Albistea entzun

GNL gasaren «inbutuaren» ahoa zabaltzeko

Bilboko portuak gas natural likidotuarentzako bigarren zamalekua behar duela uste du Jaurlaritzak. Bi milioi euroren eta hamabost hilabeteko lana litzateke. Espainiaren argi berdea behar du lanei ekiteko.
Bahia de Bizkaia Gasek Bilboko portua duen planta. Itsasoan barrena luzatzen den nasa da gas zamalekua.
Bahia de Bizkaia Gasek Bilboko portua duen planta. Itsasoan barrena luzatzen den nasa da gas zamalekua. IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2022ko irailak 11 - Bilbo

Eusko Jaurlaritzak argi du: Bilboko portuak gas natural likidotuarentzako (GNL) bigarren zamalekua behar du. Azken egunetan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak hainbatetan esan du bere ustez «ezinbestekoa» dela, argudiatuta dagoenarekin ez direla asetzen beharrak. Espainiako Gobernuak iragan uztailean oniritzia eman zion eskaerari, baina Trantsizio Ekologikoko Ministerioak oraindik ez dio oniritzia eman, eta horren zain dago Jaurlaritza. Azpiegitura inbertsio pribatu bitartez egingo litzateke, eta bi milioi euro inguruko kostua izango luke. Lanek hamabost hilabete inguru iraungo lukete, eta Tapiak esana du eraikuntza enpresaren bat interesatuta dagoela.

«Inbutu bat dago portuan. Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak argi esan zuen iaz: Bahia de Bizkaia Gasek (BBG) Bilboko portuan duen zamalekua kolapsatuta dago, eta aurten eskaria handitu egin da». Idoia Sagastizabal EAJren diputatuarena da azalpena. Haren alderdiak eraman zuen eskaera Espainiako Kongresura, eta hark egin dio jarraipena gaiari. Madrilgo gobernuak aintzat hartu zuen eskaera eztabaida orokorrean, baina oraindik ez du eraikuntza baimendu. Portuaren kudeaketaren eskuduntza Espainiako Gobernuarena da, eta, Sagastizabalek azaldu duenez, Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren eskuetan dago auzia.

Baina hainbesterainoko premia al dago? Aurten Bilbokoa izan da GNL gas natural likidotu gehien mugitu duen Iberiar penintsulako portua. 38.245 GWh jaso ditu, iaz baino %48,5 gehiago, eta uztailera arte 37 gasontzik baliatu dute azpiegitura. Europa egiten ari den gas pilaketaren eragina da. Enagasen arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan birgasifikazioa %81 handitu zen iazko epe berarekin alderatuta. GNL ontziek deskargaturikoa %69 handitu zen, eta birkarga, %170. BBG gas likidotua bere egoera naturalera itzultzeko eraikitako planta bat da, eta Enagas eta Eusko Jaurlaritza dira jabeak, erdi bana.

Metanontzien beharrei Brittany Ferries konpainiarenak gehitu behar zaizkie. GNL bidez doazen ontzi batzuk ditu, Bilbotik eta Santandertik (Kantabria, Espainia) Ingalaterrarako bidea egiten dutenak, eta Bilboko zamalekua erabiltzen dute. «Kamioi ilarak egon dira gasaren zain, eta metanontzi batzuek Belgikara jo dute. Beste kargaleku bat jartzeak lehiakorrago bihurtuko luke portua», azaldu du diputatuak.

Gainera, Europak hornitzaile nagusi berri bat du. AEBek %68 handituko dute Europara bidaliko duten GNL kopurua. Urrunago joan gabe, Espainiak aurten bost aldiz handitu du AEBetatik inportaturiko gasa, hein handi batean fracking bidez lortua. Bilbo ongi kokatuta dago hori jasotzeko.

Hidrogenoarentzat ere bai

Eztabaida, baina, argia da: gizartearen deskarbonizazioa helburu denean, zer zentzu du gasaren jarioa indartzeko azpiegitura bat egiteak? «Gasa babes teknologia bezala erabili behar dugu. Ez da 2022ko kontua bakarrik; 2023an, 2024an, 2025ean... beharko da. Epe ertainean gutxienez, gasa beharrezkoa izango da. Elektrifikatu ezin daitezkeen garraio eta industria mota asko daude», justifikatu du Sagastizabalek.

Iaz egin zuen lehenbizikoz eskaera EAJk, eta aurten berriz ere jarri du Kongresuko mahai gainean. Haien ustez, EBk gas naturaletik sorturiko argindarra bere taxonomian sartu izanak erraztu egin du Espainiako Gobernuak oniritzia ematea. «Europak esan zuen gas azpiegiturak egitea baimentzen zuela, betiere etorkizunean hidrogeno berdea ere garraiatzeko balio bazuten. Oraingoan, zamalekua egokitu ahal izango da, baina oraindik urteak beharko dira hidrogenoak gasa ordezkatzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Anton Arriola, Kutxabankeko lehendakari berria. ©Kutxabank.

Kutxabankek Anton Arriola izendatu du presidente

Iker Aranburu

Goldman Sachsen luze aritutakoa da Arriola. Bankuaren «berezitasunari» eusteko konpromisoa hartu du.

Pentsiodunen protesta bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu

Iaz ez bezala, aurten batez besteko pentsioa handiagoa izango da urte amaierakoa baino. Batez besteko pentsioa 115 euro handituko da, eta erretiratuena 128 euro
Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa ©Sergio Perez (Efe)

Kotizazio urte gehiago, baina «hoberenak»

Jokin Sagarzazu

Pentsioen kalkulua 25 urtetik 30era zabaltzea proposatu du Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza ministroak

Bizkaiko metalgintzako lehen greba eguna, atzo, Trapagaranen. ©Marisol Ramirez / FOKU

Langile gehienek babestu dute metalgintzako bigarren greba eguna

Iñaut Matauko Rada

ELAk adierazi du grebaren atzoko eta gaurko erantzuna oso antzekoak izaten direla Bizkaiko metalgintzan. CCOO, LAB eta UGTren arabera, %85eko erantzuna izan du gaurko greba deialdiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...