Kataluniako erreferenduma. Galdeketak munduan

Botoak, kontinente guztietan

Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoan astelehenean egin zuten independentziari buruzko erreferenduma, gaur arteko azkena. Gerra Hotza bukatu zenetik, luzea izan da galdeketen zerrenda.
1
1 GAILAN HAJI / EFE

Mikel Rodriguez -

2017ko urriak 1
Gutxienez XIX. mendetik erabili da erreferenduma estatu independente bat sortzeko metodotzat. Hala sortu zuten Afrikan Liberiako Errepublika 1846an, AEBetatik bereizita. 1905ean, Norvegiak erreferendumean erabaki zuen Suediatik bereizitako estatu bat sortzea, eta, ordutik, gutxienez halako 105 erreferendum egin dira mundu osoan. Gerra Hotzaren bukaeran (1989-1991), olatu bat sortu zen, eta hauek dira ordutik izan diren erreferendumen eredu nagusiak:

MENDEBALDEKO EREDUAK

Quebec eta Eskozia

Quebecek 1995ean egin zuen erreferenduma. 1980an ere egin zuen bertze bat, eta bi kasuetan gidoi bertsua izan zuen: Partit Quebecois alderdia independentzia lortzeko proposamen batekin aurkeztu zen probintziako hauteskundeetara, eta, bozak irabazita, erreferendumera deitu zuen. Bi kasuetan, probintziako gobernuak Kanadakoarekin akordiorik egin gabe edo baimena bilatu gabe deitu zuen erreferendumera, eta Kanadak ez zuen eragozteko ahaleginik egin, ez judizialki, ezta ere, noski, indarrez —ahalegin bakarra Quebeceko herritar talde batek egin zuen 1995ean, baina probintziako Auzitegi Nagusiak ez zuen galdeketa debekatu—. Akordiorik ez zegoenez, independentzia gauzatzeak baiezkoak irabazi ondoreneko negoziazioen menpe gelditu behar zuen, Partit Quebecoisen bide orrien arabera.

Hala ere, independentistek galdu egin zuten; 1995ean, gutxigatik: %49,42 baiezkoak, %50,58 ezezkoak. Hirugarren ekinaldi baterako prestatzen hasi zen Partit Quebecois, baina Kanadako Gobernuak Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuen, oinarri juridiko bat ezartzeko. Gorenak 1998an eman zuen epaia, eta bi oinarri nagusi ezarri zituen: Quebecek ezin duela alde bakarreko independentzia aldarrikatu, eta herritarren «gehiengo argi batek» Kanadatik banatu nahi balu, Ottawako gobernuarekin negoziatu beharko lukeela Quebecekoak.

Horretan oinarrituta, Kanadako Parlamentuak Argitasunaren Legea (Clarity Act) onartu zuen 2000. urtean. Lege horren bidez, Kanadako Ordezkarien Ganberak boterea du erabakitzeko independentziarako erreferendum baten galdera aski argia den edo ez, eta independentziaren hautuak irabaziz gero aldea behar adinakoa den edo ez. Gainera, lurralde baten independentzia baimentzeko konstituzioa zuzendu behar da, eta, horretarako, gainerako probintzien oniritzia behar da. Quebeceko Gobernuak ez zuen Argitasunaren Legea onartu, eta lege propio bat egin zuen independentziarako baldintzak zehazteko. Quebeceko Auzitegi Nagusia iragan martxoan hasi zen aztertzen Quebeceko lege hori bateragarria ote den Kanadako Konstituzioarekin.

Eskoziaren bidea Quebecekoa bezala hasi zen. SNP Eskoziako Alderdi Nazionala independentziarako erreferendum batera deitzeko konpromisoarekin aurkeztu zen hauteskundeetara, 2007an, eta irabazi egin zituen, baina gutxiengoan agindu zuen, eta ezin izan zuen mandatua bete. 2011n, ordea, gehiengo osoarekin irabazi, eta parlamentua erreferendumera deitzeko legeak prestatzen hasi zen. Quebecen ez bezala, baina, Eskoziako Gobernuak Erresuma Batukoari negoziatzeko eskatu zion, eta Londresek onartu egin zuen. 2012an, Edinburgoko Hitzarmena sinatu zuten bi gobernuek, eta erreferendumaren baldintza guztiak ezarri zituen. 2014ko irailean egin zuten, eta independentistek galdu egin zuten (%44,7 banatzearen alde, eta %55,3 aurka). Katalunian, Euskal Herrian eta Espainian sektore politiko anitzek eredugarritzat dute Eskoziaren adibidea, baina hark ere badu muga bat: ez da prozedurarik ezarri Erresuma Batutik banatzeko —Ipar Irlandan izan ezik, bake prozesuaren akordioak biltzen baitu Irlandako Errepublikarekin bat egiteko erreferendum batera deitzeko aukera—, eta, berriz ere independentziarako ekinaldi bat gertatuz gero, unean uneko borondate politikoaren menpe geldituko da.

