PP eta biktimak aurrez aurre

Covitek eta AVTk Casadori gogoratu diote legezkoak direla hurbilketak. Urkulluk eta Sarek tratu bera eskatu dute preso guztientzat

Basauriko espetxean eginiko mobilizazio bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Euskal presoak gerturatzen hasi da Espainiako Gobernua, eta norgehiagokan dabiltza PP eta Ciudadanos, ETAren biktimen iritziaren gainetik, erabakiaren aurka nor den gogorragoa erakutsi nahian. Asteon gerturatu dituzte hiru, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ekainaren 28an presoak hurbiltzen hasiko zela iragarri zuenetik aurrenekoak. Olga Sanz eta Xabier Moreno Villabonako kartzelatik (Asturias, Espainia) Basaurikora (Bizkaia) lekualdatu dituzte, eta Alfredo Remirez Darocatik (Zaragoza, Espainia) Zaballara (Araba). Sanz eta Moreno EPPKtik aldenduta daude gaur egun, eta, Barne Ministerioaren arabera, hirugarren graduan daude. PP eta Ciudadanosi ez zaie ongi iruditu erabakia, eta nor ala nor ari dira hautsak harrotzen Madrilen. Sanchezek presidente hautatua izateko «ordainsaria» dela uste dute biek.

Eusko Jaurlaritzak ez du egin balorazio ofizialik gerturatze horiei buruz. Gobernuko iturriek asteartean esandakoaren arabera, «begi onez» ikusten ditu gerturatzeak, eta «bide beretik jotzeko» aholkatu dio Espainiako Gobernuari, presoak EPPK-koak diren ala ez kontuan hartu gabe. Antzera mintzatu da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Artikulu bat argitaratu zuen herenegun sare sozialetan, eta, euskal presoak berariaz aipatu gabe, nabarmendu zuen preso guztiek eskubide berberak dituztela. Eztabaida «alderdien borrokatik» atera eta «zuzenbidearen alorrera» eramatea galdegin zuen.

Espainiako Gobernuaren partetik mintzatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Jesus Loza. Hark jakinarazi duenez, uda amaitu aurretik gerturatze gehiago egon daitezke. Sanchezek iragarri zuen gaixo dauden presoekin eta 70 urtetik gora dituztenekin hasiko zirela, baina prozesua abiatu du PPko Mariano Rajoyren agintaldian Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara lekualdatu zituzten bi presorekin. Lozak esan du Sanzek eta Morenok «eskakizun guztiak» betetzen dituztela. Sareko Joseba Azkarragak, baina, gogorarazi du presoak hurbiltzeko ez dela baldintzarik bete behar—beste kontu bat da graduz aldatzeko—, gerturatzea erabaki politikoa dela eta ez dela bereizketarik egin behar presoen artean. PSOEri eskatu dio ez elikatzeko PPren eta Ciudadanosen «nahasmena».

Espainian eta PPn izandako buruzagitza aldaketarekin, alderdi horretako presidente Pablo Casadok presoen hurbilketa erabiltzen ari da Sanchezi oposizio gogorra egiteko, gaur egun lehiakide zuzena duen Ciudadanosekin aurre aurre. Baina jarrera hori ez dator batETAren biktimen elkarteenarekin. Covitek PPri egotzi dio «oposizioko politika» egitea, eta gogoratu du «zuzenbidera egokituak» direla bi presoen gerturatzeak. Elkarteko presidente Consuelo Ordoñezek gogoratu du Sanzi Villabonan zegoenean eman ziotela hirugarren gradua; hain justu, Espainiako Gobernuan Mariano Rajoy zegoenean. AVTk ere esan du Sanzek eta Morenok «legezko baldintzak» betetzen dituztela, baina ohartarazi du hurrengo aste eta hilabeteetan «adi» egongo direla egin daitezkeen gerturatzeekin.

Iturgaitzen itzulera

Biktimen jarrera ikusita, Casadok albo batera utzi behar izan du, «oraingoz», haiekin batera mobilizazio handi bat antolatzeko duela aste batzuk iradoki zuen proposamena. Sanchezi leporatu dio euskal presoen alorrean zituzten estatu itunak apurtzea. Eskatu dio «koherente» izateko «Espainiako gizarteak» eskatzen dionarekin eta «xantaietan» ez erortzeko. Casadok azaldu du euskal presoek «garaitu eta garaile» kontakizuna ez dutela onartu, eta uste du «garaituak» izan direla onartu ezean ez lituzketela gerturatu behar. EAEtik, PPren kongresuan Casado babestu zutenak mintzatu dira gaiari buruz —EAEko zuzendaritzak Soraya Saenz de Santamariak alde egin zuen—. Hainbat urtez euskal politikaren lehen lerrotik aldenduta egon den Carlos Iturgaitz eurodiputatua nabarmendu da horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.