Osakidetza. Oposizioei buruzko salaketak. Roberto Sanchez. Anestesista

«Zerbitzuburuek eta sindikatu batzuek postuak banatzen dituzte»

Osakidetzako espezialitateetako oposizioetan filtrazioak ohikoak direla salatu duten hiru medikuetako bat da Sanchez. Pozik dago, auziaren inguruko eztabaida sekula ez zelako iritsi «horren urrutira».

BERRIA.
Samara Velte.
Andoain
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Hainbat urtez familia mediku gisa aritu ostean, anestesiologiako postua lortzeko hautagai da orain Roberto Sanchez (Bilbo, 1974). Espezialitatean hasterakoan jakin zuen filtrazioen berri. Osakidetza «jolasean» ari dela dio: «Mundu guztiak daki zer gertatzen den».

Salatu duzue arrunta dela oposizio batzuetan azterketen edukia «hautatutako» gutxi batzuei filtratzea. Nola funtzionatu izan du prozesu horrek?

Hori aspalditik egin da Osakidetzan, ospitaleetako espezialitateetan. Oposizioetara deitzen denean, epaimahaiak sortzen dira. Hor egoten dira ospitale handietako zerbitzuburuak eta sindikatuetako kide batzuk; oraingoa UGTk, sindikatu medikoak eta Satsek sinatu dute. Oposizioen aurretik biltzen dira, ikusten dute zenbat postu dauden, eta haien artean banatzen dituzte. Batzuetan, galderak ematen dira azterketen aurretik; beste batzuetan, esaten da sinadura bat jartzen dela azterketan, zuzentzaileak jakiteko zeu zarela azterketa egin duena.

Zer irizpideren arabera aukeratzen zaituzte edo ez?

Normalean, ez baduzu gerrarik ematen, lortuko duzu postua. Baina zerbitzuburu baten erabakia auzitan jartzen baduzu, ez. Niri gertatu zitzaidan: behin, lankide bat bota izana egotzi nion nire nagusi bati, eta berak erantzun zidan: «Tira, Rober, pentsatzen dut ez duzula Osakidetzan lan egin nahi». Eta Mirandan [Burgos, Espainia] lanean egon nintzen sei hilabetez. Gero, barkatu egin zidan, eta bueltatu ahal izan nintzen. Normalean, geldirik bazaude, zure unea helduko da. Horregatik ez dira atera hainbeste salaketa: jendea konformatu egiten delako.

Osakidetzako zuzendari nagusiak iragarri du berriz egingo dituztela hiru proba.

Esaten dute zuzenketan arazoak egon direla. Bada, zuzendu berriro; bestela, zertarako egin behar dituzu berriz? Haiek badakite zer gertatzen ari den, guk badakigu zer gertatzen ari den, baina jakina: oso gogorra da. Izan ere, dena onartzen baduzu, zer egingo duzu? Dimititu egin behar duzu.

Ahapeka ematen zen argudio bat zen prozedura horiekin bertako sendagilez osatutako lantaldeak bermatzen zirela.

Sistema hau legedi bat da beste legedi baten barruan. Bere arauak dauzka, eta jende guztiaren konfort eremua da. Zu 24 urteko emakume bat edo gizon bat baldin bazara, espezialitate batera sartzen dena, ez duena inoiz lan egin, gero hor geratzen dena, behin-behineko kontratu batekin, eta bakarrik mundu hori ezagutzen baduzu, zuretzat hori normalitatea da. Eta pentsatzen duzu: «Tira, hemen geldirik geratzen banaiz, lortuko dut nire postua». Orain traidore gisa ikusten gaituzte, pentsatzen dutelako hainbat azterketa berriz egiten badira «egokitzen» zitzaien horiei lanpostuak kenduko dizkiegula.

Hiru izan zarete hau salatzera irtendako medikuak. Osakidetzaren partetik intimidatuta sentitu zarete?

Osakidetza aski azkarra da guri mehatxu zuzenak ez bidaltzeko. Hasieran hirugarren pertsonen ahotan entzun genituen: esan ziguten jendea zebilela soka bila gu urkatzeko, eta ez agertzeko ez dakit zer ospitaletan. Gero, Osakidetzak martxan jarri zuen barne ikerketa bat, eta deklaratzera deitu gintuzten. Ikerketa hartan, kezka bakarra zen jakitea zein ginen gu, zergatik egin genuen egin genuena, eta zergatik boikotatu —hitz hori erabili zuten— nahi genuen oposizioa. Ikerketa batean, normalean, ez dakizuna ikertzen duzu, eta hori da ez zekitena: zergatik, nortzuk ginen, eta hori guztia. Beste guztia badakite.

Sindikatuek salaketak ere ipini dituzte. Bide judiziala, behintzat, abian da.

Horren sartuta geunden sistema honetan, ezen jendeari ahaztu egin baitzaio delitua dela diru publikoarekin pribatua balitz bezala jokatzea. Nik pentsatzen dut zantzu nahikoa badaudela auzitara iristeko, baina ikusiko da. Beste adibide bat: badakizu nola funtzionatzen duen espezialisten behin-behineko kontratazioak Osakidetzan? Normalena litzateke lan poltsa bat egotea eta hortik deitzea, merituen arabera. Bada, ez: zuk aurkeztu behar diozu curriculuma zerbitzuburuari, eta, hark pentsatzen badu merezi duela zu kontratatzea, orduan hitz egiten du giza baliabideetakoekin.

Jende asko gustura dago sistema horrekin, eta esaten dute batez ere antzinatasuna errespetatzen dela. Gu entzuteko prest gaude: atera daiteke debate publikora, «Begira, espezialistak ez dira hainbeste, agian gauzak beste era batera egin behar dira». Egin dezakegu sistema ingelesarekin: han, zerbitzuburuak aurrekontu bat dauka, eta berak kontratatzen du jendea. Baina hori egin behar da argitan eta takigrafoarekin, eta legea eskuan. Pentsa dezakezunez, sistema honek izugarrizko boterea eman die zerbitzuburuei, eta sistema klientelar bat bihurtu da: zuk mesedea eginez gero, mesedea lortuko duzu.

Osakidetzak beste lau diziplinatako oposizioak ikertuko ditu orain

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.