68ko Maiatza. Mugimendu feministen sorrera

Ahanzturatik jaio zen 'beste' iraultza

Europako mugimendu feminista garaikidearen hasieratzat jo izan dira 60ko hamarkadaren bukaerako gertakariak. Ez, ordea, espero zitekeen moduan: «Maiatz ederreko» jarrera matxistekin zapuztuta hasi ziren emakume asko antolatzen.

Emakume gazte batzuk Parisen, 1968ko Maiatzaren Leheneko manifestazioan. BERRIA.
Samara Velte.
Donostia
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Aspertu egiten gara, gizarteko geruza guztietan». Le Monde-k 1968ko martxoan esaldi sinple horrekin deskribatu zuen handik hilabete eskasera gainezka egingo zuen sentipena. Maiatz ederraren atarian, Europa erdialdea lozorroan zegoen: diktadurek izoztuta ez zeuzkaten lekuetan, konbentzio eta erlijioek eragozten zituzten aldaketa sozialak. Emakumeei izateko hiru modu baino ez zitzaizkien onartzen: ama, alaba edota emazte gisa. Ez da harritzekoa, hortaz, udaberriko lurrikara politiko eta soziala heldu zenean, haiei ere aldaketarako esperantza handiak sortzea. Aurki ikusi zuten, ordea, aldaketa nahi bazuten, eurek egin beharko zutela. Eta horrela sortu zen XX. mende amaierako feminismoa.

«Mugimendu feminista, ezagutzen dugun moduan, ez zen existitzen 1968an; ez, behintzat, Europan», azaldu du Kristina Schulzek (Bremen, Alemania, 1971), Bernako Unibertsitateko historialariak: «Hori baino gehiago, 68aren ondorio izan zen, hain zuzen ere, emakumeak ez zeudelako batere pozik mugimendu hartako gaiekin eta lanketarekin». Okupatutako ikastegietan erruz hitz egiten zen berdintasunaz, autoritatea eraisteaz, bizitza pribatua eraldatzeaz eta iraultza sexualaz, eta horrek emakume asko erakarri zituen mugimendura. Alemanian, neskek zein mutilek betetzen zituzten Theodor Adornoren hitzaldiak, eta Frantzian ere aktibo zeuden fakultate eta fabriketako batzordeetan.

Kristiane Etxaluz (Domintxaine, Zuberoa, 1941) ikaslea zen garai hartan Paueko Unibertsitatean. Horrez gain, Enbata alderdiko kidea zen, eta Ipar Euskal Herrira ihes egindako ETAko kideei laguntza emateko taldeetan aritzen zen, baita antzerki munduan ere: «Militanteak ginen ororen gainetik. Fabriketara joaten ginen, eskuorriak prestatzen genituen, eta abar. Garai hartan, frantses eremuko lehenbiziko fabrika okupatua Baionan zen: Manufacture d'Armes de Bayonne [Baionako Armen Manufaktura]. Hor baziren errefuxiatuak lanean, eta guk, intelektual gisa, edo abertzale gisa, uste genuen zerbait egin behar genuela borroka horietan».

Ordura arte, nork bere esparruan militatzen zuen: langileek lantegietan, eta intelektualek kulturan. 60ko hamarkadan, ordea, mugimendu zabalago bat hasi zen pizten. «Gure aldarrikapen nagusia zen herrialdean lan egiteko eta bizitzeko eskubidea», ekarri du gogora Etxaluzek: «Alderdi Komunista indartsu zegoen Bokalen, eta Hazparnen eta Maulen ere baziren fabrikak. Iparraldearen industrializazioa eskatzen genuen, lanpostuak sortzeko».

Hiru hitz ditu gogoan Etxaluzek 68ko Maiatzetik: «Erantzuna, matxinada eta poza». Interdit d'interdire leloa, horren sinbolo: debekatuta zegoen debekatzea. Bestalde, zerbait berria sortzearen irudipena hedatuta zegoen: «Sinesten genuen gure Euskal Herria ere berreraikiko genuela, herritar gehienekin; hain zuzen ere, botereek nahi ez zutena».

