Albistea entzun

19. Korrika. Helduen euskalduntzea

Lapitza, urte osoko lekukoa

Korrika amaituta, euskaltegietan jarraituko dute lekukoarekin bihartik aurrera. Ez dituzte garai errazak. 'Euskahaldun' leloak sendotzea itxaro dute, sektorea estrategikotzat hartuko dutela.
Ikasle batzuk, euskaltegian. Artxiboko irudia.
Ikasle batzuk, euskaltegian. Artxiboko irudia. BERRIA

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko martxoak 29

Bidearen bukaerara iritsiko da gaur Korrikaren lekukoa. Barruan daraman mezua lau haizeetara hedatzeko garaia izango du eguerdian. Beste bide batek jarraituko du bihartik aurrera, ordea. Arkatzek hartuko diote lekukoa, euskaltegietako arkatzek. Korrikak bidean nola, hala izan dituzte aldapak eta ezinak azken urteetan. Matrikulazioaren jaitsierak beldurtu ditu, nahiz eta azken urtean zuzentzen hasi den. Euskahaldun leloa Euskal Herriaren luze-zabalean hedatuta, bultzada espero dute orain. Hor jarri du datozen hilabeteetarako erronka Mertxe Mugikak, AEK-ren koordinatzaile nagusiak: «Helduen euskalduntzea agendan jarri behar dugu, babes instituzionala handitu Korrikarekin sortu den uholdea aprobetxatuz».

Ez dira errazak izan azken urteak. Lau urtez jaitsiera izan da matrikulazioan. Ikasturte hasierako datuak aintzat hartuta, 3.600 estudiante galdu zituzten 2011tik 2013ra. Hamar ikasletik bat. Azken ikasturtean eman du buelta joera horrek, batez ere Gipuzkoako gorakadari esker, baina ez da heldu jaitsiera aurreko datuetara. Justuan dabiltza. «Ez da erraza izaten ari, ez», aitortu du udal euskaltegien ordezkari Mari Paz Martinek —Beasaingo (Gipuzkoa) udal euskaltegiko zuzendaria da—.

Matrikulazioaren gorabeherez aparte, beste joera bat argi ari dira nabaritzen: gero eta ikastaro laburragoak hartzen dituzte ikasleek. «Azken bi-hiru ikasturteetan, orokortua da erritmoa apaltzeko joera», azaldu du IKAko ordezkari Joxerra Olanok. Astean zortzi ordu baino gutxiagoko saioak ari dira gehitzen. Egoera horretara egokitu beharko dutela uste du AEK-ko buruak, baina ohar egin du: «Minimoa ezinbestekoa da».

Nola erakarri herritarrak

Orduen kopurua jaisteko zer gertatu den ez dakite ziur, baina gisa bereko susmoak dituzte batean eta bestean. «Joera estrukturala da: jendea gero eta okupatuago dago, gero eta eskaintza, aukera eta lotura gehiago ditu bere eguneroko bizimoduan». Joseba Erkizia HABEko zuzendariaren iritzia da. Mugikak ere uste du «lehentasun gehiago» dituela jendeak, eta hor tartean lekua egin behar dutela euskaltegiek. Nafarroako talaiatik, lehentasunen gaiari heldu dio Olanok: «Beharraren pertzepzioa. Herritarrak hautematen du ingelesa beharrezko duela; euskara, aldiz, ez».

Beste bide batzuk jorratzen ari dira. «Xede berezietarako ikastaroekin ari gara: oinarrizko hogei ordukoak, idazkuntza lantzekoak... Jendeak uste du ordu asko direla, zaila dela. Erakargarriago zaie horrelako ikastaroak egitea. Igual gero animatzen dira», esan du udal euskaltegien ordezkariak.

Indar handia hartu dute langabeentzako ikastaroek ere. Doakoak dira. Aukera berriak zabaldu ditu horrek, Martinen arabera: «Etorkin asko etortzen zaizkigu horrelakoen bidez, bestela euskaltegira joango ez liratekeenak».

