Suizidioa. Prebentzioa. Jon Garcia Ormaza. Psikiatra

«Hildakoaren inguruko informazio dena aztertzen da»

Prebentzioa ardatz, Garcia Ormazak argi du suizidioen atzean dagoena ezagutu behar dela; asmo horrekin, autopsia psikologikoak egiten hasia da, hainbat sendiren eskabideei atxikita.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2019ko azaroak 3

Bizkaiko Buruko Osasuneko Sareko psikiatra da Jon Garcia Ormaza (Santurtzi, Bizkaia, 1979). Argi du suizidio asko usu «ezkutuan» geratzen direla: atzeman ezin. Kasu askori buruzko informazioa, halaber, aski urria izaten da. Horregatik, alorraren gaineko ezagutza hobetze aldera, uste du «autopsia psikologikoak» tresna baliagarriak direla, eta horretan hainbat urrats egiten ari da. Garbi du, betiere, sendiaren babesarekin egin behar direla.

Zer-nolako tresna mota dira autopsia psikologikoak?

Autopsia psikologikoa suizidioz edo modu ezezagunez hildako pertsonaren datuak eta informazioa aztertzen dituen prozedura da. Informazio iturri baliagarri guztiak erabiltzen dira: erregistro medikuak eta forentseak, datu soziodemografikoak, finantza egoera, hildakoaren idatzizko testigantzak, froga eta arrasto birtualak —sare sozialak eta Internet—... Horiekin guztiekin batera, eta familiaren aldez aurreko baimenarekin, haren inguruko persona adierazgarriak elkarrizketatzen dira; senideek, adiskideek, lankideek eta abarrek esandakoak hildakoa ezagutzea permititzen du. Bizitzako azken egun eta asteetan bere buruaz beste egiteko motibaziorik egon zen ikustea izaten da asmoa. Prozesu luzea izaten da. Hildakoaren familiaren borondatea beharrezkoa izaten da halakoak egiteko.

Haien oniritzia.

Hori da. Bizkaian egiten ari gara halako batzuk, eta egiten ari gara familiek eskatuta. Esate baterako, familia batek esaten du: «Gure senide bat hil egin zen, ofizialki ez zen suizidioa izan, baina guk badaukagu bere buruaz beste egin zuen susmoa». Orduan, hasten gara pertsona horren inguruan dagoen informazioa aztertzen, eta motibazio hori egon zen jakitea izaten da helburua. Motibo horiek ulertzeak efektu terapeutikoa du familiarengan, erruduntasunak behera egiten duelako.

Ebidentziak daudenean ere halakoak egitea egongo da, ezta? Suizidioaren gaineko ezagutza hobetzen joateko, eta horien atzean zer arazo egoten diren jakiteko...

Suizidioa gertatzen da, oro har, pertsona horrek arrisku faktoreak dituelako, babes faktoreak existitzen ez direlako edo nahikoa indartsuak ez direlako, eta, azkenik, faktore abiarazle batzuk existitu direlako. Horiek eguneroko bizitzako gertakari normalak izaten dira kasurik gehienetan: ohikoak izaten dira, adibidez, giza harremanekin lotutako kontuak; bikote erlazioekin-eta sarri askotan. Izan daitezke, era berean, gertukoen heriotzak, arazo ekonomikoak, lege arazoak, atxiloketak... Suizidio kasuetan beti egoten da horrelako faktore abiarazleren bat. Autopsia psikologikoekin, hori bilatu egiten dugu, eta horren eragina edo garrantzia aztertu, etorkizunera begira hori bezalako heriotza gehiagori aurrea hartzeko.

Baina okerra izaten da suizidioen atzean kausa bakar bat dagoela pentsatzea, ezta?

Hori ez da sekula horrela izaten; suizidioa ez da faktore bakar baten ondorioz gertatzen. Faktore abiarazleek lehendik arriskua duen pertsonaren arriskua areagotzen dute. Baina ezin da esan: «Honengatik gertatu zen».

Zer sendotasun du buruko eritasunen eta suizidioen arteko binomio horrek? Beti al dago atzean buruko gaitzen bat?

