Koronabirusa

Positiboen kontaketa mila kasuren langan dago berriz

978 kasu atzeman dituzte azken orduetan Hegoaldean. Hernaniko Santa Maria Magdalena adinekoen zentroan egoiliar bat hil da

Gizon bat, Lekeition, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian azken orduetan atzemandako koronabirus kasuen kopuruak gora egin du berriz ere. Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako osasun agintariek emandako datuen arabera, ostiralean bertan 978 pertsonak eman zuten positibo koronabirusa atzemateko egindako frogetan: aurreko zenbaketan erregistratu zirenak baino 102 kasu gehiago dira. Denera 12.682 PCR test egin ziren, egun bat lehenago egindakoak baino 1.206 gehiago.

Lau lurraldeetan ugaritu dira kasuak, eta Bizkaiak izan du igoerarik handiena: 359 kasu atzeman zituzten, ostegunean baino 51 gehiago. Araban, berriz, 119 lagunek eman zuten positibo testetan, 24 ordu lehenago egindakoetan baino 49 gehiagok. Gipuzkoan, berriz, 191 kasu izan ziren: bezperako datuekin alderatuta, sei pertsona gehiagok eman zuten positibo. Nafarroan, 308 kasuren berri eman dute: aurreko zenbaketan baino sei gehiago dira horiek. Nafarroako kasuen ugaritzeak kezka sortu du azken egunetan, egunero 300 kasutik gora atzematen ari baitira, azken egunetan joerak apaltzera egin badu ere.

Ospitaleetan ere gero eta gaixo gehiago daude. COVID-19aren ondorioz 158 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten ostiralean Osakidetzako eta Osasunbideko zentroetan, eta, gaur-gaurkoz, 66 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan.

Egoiliar bat hil da

Hernaniko (Gipuzkoa) Santa Maria Magdalena adinekoen zentroan egoiliar bat hil zen atzo. Lurraldeko egoitzetan 59 positibo daude, eta abuztuaren 11z geroztik bost egoiliar hil dira gaitzak jota. Senideak Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen elkarteak, bestalde, zentroetako lan gatazka konpontzeko eskatu zuen.

Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, ostiral gauean 23 salaketa jarri zituzten maskara ez erabiltzeagatik, botila festan aritzeagatik, edo segurtasun neurriak errespetatu gabe erretzen aritzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.