Autodefentsaz gogoetatzeko batu dira 400 bat neska gazte

«Sareak» josteko asmoz elkartu dira, Lizarran. Jardunaldi Feministen atarikoa izan da bilkura

Topaketako irudi bat, atzo, Lizarran. JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gogoetak plazaratzeko gunea izan da Lizarra (Nafarroa) bi egunez. Neska gazteen topaketak egin dituzte, Egin dezagun topa lelopean. Ostiralean hasi ziren, eta atzo amaitu. Hamaika txokotatik iritsitako 400 neska gazte elkartu dira. Antolatzaileek esan dute topaketen helburua, elkarren artean «sareak» josteaz harago, aurrera begirako erronkak zehaztea eta autodefentsaren inguruan gogoeta egitea izan dela. Baita erabakigune bat izatea ere. Hain justu, topaketan ateratako ondorio nagusiak Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan aurkeztuko dituzte, mahai inguru batean; Durangon (Bizkaia) egingo dira, azaroaren 1etik 3ra.

Ane Sainz-Espiga da topaketen antolatzaileetako bat, eta adierazi du mugimendu feministak antolatutako jardunaldiak «erronka bat» direla neska gazteentzat ere. Bi urtez Udaleku Feministen antolakuntzan ibilitako lantaldeak erronka horri erantzun beharra identifikatu zuen, eta hala erabaki zuten jardunaldi hauek antolatzea. «Aisialditik harago, gure arteko hausnarketari ekiteko beharra genuen: praktikarako espazioak edukitzekoa», nabarmendu du Sainz-Espigak. Maialen Uribe ere antolakuntza lanetan ibili da, eta azaldu du neska gazteen «saretzetik» harago, topaketetako asmoa aurrera begirako «erronkez» hitz egitea eta autodefentsa feministaren inguruan gogoeta egitea izan dela.

Beste planteamendu bat oinarri

Hain justu, autodefentsa feministaren inguruko saio bat egin zuten atzo goizean neska gazteek. «Espazio askotan zalantza egon da ea borroka moldeak berriro planteatu behar diren; egoera aldatu den heinean, ea borroka berriro definitu behar den», azaldu du Uribek. Hausnarketa horri ekiteko, Aiora Epelde Emagineko kidea izan zuten bidelagun hasieran. Autodefentsa feministaren esparru teorikoaren inguruko azalpen bat eman zuen. Ostean, eztabaidarako gako nagusi batzuk identifikatu zituzten, eta,lantaldetan batuta, ondorio nagusi batzuk atera zituzten. Uribek jakinarazi duenez, hiru dira ondoriorik nabarmenenak. «Batetik, badaukagu beharra autodefentsa feministaren ikuspegia zabaltzeko; ezin gara kokatu akzio-erreakzio logikan», azaldu du antolatzaileak. Gaineratu du indarkeria matxistak milaka aurpegi dituela eta, beraz, denei erantzun beharra dagoela. Logika berari jarraikiz, zehaztu du jai ereduetatik harago egin behar dela jauzi: «Indarkeria matxistaren erantzule askotarikoak markatu behar dira: instituzioak, multinazionalak, edota hezkuntza sistema bera». Azkenik, esan du arazoa «kolektibizatu» beharra dagoela. Adierazi duenez, helburua jendea «interpelatzea» da, eta gizarteak erantzun bat ematea.

Hiru ondorio horiek eta hausnarketarako bide eman duten beste zenbait gai Euskal Herriko V.Jardunaldi Feministetan aurkezteko aukera izango dute neska gazteek. «Topaketen helburuetako bat ere bazen jardunaldiei begira prestatzea; badaukagu jardunaldietan zer esan, subjektu politiko bat baikara borroka feminista honetan», azaldu du Sainz-Espigak. Hori dela eta, nabarmendu du diskurtsoa plazaratzeko modua emango dien mahai inguruaz harago, praktikara eramateko bidea ekarriko duen tailer bat ere antolatuko dutela jardunaldietarako.

«Pozik» emaitzarekin

Antolatzaileak «pozik» daudeLizarran egin den topaketak eman duenarekin. «Espero baino neska gazte gehiago bildu dira, eta giro polita izan dugu egun hauetan», esplikatu du Sainz-Espigak. Areago, gaineratu du, belaunaldi ezberdinetako emakumeen ahotsa entzuteaz gain,Lizarrako andre batzuen bizipenak ezagutzeko aukera ere izan dutela. «Euskal Herriko mugimendua ezaugarritzen duten beste borroka batzuk lantzeko eta horietatik ikasteko espazioak izan ditugu».

Aurrera begira, berriz, topaketako gogoetetatik ateratako erronka berriei eutsiko diete andrazko gazteek. Antolatzaileek azaldu dutenez, autodefentsa feministaren inguruan esandakoak ere praktikara eramango dituzte, eta sor daitezkeen eremuetarakotresnak sortu. Neska gazteek izan dute aukera, beraz, elkartzeko eta topa egiteko. Jardunaldi feministak izango dira ondorengo topalekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.