Irailean bilduko da aldebiko batzordea, jaso gabe dauden transferentziei buruz aritzeko

Mahai gainean izango dute Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo tren lineen transferentzia; baita Pasaiako portuaren deskatalogazioa ere

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile, atzo, Gasteizen. IREKIA.
Erredakzioa
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun

Polizia gehiegikerien legeari helegitea kentzeaz eta Eusko Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuei helegitea ez jartzeaz gain, astelehenean bildutako aldebiko batzorde horrek gai erabakigarri gehiago adostu zituen, atzo Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi zuenez. Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenen transferentzia abian jartzea izan zen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente hautatu berriak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den ekainean egindako bileran adostutako puntu garrantzitsuenetako bat, eta korapilo hori ere askatuz joatea da herenegun egindako bileran erabaki ei zena: Eskumenen Batzorde Mistoak bilera egingo du heldu den irailean, oraindik jaso gabe dauden eskumenen transferentziei buruz aritzeko.

1979an onartu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutua, erreferendum bidez, eta, harrezkero, lege organikoa den arren, hainbat eskumen igortzeko ditu Madrilek —Eusko Jaurlaritzak 2017ko irailean zerrendatu zituen txosten batean jaso gabe daudenak, eta 37 dira orotara—. Mariano Rajoyren agintaldian (2011-2018) ez zen eskumen bakar bat ere transferitu. Irailean gauzatuko dira, itxura guztien arabera, lehenengoak.

Mahai gainean dituztenetatik, izan ere, badaude batzuk jada adostuta daudenak eta gauzatzea baino ez zaienak falta. Horietako bat da Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo trenbide lineen transferentzia. Hori da Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aldebiko batzordeak adostu zuen lehenengo eskumen aldaketa. Izan ere, azkenean gauzatu ez zen arren, Mariano Rajoyren gobernuarekin ere jada hitzartuta zegoen aipatutako bi trenbide linea horien eskumena igortzea, 2016ko ekainean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi baitzuen Eusko Jaurlaritzari dagozkiola —bi horiez gain, beste bederatzi linea ere eskatzen ditu Jaurlaritzak—.

Ez da aparteko arazorik espero, beraz, Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo trenbide lineen transferentzian. Bestelakoak dira zerrendan dituzten hurrengoak: AP-68 eta AP-1 errepideak, eta Pasaiako portua. Horietan, «elkarrizketei ekingo» dietela jakinarazi zuen Erkorekak. Errepideen kasuan, bi autobide horien enpresa kontzesiodunekin harremanetan jarri eta Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik pasatzen diren zatiak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea da helburua.

Pasaiari buruz, «berariaz»

Pasaiako portuarena da irailerako utzi duten beste gai garrantzitsua. Erkorekak azaldu du «berariazko» bilera bat egingo dutela portuari buruz. Haren «deskatalogazioa» aztertzea da bilera horren abiapuntua, «interes orokorreko» portu izateari utz diezaion. «Horrek ez du esan nahi berehala gure aldarrikapen historikoa beteko denik eta azpiegitura hori guk kudeatuko dugunik», argitu du Erkorekak. Baina «borondate politikoa» ikusi du horretarako.

PPren helegiteak aurrena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.