Hemezortzi lagunen esanak jasota bukatu da Nafarroako Kutxako ikerketa batzordea

CANen galera kudeatzeko modua babestu dute orduko arduradunek. Batzordea 2016an sortu zen, aurrez UPNk eta PSNk ikerketa zailduta

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiaren agerraldiarekin bukatu zen atzo Nafarroako Kutxaren ikerketa batzordearen agerraldien fasea. Sanz izan da azkena mintzatzen, bere aitzinetik hamazazpi pertsona solastu baitira. Ekainean bukatzekoa zen arren, uste baino gehiago luzatu da fasea.

2012ko martxoaren 26an, Caixabankek Banca Civica eta Nafarroako Kutxa bereganatu zituen. Ordutik, Nafarroako erakunde publikoek aurrezki kutxa izandakoaren kontrola galdu dute. Nafarroako gizartean oihartzun handia izan zuen errotuta zegoen aurrezki kutxaren galerak, baina,garaiko arduradun politikoek, ez UPNk ez eta PSNk ez zuten azalpenik eman. Oposizioa hainbat aldiz saiatu zen ikerketa batzorde bat sortzeko, baina bi alderdiek blokeatu egin zituzten. 2014ko azaroan, ordea, hauteskundeak ate joka zirela, PSNk batzordea onartzea ahalbidetu zuen. Hilabete gutxi geratzen ziren parlamentua desegiteko, eta bide laburra izan zuen.

2016an berriro osatu zuten, eta Enrique Goñi kutxako zuzendari ohia izan zen batzordetik igaro zen lehena. Lau egunez galdekatu zuten parlamentariek. Bere kudeaketa defendatu zuen Goñik: «Porturik onenera ailegatu ginen, Caixabankera». Goñiren ondotik, batzordetik igaro zirenLorenzo Riezu eta Manuel Lopez Merino CANeko lehendakari ohiak. Zalantzan jarri zuten biek Goñiren bertsioa.

Jose Antonio Sarria kontseilari ohia eta Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohia irailean izan ziren. Goñiren bertsioa defenditu zuten. Ez, ordea, Juan Oderiz zuzendariorde ohiak. Goñiren eskuineko eskuak onartu zuen kudeaketan alde ilunak egon zirela.

Politikarien txanda

Batzordean egon zen lehen politikaria Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia izan zen. CANek banku gisa jarraitu ahal izatea «entelekia» zela adierazi zuen.Yolanda Barcina gobernuburu ohiaren agerraldiak sortu zuenikusminik handiena. Hark, ordea, zalantzan jarri zuen batzordearen egitekoa. Finean, erantzukizun oro saihestu zuen: «Finantza sistema tsunami ekonomiko izugarri batek jo zuen. Caixabank portu ona zen Nafarroako Kutxarentzat». Azpimarratu zuen, «galera mingarria» izanagatik, ekonomikoki ez zela izan «hain garrantzitsua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.