JUGOSLAVIAREN DESEGITEA

Alde bakarretik, eta gerra

Esloveniak Jugoslaviatik banatu ala ez erabakitzeko erreferendum batera deitu zuen 1990eko abenduaren 23an. Europako mapa aldatuko zuen olatu baten lehenbiziko galdeketa izan zen. Independentziaren hautuak aisa irabazi zuen (%88 alde, %94ko parte hartzearekin). Jugoslaviak ez zion legezko baliorik onartu, konstituzioaren aurkakotzat jo baitzuen. Hala ere, ez zuen galdeketa eragotzi. Jugoslaviako segurtasun indarren sistema deszentralizatua zen, eta Esloveniako errepublika autonomoko indarrek ez zuten ahaleginik egin erreferenduma eragozteko. Nazioarteak ez zion baliorik onartu galdeketari. Tentsio handiko hilabeteak izan ziren hurrengoak, eta 1991ko ekainean, erreferendumaren emaitzak oinarritzat hartuta, Esloveniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen. Orduan bai, Jugoslaviak operazio militar bat hasi zuen errepublika autonomoa kontrolpean mantentzeko, baina huts egin zuen. Eslovenia de facto estatu independentea zen, eta 1991ko abenduan Alemaniak formalki onartu ondoren, nazioartearen onarpena erreskadan lortu zuen. Jugoslaviarekin 2000. urtean ezarri zituen harreman diplomatikoak.

Esloveniako erreferendumaren eredua Kroaziak (1991ko maiatza), Mazedoniak (1991ko iraila) eta Bosnia-Herzegovinak (1992ko martxoa) jarraitu zuten hurrenez hurren. Eslovenian bezala, Jugoslaviako Gobernu Federalak ez zuen galdeketa bakar bat ere eragotzi. Gehiengo argiek babestu zuten independentzia, baina errepublika bakoitzeko gutxiengo etnikoak nagusi ziren eremuetan —Bosniako kroaziarren kasuan izan ezik— boikot zabala egin zieten galdeketei. Eslovenian bezala, independentzia deklaratu ondoren piztu ziren gatazkak —Mazedonian izan ezik—, baina Eslovenian ez bezala, Kroazian eta Bosnian dozenaka milaka herritar hil zituzten gerran.

1991-1992 artean, erreferendum gehiago egin ziren Jugoslavian, nazioartearen onarpenik gabekoak horiek ere. Montenegroko errepublikak ere egin zuen, Bosniakoaren egun berean, baina ez zuen independentziari buruz galdetu, Jugoslavian gelditzeari buruz baizik. 2006an, ordea, Serbiatik bereizita estatu independente bat sortzeari buruz galdetu zuen. 2003ko konstituzioak baimentzen zuen independentziarako erreferenduma. Hala ere, EB Europako Batasunak gutxieneko langa bat ezarri zion Montenegrori, independentzia onartzeko: baiezkoak gutxienez botoen %55 lortzea. Ozta-ozta, %55,5ek bozkatu zuten alde. Parlamentuak 11 egunen buruan deklaratu zuen independentzia (ekainaren 3an).

SESB-EN DESEGITEA

Baltikoa aitzindari

Jugoslaviaren garai berean, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna ere kolokan paratzen hasia zen. Baltikoko hiru errepublikak izan ziren independentziaren aitzindariak. 1988an, perestroika-ren irekiera aroa baliatuta, mugimendu independentistak anitz azkartu ziren. Mobilizazio masiboak antolatu zituzten, eta 1990ean errepublika bakoitzeko sobieterako hauteskundeetan alde handiz irabazi zuten. Jugoslaviako errepublikek geroago egin zuten bidearen kontrakoa egin zuten Baltikokoek: lehenik, independentzia aldarrikatu zuten —Lituaniak lehenik, 1990eko martxoaren 11n—, eta ondoren egin zituzten erreferendumak —Lituaniak lehenik, 1991ko otsailean—. Guztietan, independentistek aisa irabazi zuten. Bitarte horretan, SESBek ez zituen independentzia aldarrikapenak onartu, eta errepublikak blokeatu eta zenbait operazio militar ere egin zituen. Hala ere, ez zituen erreferendumak eragotzi, eta ez zuen errepubliken kontrol eraginkorra hartu. Nazioartean, ez AEBek, ez Europako herrialdeek ez zieten independentzia onartu. Hilabeteetako ezegonkortasunaren ondoren, 1991n SESBeko Alderdi Komunistaren sektore batek emandako estatu kolpeak egoera aldatu zuen: kolpeak huts egin, eta irailean SESBek Baltikoko errepubliken independentzia onartu zuten. Jarraian, SESBeko errepublika gehiagok egin zituzten erreferendumak, eta abenduan batasunaren desegitea sinatu zuten Errusiak, Ukrainak eta Bielorrusiak.

