Euskal Herri bateratua irudikatzera deitu dute

Euskal Herria Batera-k Abadiako Adierazpena aurkeztu du Aberri Egunaren bezperan. Euskaran eta euskal kulturan oinarritzera deitu du

Euskal Herria Batera-ren agerraldia, atzo. JON URBE / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Urruña
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aberri Egunaren bezperan ekitaldi berezia egin zuen atzo Euskal Herria Batera herri ekinbideak Urruñako (Lapurdi) herriko etxean. Euskal Herriko egun nazionala mundu guzian ospatzera deitu dute, 24 orduz; euskal ikurrak atera eta euskal ereserkiak abestera animatu dute jendea. Hauek dira hiru abestiak: Ikusi mendizaleak, Gernikako arbola eta Txoriak txori. Antton eta Virginie Abadiak abiatutako lanari jarraikiz, euskara eta euskal kultura oinarri hartuta euskal komunitate bateratua biziarazi eta espazio komunak sortzea da helburua.

Euskal Herriko jende ezagun andanak parte hartu zuen ekitaldian, gonbidatu gisa. EH Bildu, EAJ, EH Bai eta Podemos-Ahal Dugu alderdietako ordezkariak, Kontseilua, Udalbiltza, AEK eta Seaskako kideak, eta baita kultur arloko eragileak ere.

Ines Osinaga musikariak eta Ximun Fusch antzerkilariak irakurri zuten adierazpen bateratua. «Hizkuntzak egiten gaitu pertsona. Kulturak, herri. Kulturarik gabe ez dago herririk, ez dago kulturarik gabeko herririk», adierazi zuten. «Euskal Herriaren balioa batera sortzeko duen gaitasuna da. Mundua abiada bizian okerrerako aldarazten ari diren gertakariei denok batera aurre egiteko dei egitera gatoz. Ez dugu denbora geratu nahi; denborak mundua ez galtzea nahi dugu». Aberri Egunean Euskal Herri bateratua irudikatzeko deia berretsi zuten. «Batera egiteko gaitasunaren emaitza gara gu, batera aritzean indarrak bikoizten ditugulako. Ikurren udaberria sustatu dugu aurten, nazio gogoaren berpizteak kulturaren udaberriari bide eman diezaion hurrengo urteotan».

Konpromisoa hartu zuten euskal gizarteak bere egin dezan Aberri Egunaren ospakizuna, herrigintzan batera jarduteko gogoa piztuz. «Gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa. Goretsi dezagun batera egiteko gai garena. Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.