soilik hala planteatuko dute, Europak belarrietatik tira eginez gero». Sergio eta Ingrid Sentmenat herrikoentzat (Bartzelona), Espainiari erakutsi diote «eusteko» prest daudela. «Hori baieztatzen du ekitaldi honek». Sergiorentzat, auzipetuta dauden buruzagi independentisten kontrako epaiketaren ebazpenak «dena» markatuko du. Ingridek dioenez, «oso luzea» da prozesua. «Argi zegoen aldebakarreko bidearekin ez genuela lortuko». Adostutako erreferendum bat egiteaz mintzo da, nahiz eta jakin «oso zaila» izango dela «laster» halakorik lortzea.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak autogobernuari buruzko erreferendum bat egitea proposatzen du, ez gehiago. Horren harira, ondokoa esan zuen Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak, ekitaldiaren bukaeran: «Sanchezi esaten diogu ez ditugula sinesten bere promes faltsuak».

CUPentzat, «utopia»

Vidal Aragones CUPeko diputatuek atzo adierazi zuenez, adostutako erreferendum bat eskatzea «utopia atzerakoia» da. Espainiarekin negoziatzearen alde agertzen direnei, JxCri eta ERCri, leporatu zien herritarrak «nahasten eta nekatzen» aritzea.

«Elkarrizketaren alde» dagoela errepikatu zuen, atzo ere, Sanchezek, Senatuan egin zuen agerraldian. Subiranistei buruz ondokoa esan zuen: «Legea betearaztera eramango ditugu».

Kataluniako Gobernuak «soinu olatuan» parte hartu zuen arratsaldean, goizean, Rafael Casanovaren monumentuan, urteroko lore eskaintza egin eta gero. Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilari eta bozeramaileak egoeraren ezohikotasuna nabarmendu zuen, eta Sergi Sabria ERCko bozeramaileak azpimarratu zuen ez dutela «etsiko» erabakitzeko eskubidea eduki arte. Ciutadansek eta PPk ez zuten lore eskaintzarik egin.

Estrategiaren eztabaida gaiztotua

Elkartasuna baino zerbait gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.