SESBen desegiteak, ordea, ez zituen lurraldetasun arazo guztiak konpondu. 1992tik hasi eta 2014raino, sortutako errepublika berrietan independentziarako erreferendum gehiago egin dira. Nazioartean onarpenik ez dute lortu, baina de facto independenteak diren estatu gehiago sortu dira: Abkhazia, Hego Osetia, Donetsk eta Luhansk...

IRAKEKO KURDISTAN

Azken eredua

Gaur arte, munduan egin den azken erreferenduma izan da Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoarena: joan den astelehenean bertan. %72ko parte hartzearekin, %92 independentziaren alde. Katalunian bezala, alde bakarrez antolatu da erreferenduma, Irakekin adostu gabe, eta nazioartearen onarpenik gabe. Baina Kataluniarekin ezberdintasun nabarmenak ditu Irakeko Kurdistanek: bata, ingurune geopolitikoa; eta, bertzea, lurraldearen kontrola, eskualde autonomoko gobernuak guztiz kontrolatzen baitu bere eremua, baita inguruan biztanle kurduak dituztenena ere. Ondorioak, oraindik, ikusteko daude: eskualde autonomoak ez du independentzia aldarrikatu, nazioarteak ez du erreferenduma onartu, eta Irakek eta inguruko herrialdeek erasokor erantzun diote.

PUERTO RICO

Legezkoa, ez loteslea

Irakeko Kurdistanekin batera, Puerto Ricok ere aurten egin du independentziari buruzko erreferenduma; zehazki, aukeretako bat zen independentzia, eta bertzeak ziren egungo estatusari eustea (AEBen estatu elkartua) eta AEBetako estatu federal bihurtzea. %22ko parte hartzearekin, %97k estatu federal bihurtzearen alde egin zuten. Galdeketa legezkoa zen eta AEBek onartutakoa, baina uhartean egin diren gainerakoak bezala —1993tik, lau—, ez da betebeharrekoa, eta praktikan Washingtonen borondatearen menera dago irla.

GATAZKA POST-KOLONIALAK

Bakea bermatzeko

Afrikan eta Asian deskolonizazio prozesua ia erabat bururatu zen 1970eko hamarkadan, baina horrek ez zituen gatazka nazionalak bukarazi. Horietako batzuei konponbidea emateko, NBEk gainbegiratutako erreferendumak egin dituzte, eta 1993tik hiru estatu sortu dira horrela, nazioartearen eta banatutako estatuen onarpen osoarekin: Eritrea Etiopiatik (1993), Ekialdeko Timor Indonesiatik (1999an galdketa, 2002an independentzia) eta Hego Sudan Sudandik (2011). Ozeanian ere halako erreferendum bat egitekoa da 2019an, Papua Ginea Berriaren eta Bougainville uhartearen arteko gatazka bukatzeko. 2001ean sinatu zuten bake akordioan bildu bezala. Aste honetan, ordea, Peter O'Neill Papua Ginea Berriko lehen ministroak adierazi du erreferenduma gibelatu litekeela, eta horrek Bougainvilleko gobernu autonomoa haserrearazi du.

EUROPAKO BATASUNEAN

Europatik urruti, bai

Eskoziakoaz gain, EBko estatuek haien menpeko lurraldeetan independentziari buruzko erreferendum gehiago egitea onartu dute azken hamarkadotan, nahiz eta ez diren Europan izan. Erresuma Batuaren eta Herbehereen Karibeko hainbat uharteetan egin dituzte —guztietan independentziaren hautuak galdu zuen—, eta, Ozeanian, Kaledonia Berriak erreferenduma egitekoa du hurrengo urtean, 1998an Frantziarekin ala hitzartu ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna