«Txikia delako itxiko dute»

Gasteizko Udalak eta Haurreskolak partzuergoak Txantxangorri haur eskola publikoa itxiko dute, matrikulazioen jaitsiera argudiatuta. Langileak eta familiak itxieraren aurka agertu dira.

Txantxangorri haur eskola, Gasteizko Ibaiondo auzoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Haur eskolaren horma koloretsuan eskegi duten pankartan letra larriz irakur daiteke aldarria: «Hirietan ere haur eskola txikiak bizirik! Txantxangorri ez itxi». Hamazazpi urtez Gasteizko Ibaiondo auzoko familiei zerbitzua eskaini ondotik, datorren ikasturtean behin betiko itxiko ditu ateak Txantxangorri haur eskola publikoak. Haurreskolak partzuergoak eta Gasteizko Udalak hartu dute erabakia, matrikulazioaren jaitsiera argudiatuta. Harridura eragin du erabakiak langile zein familiengan, egun batetik bestera jakinarazi dietelako, ikasturtea amaitzear delarik. Baina, ororen gainetik, ezinegona eta tristura sorrarazi die itxierak. Erabakiaren aurkako sinadura bilketa bat hasi dute, eta protestak ere bai.

Txantxangorri haur eskola ez da ixtea erabaki den bakarra. Azken urteotan hetsi dituzte beste hainbat haur eskola, matrikulazioaren jaitsieraren ondorioz defizitarioak direla argudiatuta. Arrazoi hori erabili zuten, esaterako, Gasteizko Almudena Cid eta Txirinbil haur eskolak ixteko 2013an. Virgen Blanca haur eskolaren itxiera ere iragarri zuten orduan —Abetxukuko D ereduko haur eskola publiko bakarra da—, baina, langileen eta herritarren presioari esker, irekita mantentzea erdietsi zuen.

«Txantxangorri ixteko arrazoi nagusia matrikulazio kopuruaren beherakada da». Horixe Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturriek BERRIAri adierazi diotena. Haur eskolak 34 leku eskaintzen ditu, eta oraintxe bertan zazpi ume daude matrikulatuta; datorren ikasturterako lau familiak zuten izena emanda, hain justu ere partzuergoak haur eskola bat irekita mantentzeko ezarria duen gutxieneko kopurua. Hala ere, ixteko erabakia arrazoitua dagoela uste du Hezkuntza Sailak: «Auzo horrek baditu beste haur eskola batzuk leku nahikoarekin matrikulatu diren ume horiek inolako arazorik gabe birkokatzeko».

Jaurlaritzak esan du Gasteizko Udalarekin batera hartutako erabakia izan dela, baina udaleko iturriek ukatu egin diote hori BERRIAri: «Erabakia partzuergoak hartu du; guk ez dugu zerikusirik».

Haur eskolaren itxiera «ezustea» izan da bertako langileentzat. Martxoaren hondarrean jakinarazi zieten haur eskola itxiko zutela, eta erabakia sinetsi ezinik daude oraindik: «Ez genuen espero; kolpe handia izan da». Lau hezitzaile eta udal langile bat ari dira lanean Txantxangorrin. Hezitzaileek diote itxieraren arrazoiei buruzko azalpen urriak eman dizkietela partzuergotik. «Esan ziguten ixtea erabaki dutela matrikulazioak behera egin duelako, eta hemengo familiek bermatua izango dutela lekua auzoko beste haur eskoletan», azaldu du Zuriñe Mesanzak. Txantxangorriko langileek argi dute itxieraren atzean arrazoi ekonomikoak daudela: «Bileran aipatu zuten diru publikoa ongi bideratu behar dela», dio Sandra Iñiguez de Herediak.

Haur eskolako hezitzaileek, baina, zio ekonomikoaz harago begiratzen dute. Eskola txiki batek dituen abantailak ugariak direla iritzi diote, eta horiek ezin neurtu daitezkeela diruarekin. «Familia bat gara», esan du Laura Fernandezek. «Nire bigarren etxea da», erantsi du Iñiguez de Herediak. Lan egiteko moduan, familiekiko harremanetan eta umeak zaintzeko eran, denetan uste dute abantaila dela haur eskola txikia izatea. «Lan egiteko modua oso ezberdina da, denbora eskaini ahal diogu ume bakoitzari, eta kalitatezko harreman bat sortzen dugu», azaldu du Mesanzak. Haatik, deitoratu dute langileentzat eta familientzat onura dena desabantaila izatea instituzioentzat: «Txikiak garelako itxiko dute».

Familientzat ere «kolpea» izan da itxiera. «Ni gustura nago Txantxangorrin, eta nire semeak hor segitzea nahiko nuke». Egun batetik bestera beste haur eskola batean matrikulatu behar izan du bere urtebeteko semea Jessica Bermejok, eta, azaldu duenez, pena handiz egin du. Haur eskolaren «familia giroa» azpimarratu du: «Gure seme-alabak altxorrik preziatuenak dira, eta haur eskola honetan jaso dugun tratua berezia izan da; hezitzaileen inplikazioa oso handia da». Beatriz Lopez-Davalillo amarentzat ere galera handia da haur eskola ixtea, eta erabakiaren aurka sinatu du. Bi semeak eraman ditu Txantxangorrira, eta bidean dena han matrikulatzeko asmoa zuen. Bertako tratu «familiarra» goraipatu du, eta baita haur eskolak auzoari ematen dion «bizitza» ere.

Publikoaren aurkakoa

Txantxangorriren itxierarekin suminduta azaldu dira ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere: hezkuntza publikoaren aurkako erasotzat jo dute sindikatuek. Mikel Uranga ELAko arduradunak uste du itxieraren atzean arrazoi ekonomikoak eta murrizketa politikak daudela: «Haurreskolak partzuergoa eta Hezkuntza Saila irizpide murriztaileagoak ezartzen hasi dira haur eskolak irekita mantentzeko, hala nola ordutegiak gutxitzea eta ratioak igotzea. Horrek ekarriko du gela batzuk edo zentro batzuk guztiz ixtea».

Urangaren iritziz, haur eskolek zerbitzu publikoa betetzen dute, eta irizpide ekonomikoa ez litzateke izan behar lehenetsi beharrekoa: «Kalitatea bermatu behar da beste ezeren gainetik». Txantxangorrin lanean ari diren hezitzaileen «ezinegona» handia dela azpimarratu du sindikatuko kideak, eta Hezkuntza sailari eskatu dio haien egoera lehenbailehen argitzeko.

Txantxangorri itxita, 24 haur eskola zabalik egongo dira Gasteizen datorren ikasturtean: horietatik 19, Haurreskolak partzuergokoak, eta gainerako bostak, Gasteizko Udalarenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.