Grebara deitu dute Osakidetzako lehen arreta zerbitzuko medikuek

Salatu dute lan baldintzak gogortu dizkietela eta, ondorioz, gaixoen artak okerrera egin duela
Lehen arretako langileek atzo eguerdian Gasteizen eginiko manifestazioa.
Lehen arretako langileek atzo eguerdian Gasteizen eginiko manifestazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2019ko otsailak 10
Lanuzteak egingo dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun publikoko lehen arretako medikuek. Hilero greba egun bat egingo dute. Martxoaren 15ean, apirilaren 12an eta maiatzaren 17an. Data horiek, baina, ez dira finkoak, alda ditzakete, LAA Lehen Arreta Arnasberritzen taldeko bozeramaile Eneko Ibarrurik azaldu duenez.

LAAko 300 kidek batzarra egin zuten atzo Gasteizen, eta, gero, manifestazioa. Bileran adostu zuten grebara deitzea eta, horrekin batera, 63 eskaera jasotzen dituen txosten bat; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari bidaliko diote agiria. Salatu dute krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta osasun zerbitzuan egindako murrizketek astindu dutela lehen mailako arreta. Nabarmendu dute zailtasun handiak dituztela eguneroko martxan: pazienteak behar bezala artatzeko denboraren murriztea, euren jarduna eragozten duen gehiegizko burokrazia, eta langileen ordezkapenik eza, bereziki.

Lehen arreta zerbitzua «gertukoa, iraunkorra, orokorra eta koordinatua» izatea nahi dute: horretarako, galdegin dute denbora gehiago paziente bakoitzarekin egoteko, gaixoen jarraipena beti mediku berak egitea, familia medikuen eta espezialisten arteko elkarlana hobetzea, eta gainerako osasun sareekin eta gizarte zerbitzu guztiekin batera osotasun baten parte izatea. Lehen mailako zerbitzuen kalitatea hobetzeko estrategia bat ere eskatu dute.

Gogorarazi dute lehen arretako zerbitzuen erabilera urtez urte handitzen ari dela, eta arrazoi ugari daudela horretarako: gizartearen zahartzea, gaixo kronikoak ugaritzea, etxean artatu beharrekoena... Arazo horien ondorioz sistema «ahultzen eta endekatzen» ari dela azpimarratu dute.

Erantzunik ez

2017ko urrian eratu zuten taldea. Osasun Sailarekin harremanetan izan dira, eta administrazioak lehen arretarako egin duen hobekuntza estrategiari proposamenak egin dizkiote, beste hainbat eragilerekin batera; horien inguruan, ordea, ez dutela erantzunik jaso salatu dute.

2018ko uztailean Lehen Arretarako Aholku Batzordea sortu zuen Osasun Sailak, eta herenegun bildu zen aurrenekoz, LAAko kideek adierazi dutenez. Bilera horretara eraman zituzten eskaerak, berriz. Osasun Sailak, halaber, 2018ko lehen seihilekoan eztabaidarako txosten bat kaleratu zuen, eta LAAkoek azaldu dutenez, orduan ere egin zituzten «zuzenketak». Erantsi dute, halaber, txosten horretan jasotzen dela eragileekin hitz egitea, baina salatu dute ez dutela deirik jaso.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna