Aitziber Laskibar Lizarribar.
ANALISIA

Erpin guztiak

2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gatazka politiko batek eragindako preso eta iheslariak dituen herri batek ez du gatazka erabat gainditua izango. Nazioarteko adituek ondo dakite hori, eta horregatik ematen diote berebiziko garrantzia korapilo hori askatze bidean jartzeari. Ez da kasualitatea, esaterako, bake prozesua indartzeko Foro Sozialak datorren astean Iruñean eta Bilbon egingo dituen bi lan saioetako bat horien itzulerari buruzkoa izatea, espresuki.

Presoak ez direla gizarteko zati baten arazoa ulertarazi nahi dute; gizarte osoak esku artean duen korapiloa dela, denen eskuekin askatu beharrekoa. Gatazka behin betiko gainditua utzi nahi duen edonoren zeregina dela, alde batekoa zein bestekoa izan, ideologia bat edo beste eduki.

Izan ere, gatazkaren zati bat konpontzeak ez du esan nahi gatazka osoa konponduko denik. Horregatik da ezinbestekoa alde eta ondorio guztiei heltzea. Guztiek barneratzea horren beharra, eta inori ez ematea erpin horietako batean urratsak egitea trabatzeko ahalmena. Ertz horietakoren bat deskuiduan uzteak ordain garestiegia ekar lezake guztion etorkizunean.

Ondo ulertu dute hori Ipar Euskal Herriko eragileek. Denetarikoek. Ikusi besterik ez dago atzo Baionan konponbidearen aldeko manifestazioan parte hartu zutenen zerrenda. Kolore guztietako ordezkariek babestu dute, publikoki, Giza eskubideak, konponbidea eta bakea lelopean egindako protesta. Baita Alderdi Sozialistakoek eta UMPkoek ere. Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatari denek deitu dute preso eta iheslarien egoeraren inguruan mobilizatzera. Bake Bidearen aldarria bere eginda, 23 eragileek eskatu dute presoei eta iheslariei ahalbidetzea irtenbideari begira ibili beharreko bide orriak martxan jartzeko aukerak.

Euskal Herri osora hedatu behar luke irtenbidearen aldeko nahi natural horrek, naturalena konponbidea nahi izatea baita, aterabidean lagundu nahi izatea; inori atzera bueltatzeko tentaziorik eragin liezaiokeen zirrikiturik txikiena ere ondo itxita uztea.

Eta esperientziak erakutsi du hori ezin dela politikarien esku soilik utzi. Okerra litzatekeela. Herritar xumeen elkarlanak uste baino indar handiagoa izan lezakeela eta bere gain hartu behar duela aurrera bultza egiteko eginbeharra. Areago, hortxe dago arrakastaren gakoa.

Lan horretan hasi zen Herrira lehenik, KonpONbidea gero; herritarrak aterabideari begira jarri eta presoen eskubideen alde aktibatzeko lanean. Egin du bere bidea KonpONbideak. Beste dinamika bati utziko dio lekua gaur, Donostian egingo duen «aurkezpen mobilizazioan». Herritarrei beren garaia dela sinetsaraztea izango du erronka. Beren esku dagoela ulertarazi eta baldintzatzaile izan daitezkeela sentiaraztea; baldintzatzaile bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.