Beste hiru salaketa ipini dituzte Donostian andreen aurkako erasoekin lotuta

Indarrez neska adingabe bat hartzeko ahalegina egitea egotzita, gizon bat atxilotu dute. Guztira jaietan zazpi eraso izan direla onartu du Goiak

Sexu erasoen aurkako protesta, asteon, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Festa giroko egoera ohiko bat: neska gazte bat, disko festa batean, hondartza baten inguruetan, adiskide batekin. Jai girotik desterratu beharreko egoera bat: gizon gazte bat hurbildu, besotik heldu , eta ahalegina egin du neska hondartzara eramateko eta ahoan musu emateko. Atzo goizaldean gertatu zen, Donostian, Kursaal inguruan egiten den disko festan, Zurriolako hondartzatik gertu. Neskak ihes egitea lortu zuen, eta udaltzainei jazotakoaren berri ematea. Udalak atzo goizean eman zuen eraso horren berri. Udaltzainek esan zuen gizon gaztea identifikatu eta atxilotu egin zutela. Geroago, ertzainen esku geratu zen, haiek aurretik gaztea ikertzen ari baitziren beste sexu eraso baten harira. Horiez gain, beste gizon bat ere atxilotu zuten atzo Donostian, emakume bati ukituak egitea leporatuta.

Salaketa horien berri eman, eta gaitzespen keinuak ere ebatzi zituen atzo Donostiako Udaleko bozeramaileen batzordeak; arratsaldean egin ziren jai ekitaldi guztietan minutu bateko isilunea egitea erabaki zuten, eta gaueko disko festa bertan behera uztea. Izan ere, kezka dute Zurriola hondartza inguruko giroarekin; ostiralean, neska adingabe batek salatu zuen hantxe bortxatu zutela, eta bi mutil adingabe Adingabeen Fiskaltzaren esku daude eraso hori egitea egotzita. Heldu den urtean inguru horretarako hautatu duten jai eredua berrantolatzeko beharra azaldu dute udalean, nerabeen topagunea baita, eta gune arazotsua izan baita.

Donostiako Aste Nagusian, azken egunotako salaketez gain, izan dira gehiago ere; joan denasteburuan, adibidez, emakume batek salatu zuen gizonezko batek ukituak egin zizkiola, eta gizonezko bat atxilotu zuten andreak pixa egiteko elkartzen diren gune batean kamerak ipintzeagatik. Protestak egin dira portaera horiek gaitzesteko, udalak antolatuta, bai eta mugimendu feministak eta Donostiako Piraten mugimenduak deituta ere. Kezka handia eragin du azken erasoak jende oso gazteak egin izanak. Erasoak denera zazpi izan direla onartu zuen atzo Donostiako alkate Eneko Goiak eta «ilundu» egin dutela jaietako giroa.

Gazteentzako «ereduak»

Horren gainean ohartarazi zuen atzo Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, elkarrizketa batean. «Sakonki gogoetatu behar dugu belaunaldi gazteenei ematen dizkiegun ereduen inguruan», adierazi zuen. «Neska gazteak ahaldundu behar dira, haien autoestimua sustatu behar da; mutilek, berriz, kolokan ipini behar dituzte nagusi diren maskulinitate ereduak. Ezinbestekoa da jende gazteari jarrera parekideen eta ez-parekideen artean bereizteko baliabideak ematea». Gazteek usu eskura informazio asko izaten dutela adierazi zuen, baina zenbaitetan «estereotipoetan» oinarritutako edukiak gailentzen direla, eta horregatik ezin dela amore eman inoiz gai honetan: «Etenik gabe jarraitu behar da». Andreek salaketak jartzeko urratsak egitea ona dela nabarmendu zuen: «Izan ere, orain dela gutxi arte eremu pribatuan geratzen ziren halakoak». Txalogarritzat jo zuen egun udalerri gehienetan jartzen direla festetarako programa eta protokolo bereziak sexu erasoen kontra. Urrats horiek urte askoan alorrean egin den lanaren emaitza direla pentsatzen du Emakundeko buruak: «Ez dira kasualitatea».

Ostiralean izan zen beste eraso baten berri ere: Larrabetzun (Bizkaia), herriko jaietan,gizon bat atxilotu zuten ostegun goizaldean modu erasokorrean hurbildu zitzaielako jai giroan zebiltzan hainbat emakume gazteri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.