Denboraz gain, dirua ere eskatzen baitu euskara ikasteak. Ikastaroen iraupenaren arabera, asko aldatzen da prezioa. Erkiziaren arabera, ordua euro bat-bi euro artean kostatzen da. 250 orduko ikastaroarekin jarri du adibidea IKAko Nafarroako ordezkariak: 535 bat euroko gastua dute ikasleek. «Ahalegin ekonomikoa da hori, eta gehiago krisi garaian». Prezioak ez igotzeko, euskaltegiek eginahala egin dutela nabarmendu du, baina arazoa oso argia da: «Gobernuak ez du batere laguntzarik ematen, ez herri ekimeneko euskaltegiei, ez ikasleei». Euskaltegiek ez dute sosik eskuratu 2012tik. «Gastua nonbaitetik jaitsi behar zela dio Euskarabideak». Nafarroako udal batzuek ematen dute laguntza, baina ez dira asko. Iruñean, adibidez, barnetegietarako soilik dago diru sail apal bat.

Egoera hobetzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Jaurlaritzak berreskuratu du ikasleei tituluak lortzeagatik ematen zien laguntza. Erkiziak egin du azterketa: «Ikasleak kostuaren laurden edo bosten bat ordaintzen du. Gero zati handi bat errekupera dezake, HABEren laguntzekin zein udal askok dituztenekin».

Jaurlaritzak diru laguntzak berreskuratzea aurrerapausoa dela aitortu dute euskaltegiek, baina urrats gehiago eskatu dituzte. Mugikak adierazi du laguntzak ez direla iritsi lehengo zituzten kopuruetara. Erkiziak dio «oso mugaturik» dituztela baliabideak. Nabarmendu du pauso gehiago emango dituztela datorren urtetik aurrera: A1 eta A2 mailek titulua izango dute aurrerantzean, eta laguntza ere bai —orain maila horietatik gora daude diru laguntzak—.

Doakotasunaren bidean

Laguntzak gorabehera, euskaltegi sare guztiak bat datoz: doakoa izan beharko luke euskara ikasteak. «Ikasleen aldetik, eskubide unibertsala izan beharko luke horrek», nabarmendu du Martinek.

Egoera oso aldakorra da batetik bestera. Herrialde batzuetan ez dago batere laguntzarik; beste batzuetan, gobernuarena eta udalarena. Erkizia: «Udalen eta HABEren laguntzak osagarri eta bateragarri dira. Biak eskuratzen dituztenek doan edo ia doan egiten dituzte ikasketak». Hala ere, uste du urrats gehiago egin behar direla doakotasunerantz. Gipuzkoan proiektu bat jarri dute abian, aldundiaren altzoan. Matrikularen %75 pagatzeko konpromisoa hartu dute, xedea %100era iristea dela. Datorren legealdirako nahia da.

Korrikaren amaiera gaur. Helduen euskalduntzeari bultzada bat emateko garaia dela nabarmendu du Mugikak. «Ibilbide orri bat» eskatu du «hain estrategikoa den sektorea normalizatzeko». Orain bi hilabete, gutun bat argitaratu zuten euskaltegiek BERRIAn, eta harremanetan dira Jaurlaritzarekin. Premia badela uste du IKAko Nafarroako ordezkariak: «Egoera penagarria da. Plangintza orokor bat behar da». Lantokietan euskara ikasteko erraztasunak ematea, kanpainak egitea... Alor asko aipatu ditu. Estrategikoak euskararentzat. Erkizia: «Jabetu gara euskararen etorkizuna ezin dela gazteengan bakarrik utzi, denon eginkizuna dela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ertzaintzaren kontrol bat, Gasteizko irteeran. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Intzidentzia 400dik gorakoa da Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan

Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz Arantxa Iraola

Bilbo eta Gipuzkoa itxiko dituzte, eremu gorrian sartu ostean. Positibo tasa %8,9 da Hegoaldean. Ostalariek helegitea jarriko dute, baina, Urkulluren esanetan, oraindik ezin dira neurriak arindu
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Diru sarreren faltak oso egoera txarrean utzi du jendea»

Maria Ortega Zubiate

Izurriak zaildu eta moteldu egin du nazioarteko lankidetzan dabiltzan GGKEen lana, eta egoera bidegabe asko gordindu egin dira. Horien eragina apaltze aldera politika publikoak sustatu behar direla defendatu du Calvok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna