EH Bildurekin duen harremana mantentzea babestu du EAk

XIII. Biltzar Nagusiak 'Alkar zainduz' leloa izango du. Sektore kritikoak «zentzugabekeria demokratikotzat» jo du kongresua egitea

Leire Pinedo eta Iker Ruiz de Egino EAko kideak, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunak datorren urtean egingo du biltzar nagusia, eta zuzendaritzak adierazi du orduan eztabaidatuko den txosten politikoaren zirriborroan EH Bildurekin duen harremana mantentzea babesten duela: «Gure ustez, bilkideek diseinatu eta onartutako egungo EH Bildu da gure estatutuen lehenengo artikulua gauzatzeko tresnarik eraginkorrena Europako Batasunean euskal errepublika askea lortzeko».

Leire Pinedo Biltzar Nagusiko Prestaketa Batzordearen buruak eta Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak eman zuten batzarraren berri atzo, Gasteizen. Alkar zainduz lelopean egingo da XIII. Biltzar Nagusia, otsailaren 19an eta 20an, eta martxoaren 5ean eta 6an, Araban. «Zaintza politikaren erdigunean» jartzea da asmoa, eta ideia hori alderdira ere eramatea; uste dute barne eztabaida «larregi garraztu» dela.

Halere, sektore kritikoko kideek kongresua egiteko erabakia «zentzugabekeria demokratikotzat» jo dute, nabarmenduta, besteak beste, afiliatuei ez zaiela aukerarik eman alderdia nork gidatu behar duen erabakitzeko. Haren arabera, hau «alderdia kontrolatzeko» modu bat da, EAren «desegitea» gauzatzearekin batera. Eba Blanco idazkari nagusiari ere mezu bat helarazi diote: «Hitz egiteko eseri, eta afiliazioak bere sentimenduak adierazteko oinarrizko baldintza demokratikoak adostu».

Txostenaren zirriborroa

Dosier politikoaren zirriborroa horretarako propio izendatutako lantalde batek ondu du, eta Kontseilu Nagusiaren oniritzia du. Sei atal ditu guztira, eta horietako bakoitzean gai bat lantzen da; esate baterako, 2020ko hamarkadako sozialdemokrazia, EAren printzipio ideologikoak, euskal errepublika sortzeko zutabeak, eta Ipar Euskal Herriarekin eta euskal diasporarekin izan beharreko harremanak jorratzen dira.

Sektore ofizialeko kideek azaldu zuten hau soilik zirriborro bat dela: «eztabaidarako abiapuntua» ez ezik, baita «barne gatazkak amaitzeko txostena» ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.