Epailearen esku utzi dituzte Bilboko bortxaketa egotzita atzemandako sei gizonak

18 urteko emakume bat taldean bortxatu zutelakoan hartu dituzte atxilo. Polizia iturrien arabera, haietako batekin hitzordua zeukan neskak

Jendetza elkartu zen herenegun arratsean Bilbon, bortxaketa gaitzesteko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Guardiako epailearen esku utzi dituzte herenegun Bilbon emakume bat bortxatu zutelakoan atxilotutako sei gizonak. Taldean egindako sexu erasoa egotzi diete. 18 eta 36 urte arteko sei gizonezko dira, eta erasoa salatu eta gutxira atzeman zituen Poliziak. 18 urte ditu erasoa jasandako emakumeak. Erasoak arrangura eragin du Bilbon, eta gaitzespen erabatekoa.

Ostegun gauean Basurtuko ospitalera joan zen emakumea, eta jakinarazi zuen bortxatu egin zutela Etxebarria parkearen inguruan. Ospitaleak epaitegira eman zuen abisua, kasu horietarako protokoloari jarraituz, eta Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak martxan jarri zuten ikerketa. Erasotzaileei buruzko xehetasun batzuk eman zizkien emakumeak, eta hori kontuan hartuta atxilotu zituzten sei gizonezko horiek.

Albiste agentzia batzuek polizia iturriak aipatuz zabaldu dutenez, gizon horietako batekin geratua zen emakumea, baina, bakarrik ez, taldean azaldu zitzaizkion, eta bortxatu egin zuten denen artean.

Salaketa mezuak

Sumina eragin du erasoak Bilbon, eta herenegun arratsean jendetza elkartu zen Arriaga atarian, mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzean. Aldarrikatu zuten «erantzun kolektiboa eta indibiduala» eman behar dela halako erasoen aurka. Erakundeei dei berezia egin zieten, bitartekoak jar ditzaten emakumeen aurkako indarkeria amaitzeko, eta gizonei ere eskatu zieten egin dezatela kontra: ez dezatela beste aldera begiratu jarrera «misoginoen» inguruan. Berdintasunaren aldeko aldarria izan zen protesta, oinarrian: «Kaleak gureak ere badira, eta ez gaituzue isilaraziko».

Bilboko Udalak adierazpen batean salatu du bortxaketa. Juan Mari Aburto alkateak sare sozialetan eman du mezua: «Legearen eta justiziaren pisu guztia eror bedi gaizkile horien gain». Hain justu, Bilboko auzo elkarteen federazioak ohartarazi du neurriak behar direla: «Epaiek ez dute benetako aldaketarik ekarri gizonen kontzientzian». Emakundek dei egin du genero desberdintasunak gainditzera, indarkeriarik gabeko gizartea «eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.