Parisko mugimenduen berri izan zuenean, Etxaluzen erreakzioa berehalakoa izan zen: «'Bagoaz ikustera'. Ni aski abentureroa izan naiz beti, baina jende anitzek esaten zuen: 'Horiek Parisko gauzak dira', edo 'Ikasle ero batzuen istorioa da'...». Beste bi lagunekin, auto txiki batean abiatu zen Baionatik iparralderantz: lehenbizi, Estrasburgora, han «Federalismoaren Estatu Jeneralak» izendatu zituztelako: «Enbatak bere buruari europar federalista deitzen zion». Iritsi zirenean topatu zuten egoera, ordea, ez zen espero izandakoa: «Leku bakoitzean euren iruditeria zeukaten, eta Estrasburgokoa Parisko Komuna bezalako zerbait zen. Etxegabe bat izendatu zuten euren Estatu Jeneraletako presidente, eta ez zen moldatzen: garagardoa eta ardoa nahi adina zeuzkan, eta txotxongilo baten moduan jokatzen zuen presidentearen rola. Denek barre egiten zuten». Enbatakoek aurki ikusi zuten ez zutela federalismoaz hitz egiteko aukera handirik izango, eta Parisera abiatu ziren. «Sorbonan bazeuden hitzaldiak, eta erabakiak hartzen ziren», gogoratu du Etxaluzek. Euskaldunekin, ordea, ez zekiten zer egin: «Gu iraultzaile gisa aurkeztu ginen, baina ez gintuzten espero. Sorbonako azken sotora bidali gintuzten, katangarrekin batera. Jende armatua ziren, eta euskaldunok ere gaizto itxura izango genuen nonbait, nahiz eta artean oraindik atentaturik ere ez zen egon».

Askatasunezko erretorika

Aurki heldu ziren ondorio batera: hura ez zuten euren iraultza. Emakume askok ere errealitate berberarekin egin zuten topo barrikadetan. «Askatasunaren eta berdintasunaren erretorika leku guztietan zegoen, baina emakumeek bestelako esperientziak bizi zituzten», azaldu du Schulzek: «Atzean geratzen zirela sentitzen zuten, batzertu egiten zituztela, ez zietela entzuten eta, oro har, atzealdeko lanak egiten zituztela, euren burua iraultzaren gidari izendatu zuten gizonek euren lana egin ahal izan zezaten».

Garai hartako feminista ezagunenetako bat Alice Schwarzer izan zen, jatorri frantses eta alemaniarreko kazetaria; bi herrialdeen arteko zubi lana egin zuen maiz. Hitz gogorrekin utzi zituen idatzita espazio iraultzaileetan bizi izandako zenbait gertakari; esate baterako, Pardon aldizkarian lanean aritu zenekoa: «Erredakzioko lehenbiziko emakumezko kazetaria izan nintzen, eta azkena ere bai. Hilean behin, azaleko argazkiak hautatzen zirenean, hormaren aurka proiektatzen ziren aukerak. Gehienetan komunaren bateko irudiak ziren; bertan, neska politek titiak erakusten zizkioten kamerari, eskuan bandera gorri bat astinduz iraultzaren sinbolo gisa. 'Aurrekoa hobe', esaten zuen editoreak: 'Titiburuak hobeto ikusten zaizkio'». Zirkulu militanteetan «gatazka nagusiaz» hitz egiten zen klase borroka aipatzean, eta «bigarren mailako borrokaz», berriz, emakumeez aritzean. Gerra Hotzeko testuinguruak ere izan zuen eraginik. «Garai hartan, zuria eta beltza bakarrik existitzen ziren ezkerraren barruan», oroitarazi du Schwarzerrek. Emakumeei sarri leporatu zieten aldarrikapen burgesak egitea eta klase borroka alde batera uztea, Schulzen arabera: «Europako emakumeen mugimenduak AEBetako feminista erradikalen eragin nabarmena izan zuen, eta hori ere ez zegoen errezeloetatik libre».

Etxaluz ere salbuespena zen garai hartan. Ez ditu gogoan protagonismoa hartu zuten beste emakumezko militante asko: «Bazeuden batzuk, baina beti ziren halakoren neska laguna edo bestekoren emaztea. Antzerki taldean ere baziren emakumezko pertsonaiak, baina ez ditut gogoan atxiki; gizonezkoak, bai». Militatzen eta hitza hartzen zuten emakumeak «bitxiak» zirela gogoratzen du: «Hor bazen bat, Mixu Irarregi, Ziburukoa sortzez, oso artista, musikaria, foto egilea, eta homosexuala, baina onartzen zuena; bikotekidearekin bizi zen. Berak feminismo hitza erabiltzen zuen, eta aipatzen zuen Ameriketan zegoen mugimendua. Baina ez zuen parte hartu Parisko mugimenduan; hura ez zen gure istorioa». Etxaluzek jendaurrean hitz egiteko ohitura izan arren, hura ez zegoen ongi ikusia: «'Nazkatuta gaude entzuteaz', esaten zuten batzuek».

Antisorgailuak eta abortua

Garai hartako eztabaidagai nagusietako bat —eta emakume asko kalera atera zituena— ugalketaren kontrola zen. Frantzian, antisorgailuak 60ko hamarkadaren hasieratik zeuden merkatuan, baina gutxik zeuzkaten eskura; oro har, ezkondutako emakumeei bakarrik errezetatzen zizkieten.«Iraultza sexualaz eta maitasun askeaz hitz egiten zen, baina maitasun aske horren ondorioez ez: alegia, emakumeak nahi gabe haurdun geratzen zirela», azaldu du Schulzek. Hori ere bazen frustrazio iturri: «Alde batetik, askatasuna predikatzen zitzaien, baina, bestetik, haien mugak betikoak ziren».

