Itun berderako bide orria

Funts bat herritarren sostenguaren bila

Batzordeak Klimaren Gizarte Funtsa eratzea proposatu du. Zazpi urtean 144.400 milioi euro lirateke, batez ere pobrezia energetikorako

Erregaien gaineko zerga batek piztu zuen Jaka Horien mugimendua, 2018. urteko azaroan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Ez egin akats hori. Suizidio politikoa izan daiteke», ohartarazi zion orain hamabost egun Pascal Canfin europarlamentariak Frans Timmermans komisarioari. «Guk horixe probatu genuen Frantzian, eta Jaka Horiak ekarri zizkigun», azaldu zion. Hala ere, Batzordeak bereari eutsi dio, eta etxebizitzen berokuntzak eta autoek isuritako karbonoa mugatzeko eta murrizteko, emisio eskubideen eskema berezia proposatu du, beste hainbat neurriren artean.

Eta kezka hor dago. Beroketa globala mugatzea mundu guztiarentzat izango da onuragarri. Baina, onurekin batera, deskarbonizazioak kostuak dakartza; besterik ez bada ere, behingoz, ekonomian barneratu egingo delako kutsatzearen kostua. Karbono dioxidoa isurtzea jada ez da doan; eta Batzordearen proposamenaren arabera, hemendik bizpahiru urtera kontsumitzaileek, zuzenean edo zeharka, ordaindu egin beharko dute autoarentzako edota berokuntzarako erregai fosilak erabiltzean isurtzen dutenagatik.

Kostu berri horien zama, ordea, askoz ere gehiago nozituko dute gizarteko talderik pobreenek, energia beharrek haien aurrekontuaren zati handiagoa hartzen dutelako, edota erregai horiek gehiago erabiltzen dituzten zonetako biztanleek, dela garraiorako behar handiagoak dituztelako, edo eguraldi hotzagoak, edo, orokorrean, erregai horiekiko mendekotasun handia.

Europan 34 milioi dira euren etxebizitza bero mantentzeko dirurik ez duten familiak, eta jende guztiak ez ditu aukera berak auto elektriko berri garesti bat erosteko, edo etxeko berokuntza sistema aldatzeko. Eta, orain, ordaindu egin beharko dute karbonoarengatik. Horrek haserrea piztu dezake, eta agintari politiko guztiek dituzte Jaka Horiak gogoan; nola mugimendua landa guneetan egin zen indartsu hasieran, dieselaren gaineko zerga igoeraren txinpartak haserrea piztu zuenean. Gero, aldarrikapen gehiago gehitu zitzaizkien, baina protestaren jatorrian neurri «bidegabea» zegoen.

Deskarbonizaziorako neurri «bidegabeen» kontrako erantzunak trantsizioa oztopatu dezakeelako kezka hor dago, eta, babes handiagoa izan dezaten, politika horiek distributiboago bihurtzeko moduak proposatu izan dira, hala nola karbonoaren dibidendua. Nolabaiteko txeke bat litzateke, karbonoaren gaineko zerga eta eskubide eskemetatik bildutako dirua banatuko lukeena, jende guztiari kopuru bera emanez.

Baina, Europako Batzordeak beste bide bat proposatu du. Funts bat eratu du nahi du, Klimaren Gizarte Funtsa, autoentzako eta berokuntzako emisio eskubideen eskematik bildutako diruaren %25ekin hornitua.

Diru hori urtero herrialdeen artean banatuko litzateke, Next Generation funtsen antzeko prozedurarekin, eta pobrezia energetikoa murrizteko helburuarekin: herrialde bakoitzak plan bat aurkeztu behar du mugarri jakin batzuk iristeko, gero Batzordeak onartzeko, eta mugarriak betetzen diren monitorizatzeko. Mugarri horiek iristea derrigorrezko litzateke herrialdeentzat diru hori jasotzeko.

Batzordearen arabera, zazpi urtean, funtsetik 72.200 milioi euro eta herrialdeetatik bete hainbeste, hots, orotara 144.400 milioi euro joango dira eraikuntzak berritzera, emisiorik gabeko garraioaren eskuragarritasuna erraztera —ibilgailu elektrikoak—, eta baita herritarrik ahulenen diru sarrerak handitzera ere. 2025. urtearen erdialdera hasiko lirateke banatzen laguntza horiek, emisio eskubideek prezioetan eragina izan baino lehen.

Nahikoa izango da hori kontrakotasunak eragozteko? Beharko. Frans Timmermansek argi dauka. «Jendeari honetan gehien inporta zaiona justizia da. Eta batzordearen ardura da erakustea elkartasunez eta justiziaz egingo dela trantsizioa. Hori frogatzea lortzen badugu, uste dut kontrako erresistentzia txikia izango dela; eta, ez badugu lortzen, kontrakotasuna itzela izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.