Euskalgintzako hamabi eragilek bat egin dute Euskara Aurrera-rekin

Hilaren 21ean Donostian mobilizatzera eta «herri bultzada berri bat» abian jartzera dei egin dute

Euskalgintzako eragileen agerraldia, Donostiako Antigua auzoko tunelaren aurrean. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Euskarak «herri bultzada berri bat» behar duela aldarrikatu zuten euskalgintzako hainbat eragilek atzo Donostian. Hala jaso zuten Joanmari Larrarte Elkarreko zuzendariak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak irakurritako adierazpenean, Antiguako tunelaren aurrean irakurritakoan. Haren bidez, hamabi eragilek atxikimendua adierazi zioten Euskara Aurrera egitasmoak hilaren 21erako antolatu duen manifestazioari: Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Jakinek, Elhuyarrek, Pantailak Euskaraz-ek, Bai Euskarari-k, Maizpide euskaltegiak, Ikastolen Elkarteak, Uemak, AEK-k eta Elkarrek.

Larrartek nabarmendu zuen euskararen egoerari «parez pare» begiratu behar zaiola, eta aspaldian haren kontra izan diren erabaki juridikoak eta beste zenbait herren aipatu zituen. Halakoen aurrean, egungo hizkuntza politikak «aski-ezak» dira, Larrarteren esanetan. Horregatik, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak adierazi zuen gaur-gaurkoz ez dagoela esaterik «euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik»; haren iraupena «milaka euskaltzaleren konpromisoaren» menpe dagoela azpimarratu zuen.

«Kimu berriak» eta «argi izpiak» badira, hala ere, eragileon arabera. «Euskalgintzak bere eguneroko jardunean herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarraitzen du; inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena izan da igaro berri dena; Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da, gazte belaunaldi berri bat euskararen aldeko borrokara batzeko asmoz», esan zuen Larrartek. Horregatik, Iribarrenek azpimarratu zuen nahikoa «herri gogo» eta «energia» badagoela, baina, horretarako, «euskaltzale guztiek» egin behar dutela «aurrera urratsa».

Haren arabera, modu horretan soilik lortuko dira honako helburu hauek: «Euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzea»; «euskara normalizatzea»; «hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari ekarpena egitea»; «guztien hizkuntza eskubideak errespetatzea, justizia eta demokrazia auzia delako hau»; «euskara herri kohesiorako zuntza izatea»; eta, finean, «Euskal Herri euskalduna» lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.