AEBek Irani jarritako zigorrek agerian utzi dute EBren ezintasuna

Bruselak ez dauka prest SPV sistema, enpresek Iranekin transakzioak egiteko. Etxe Zuriak zigorretatik kanpo utzi ditu zortzi herrialde sei hilez, tartean Txina, India eta Japonia

Jon Fernandez.
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Maiatzean egindako mehatxua bete du AEBetako presidenteak, eta, atzodanik, indarrean daude Iranen kontrako zigor ekonomikoak; «herrialdeak inoiz jarritako zigorrik gogorrenak», Donald Trumpen berbetan. Etxe Zuria maiatzean atera zen 2015ean Europako potentziek, Txinak, Errusiak eta AEBek Iranekin sinatutako itun nuklearretik, eta 2015a baino lehenagoko zigorrak indarrean jarri ditu atzoz geroztik. Neurria ez da bakarrik Iranen kontra: Ekialde Hurbileko herrialdeko 700 erakunde eta norbanako sartu ditu AEBen zerrenda beltzean, baina zigortu egingo ditu munduko beste edozein bazterretako konpainiak ere, baldin eta Irani petrolioa erosten badiete edo Iranekin negozioak, transakzioak eta kontratuak badauzkate.

Petrolio salmentak jaitsi eta Iran ekonomikoki itotzea da Etxe Zuriaren helburua, eta Ekialde Hurbileko bere aliatuei hauspoa ematea, Israeli eta Saudi Arabiari. Halere, sei hilez Iranekin salerosketan jarraitzeko aukera eman die Greziari, Hego Koreari, Indiari, Italiari, Japoniari, Taiwani, Turkiari eta Txinari, apurka-apurka joan daitezen petrolio gutxiago erosiz.

Zigor ekonomikoen kontra berba egin dute Europako agintariek, baina EB ez da gai izan Trumpen erabakiari kontrapisua egiteko. Ez du bete maiatzean agindutakoa, zigorrekin batera indarrean egongo zela SPV sistema europarra, enpresek Iranekin finantza transferentziak egin ahal izateko SPVren bitartekaritzarekin, AEBen zigorrei izkin eginda. Oraindik heldugabe dago proiektua: EBn ez dakite ez zein herrialdetan kokatuko den SPV, ez zeinek parte hartuko duen.

Munduko bankuen arteko transakzioak modu seguruan egiteko sistema nagusiak ere men egin dio Trumpen zigorrei: Swift partzuergoak, zeinak Belgikan baitauka egoitza nagusia. Atzo iragarri zuen sistematik kanpo utzi dituela Irango bankuak, nahiz eta agiri berean Swiften izaera «globala eta neutrala» aldarrikatu. Erabaki hori EBko legediaren aurkakoa izan daiteke, eta zigorrak jaso ditzake.

Dieter Kempf BDI Alemaniako industriaren presio talde handieneko buruak salatu du Trump ekonomia globala «erabiltzen» dabilela «helburu politikoak» lortzeko: «Nazioarteko eta Atlantikoko harremanak bortxatzen ari da».

AEBek maiatzean Iranen kontrako zigorrak iragarri zituenetik, multinazional askok alde egin dute Irandik, AEBetan dituzten negozioak galtzeko beldurrez. Petrolio esportazioak eguneko 800.000 upel apalagoak dira orain.

Edonola ere, Teheranek uste du aurre egingo diela zigorrei. Aukera ezberdinak prestatzen ari da petrolioa saltzen jarraitzeko: burtsaren bidez saltzea, erosleen jatorrizko diruan ordaintzea eta ez dolarretan, truke sistema erabiltzea, eta urre beltza Iranek berak garraiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.