Erresuma Batuko egoera zen desberdinena: han, 1960ko hamarkadarako erregulatuta zegoen abortua, eta emakumeen aldarrikapenak gehiago kontzentratu ziren lan esparruan eta autonomia ekonomikoan: Dagenham hiriko Ford fabrikako emakumezko langileek, adibidez, greba arrakastatsua egin zuten 1968an, baldintza parekoagoak lortzeko.

Bidasotik hegoaldera are zorrotzagoa zen egoera. Francisco Francoren diktadurapean, emakumeen jarduna, funtsean, aitaren edo senarraren esku zegoen; haien baimena behar zuten kontu korronte bat zabaltzeko, , besteak beste. «Feminista garrantzitsuenak erbestean zeuden 1939tik; esate baterako, Pepita eta Elisa Uriz, Nafarroako irakasle eta pedagogo izugarriak, Espainiako Emakumeen Batasuna sortu zutenak», ekarri du gogora Maria-Milagros Riverak (Bilbo, 1947), Bartzelonako Unibertsitateko Historia irakasle eta Duoda Emakumeen Ikerketarako Zentroko sortzaileak. Hura ere militante aktiboa zen 60ko hamarkadan, Bartzelonan ikasle zenean: «Grebak oroitzen ditut, fakultateen itxierak; grisen jazarpena; Via Laietanako polizia etxeko atxiloketak; Model espetxera bisitak, han baitzegoen preso nire anaia; gerra kontseiluak; zentsura... eta nire gizonezko iraultzakideen matxismoa ere bai». 68ko Maiatzak promestutako iraultza sexuala, funtsean, «atzerakoia» izan zela uste du: «Emakumeon askatasunaren aurka erreakzionatu zuen, patriarkatua areago ezarriz. Garai hartan txiste bat zebilen bueltaka, eta euren artean barre asko egiten zuten, 'The position of women is prone' esanez, alegia, emakumeen posizioa ahoz gora dela». Riverak 1966ko ikasleen hauteskundeak ditu bereziki gogoan: «Mutilek ahal zuten guztia egin zuten eurak baino askoz argiagoa zen neska bat ez zedin aukeratua izan. Hor utzi nion haien iraultzan sinesteari, eta neurea egiten hasi nintzen». Emakume taldeak autonomoki funtzionatzen hasi ziren handik gutxira: «Ez ginen bigarren sexua, ezta auzi bat ere. Ohartu ginen askatasuna maite genuela guztiaz gaindi, baita maitasun erromantikoaz eta derrigortutako heterosexualitateaz harago ere. Kideek subjektutzat gintuzten edo ez, ez zitzaigun axola: gure erara izan nahi genuen libre, ez haien sexualitatea asetzeko».

Diktaduraren zentsura zorrotza gorabehera, Europako erreferentzien joan-etorriaren zati bat iritsi zitzaien Hego Euskal Herriko eta Kataluniako feministei ere. Simone de Beauvoirren Bigarren sexua 1940ko hamarkadatik zegoen idatzita, baina berriz eta begi berriekin irakurtzen eta eztabaidatzen hasi ziren; berdin AEBetatik heldutako lanekin. Apurka, ekintza kolektibo apal baina esanguratsuak antolatzen hasi ziren kontinente osoko emakumeak. Frantzian, esaterako, II. Mundu Gerraren amaieraren urteurreneko ekitaldia du gogoan Schwarzerrek: «Soldadu ezezagunari eskainitako lore sortaren alboan, emakume talde batek beste bat ipini zuen, Soldadu ezezagunaren emazteari eskainia. Zuzenean polizia etxera eraman zituzten. Hor zeuden: Frantziako lehenbiziko feministak».

Kalean ere hasi ziren lelo feministak ikusten: Ez ama, ez objektu, ez puta. 1968an, Emakumeak Askatzeko Mugimendua (MLF) sortu zuten Frantzian, eta hiru urte geroago, 324en Manifestu ezaguna argitaratu zuen Le Nouvel Observateur-ek: bertan, 324 emakume ezagunek abortatu zutela adierazi zuten jendaurrean, eta eskubide hori unibertsala izan zedila eskatu zuten. «Lehergailu baten modukoa izan zen», oroitarazi du Schwarzerrek. Zubi lana egiten zutenek Alemanian ere antzeko ekinbidea sustatu zuten: ekainaren 6an argitaratu zen han 374en Manifestua. «Horrek eragin zuen elur jausia. Emakumeak hitz egiten hasi ziren, eta ez soilik unibertsitatean edo etxean. Euren desesperazioaz. Euren sexualitateaz. Euren ametsez. Gainerakoa ia berez etorri zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.