Askotan, bai. Egia da arrisku faktoreen artean nagusietakoa direla desoreka psikiatrikoak; bereziki, depresioarekin lotutakoak, baita toxikoen kontsumoa, psikosiak edo nortasunaren desorekak ere... Baina ez dago beti desoreka psikiatriko nagusi bat. Askotan detektatzen ditugu eguneroko bizitzako gertakariren batek eragindako desoreka adaptatiboak. Baina desoreka psikologiko nagusi bat ez da beti egoten.

Autopsia horiek ohiko eran egiten dira beste zenbait tokitan?

Mundu mailan, seguruenera herrialde aurreratuenak Ameriketako Estatu Batuak izango dira: han autopsia psikologikoen prozedurak guztiz sartuta daude eguneroko lanean. Ulertu behar dugu autopsia psikologikoak badituela bi eragin positibo. Bat, suizidioaren prebentzioari dagokionez; arrisku faktoreen eta faktore abiarazleen inguruan gero eta gehiago jakin, prebentziorako hobe. Bestetik, bere buruaz beste egin duen pertsonaren senideentzat eta lagunentzat dauka efektu oso terapeutiko bat, ulertu behar dugulako azterketa horrek emango digula pertsona horren motibazioaren eta sufrimenduaren intentsitatea ulertzeko era.

Beraz, bide batez, familiak heriotza horren harira senti dezakeen errua arintze aldera mesedegarria izan daiteke, ezta?

Hori da. Azkenean, ulertu egiten dugu pertsona horren sufrimendua nolakoa zen. Izan ere, bere buruaz beste egiten duen pertsona bat min jasanezin bat ari da sufritzen; min hori hain da handia, ezen sentitzen duen hiltzea dela sufrimendu horretatik ateratzeko daukan aukera bakarra. Finean, pertsonak ez du nahi hiltzea: nahi du sufrimendu hori bukatzea. Eta autopsia psikologiko batekin uler dezakegu gure gertuko bati hori gertatu zaiola.

Gaiaz gero eta gehiago hitz egiteak azterketa mota hauek egiteko era ere erraztuko du, ezta?

Kontu handiz ibili behar dugu horrekin. Hainbat pertsona ez dira eroso sentitzen gai honi buruz berba egiten. Suizidioak mindutako pertsonen elkarteek eta medikuek prozedura honen berri izan behar dute. Hainbat familiak, adibidez, badakite ni azterketa hauek egiten nabilela, eta haiek dira euren kabuz nirekin harremanetan jartzen direnak.

Egun eskura dauden datuei begira, hainbat datu nabarmengarri badira. Gizonezkoen artean, esaterako, ugariagoak dira suizidio kasuak. Zer dago atzean?

Arrazoi asko daude. Alde batetik, gizonak agresiboagoak eta oldarkorragoak gara. Gero, laguntza eskatzeko zailtasunak ere izaten ditugu sarri, hainbat espektatiba sozialen arabera jarduten baitugu. Beste aldagai bat ere bada: su armak-eta eskura izateko erraztasun handiagoa dugu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea maskararekin, Hendaiako tren geltokian. / ©Guillaume Fauveau

Leku publiko itxietan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da Ipar Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki

Jean Castex Frantziako lehen ministroak adierazi du heldu den astetik aitzina sartuko dela indarrean neurria Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Frantzia iparraldean eta Paris ingurunean foku gehiago agertu dira azken asteetan.

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburua agerraldi batean. ©David Aguilar

80 kasu gehiago agertu dira Hego Euskal Herrian

Andoni Rekondo Izagirre - Joxerra Senar

Azken 24 ordutan 58 kasu agertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 22  Nafarroan. Beste pertsona bat hil da COVID-19aren ondorioz

Iruñeko Carlos III etorbidean, jendea maskara eramanez. Erabilera orokortzen ari bada ere, joera hori areagotzea bilatzen du administrazioak. / ©IÑIGO URIZ /FOKU

Kalean ere, maskararekin

Joxerra Senar

Maskara erabili behar da toki irekietan eta itxietan: gaurtik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bihartik Nafarroan. Hegoaldean, 80 kasu agertu dira, eta birusaren aurrean erne egotera dei egin dute.

Herritar bat maskara jantzita duela, artxiboko irudian. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Larunbatetik aitzinera maskara derrigorrezkoa izango da Trebiñun

Ainhoa Larretxea Agirre

Sei urtetik gorako herritarrek derrigorrez erabili beharko dute maskara leku ireki zein itxietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna