Albistea entzun

«Ikastetxe pribatuen alde» egitea leporatu dio Steilasek Jaurlaritzari

EAEko hezkuntza sistemari buruzko txosten bat aurkeztu dute. Sailari «utzikeria» egotzi diote
Steilas sindikatuko kide Ainhoa Astigarraga eta Juan Zubia, atzo, Bilbon.
Steilas sindikatuko kide Ainhoa Astigarraga eta Juan Zubia, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko urtarrilak 19 - Bilbo

Steilas sindikatuak Hezkuntza ez dago salgai izeneko txostena aurkeztu du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren ezaugarriak eta bilakaera aztertzen dituena. Sindikatuaren ustez, ikerketak argi uzten ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren «utzikeria, kontrol eza eta ikastetxe pribatuen aldeko tratua eta konplizitatea», eta, horren ondorioz, eskola publikoa ikastetxe pribatuen «subsidiario» bilakatzen dela.

Sindikatuko kide Juan Zubiak aletu ditu txostenaren puntu nagusiak. Azaldu duenez, ikastetxe pribatu batean ikasgela bat ituntzeko prozesu bati jarraitu behar zaio: ikastetxe horrek baimen administratiboa behar du, planifikazio bat egiten da, eta, horren arabera, onarpen prozesu bat zabaltzen da, betiere bete beharreko baldintza batzuk ezarrita. Zubiak esan duenez, zenbait kasutan baldintza horiek ez dira betetzen eta, hala ere, ikasgela horiek onartu egiten dira.

Adibidez, baldintza horien artean dago derrigorrez doakoa izatea, baina, hala ere, itunpeko ikastetxeek kuotak kobratzen dizkiete familiei, «batzuetan borondatezkoak direlako itxurak eginez eta beste batzuetan zuzen-zuzenean derrigortasuna adieraziz». Erlijio ekintza guztiak borondatezkoak izatea da beste baldintza bat: Steilasek salatu duenez, ikastetxe pribatu batzuetan hau ez da betetzen. Azkenik, arautegiak zehazten du irakasleen kontratazioa «merezimenduan eta gaitasunean» oinarrituta egin behar dela; hala ere, mutikoak baino onartzen ez dituzten ikastetxe pribatu batzuetan ez dute maistrarik kontratatzen.

Irregulartasunak

Txostenean ageri denez, «iruzur eta irregulartasunak» atzeman dituzte prozeduretan. Zubiak salatu du badirela «baimen administratibo nahikorik izan gabe planifikazioan sartzen dituzten gelak», eta zenbait adibide eman ditu. Gasteizko Presentacion de Maria ikastetxeak, esaterako, 146 ikaspostu edukitzeko baimena du Haur Hezkuntza bigarren ziklorako: txostenean agertzen denaren arabera, 2021etik 2021era urtero gainditu dute edukiera hori. «Hori irregulartasuna da, baina administrazioak utzi egin die, eta beste alde batera begiratu du», azaldu du Zubiak; «guk ikusi badugu, beraiek ere ikusiko zuten».

Eskaintza nahikoa egon arren, ikastetxe pribatuei unitate berriak planifikatzeari baiezkoa ematea da Steilasek salatutako beste «irregulartasun» bat. Normalean, eskaintza nahikoa duen eskualde batean itunpeko ikastetxe batek planifikazioa aldatzeko eskatzen duenean, lurralde ordezkaritzako funtzionarioek ezezkoa ematen diote. «Baina gero, erreklamazioa aurkezten dutenean, hori Lakuaren erabakia izatera pasatzen da, eta Lakuan beti dago esku magiko bat eskaera horiei baiezkoa ematen diena».

Eskola mapak aintzat hartzen ez dituzten planifikazioak, eraikin batean ikastetxe bat baino gehiago egotea —Donostiako Karmelo ikastetxea aipatu dute horren adibidetzat— eta beste «azpijoko, irregulartasun eta arau hauste» batzuk ere aipatzen dira txostenean.

Egoera «betikotzea»

Orain, 2022-28 eperako hezkuntza eskaintza finkatu behar da. Steilasek esan duenez, egungo egoera urtebetez luzatzea erabaki da, baina beldur dira behin-behineko aterabide hori 2028ra arte luzatzea eta «betikotzea» erabakiko ote duten. Kontuan izanik 2011tik 2020ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiotze tasa %30,3 murriztu dela, egungo eskaintza «puztuari» eustea eskola publikoaren kaltetan izango litzatekeela uste dute.

Steilaseko Ainhoa Astigarragak esan duenez, Jaurlaritzak eskola publikoa «kudeatu» baino ez du egiten, hura zaindu eta lehenetsi gabe, eta «biko sistema segregatzaileari» eusten dio. «Sistema birpentsatzeko» aukera ireki den honetan «erabakiak hartzeko unerik egokiena» da, eta erabaki horiek «hezkuntza publikoa sendotzeko norabidean» hartu beharko lirateke: «Gure proposamena argia da: hezkuntza sistema publikoa indartu, eta horretarako sare publiko bakarrerantz pausoak ematea». Ikastetxe pribatuak publiko bilakatzen joateko «legezko esparrua» proposatu dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miravalles-Redin ikastetxe, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei

Ion Orzaiz

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako baldintzak»

Pilar Alegria PSOEko eledun eta Hezkuntza ministroa, gaurko agerraldian. ©FERNANDO ALVARADO / Efe

Sexu askatasunaren legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan

Maite Asensio Lozano

'Soilik baietz da baietz' legearen aurreko zigorrak berreskuratu nahi ditu Espainiako Justizia Ministerioak, baina Berdintasun Ministerioko iturriek zehaztu dute erreforma batek ez dituela geldiaraziko kondena berrazterketak, eta legea ondo aplikatzean dagoela giltza; horretarako, «premiazko» neurri sorta bat proposatu du. 

Haurren futbol partida bat. ©Maialen Andres / FOKU

«Arrazakeria» salatu dute Arrigorriagan jubenilen futbol partida batean gertatutakoarengatik

Edu Lartzanguren

Haur sikh bati buruko zapia kenarazi nahi izan dio epaileak, eta Federazioak 300 euroko isuna jarri dio taldeari

Donostia ospitaleko zerbitzuburuen protesta, abenduan. ©Jon Urbe / FOKU

Donostia ospitaleko zerbitzuburuek protestan segituko dute negoziazioa «bideratuta» egon arte

Julen Aperribai

Elkarretaratzea egin dute gaur ere Donostia ospitaleko atarian. Azken bileraren aktarekin batera, «kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta erantzuna jasotzeko zain daude.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.