Siriako gerrak 10 urte

Herritarren eguneroko gerra

Hamar urteko gerrak zauri sakonak egin ditu Sirian, eta desberdintasun handiak eragin batzuen eta besteen artean. Siriaren Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak gobernatutako eremuetan bizi direnek, dena dela, baldintza hobeak dituzte gaur egun.

Hamar urteko gerrak ia erabat suntsituta utzi du herrialdea. ORSOLA CASAGRANDE.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Agian, Sirian hamar gerra urtek zer ondorio izan duten hurbiletik jakiteko modurik zehatzena zera da, merkatuetan buelta bat ematea hango familia batzuekin. Orain, ibilaldia birtuala da, pandemiak ez baitu bidaiatzeko modurik ematen, baina, teknologiari esker, posible da Beritan-i segitzea eta lagun egitea erosketa egunean Kobanen. Bideo dei bat, eta Emakume Librearen plazan egon daiteke bat.

Libera siriarra ikaragarri debaluatu da hamar gerra urteotan, eta are gehiago azken bi urteetan. Gerrak denei eragiten die, baina, hala ere, egoera oso desberdina da Baxar al-Assaden gobernuak kontrolatu eta gobernatzen dituen eremuetan, Administrazio Autonomoaren esku daudenetan eta Turkiak okupatutakoetan.

Beritan Kobanen bizi da. Haren hiria, Afrin, Turkiak okupatu zuen 2018ko martxoan, eta horregatik joan zen Kobanera. Haren familiaren parte bat Afrinen bizi da oraindik, eta —teknologiari esker betiere— arrebarekin konektatuko dira laster.

Siriaren Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak edo Rojavak gobernatutako eremuetan bizitza hobexeagoa da beste bi guneetan baino; hori dio Beritanek, fruta eta barazkien denda koloretsu batean sartzen ari dela. Tomateek, esaterako, kiloko 1.000 libera siriar balio dute han (gutxi gorabehera, 0,23 euro). Patatek, 600 libera siriar (0,12 euro inguru). Kilo bat irinek 1.700 libera siriar balio du (0,35 euro). Oinarrizko saski horri kilo bat haragi gehituko dio (13.000 libera siriar, 2,70 euro), eta, noski, kilo bat ogi (poltsa bakoitzak zortzi ogi dakartza, eta 125 libera siriar balio du: ia 0,03 euro). Erosketa hori lau euro baino gutxixeago kostatu zaio Beritani. Hilean 200.000 libera siriar irabazten ditu (42 euro). Beritanek honela dio: «Gu hemen, Administrazio Autonomoak kontrolatutako eremuetan, askoz hobeto gaude beste toki batzuetan baino. Egia da Turkiaren erasoen eta bonbardaketen mehatxupean gaudela beti, baina, hala ere, hiria berreraikitzea lortu dugu». Herri miliziek askatu zuten Kobane, 2015eko urtarrilean, Estatu Islamikoak lau hilabetez hiria setiatua izan eta gero.

Beritanen arreba, Amina, elkarrizketan sartu da, Afringo herrixka txiki batetik. Harentzat arriskutsua da anaiari deitzea, baina harekin komunikatu beharra dauka hamabostean behin: gurasoak Afringo beste herrixka batean dituzte, baita familiako hainbat kide ere, eta Beritanek arrebaren bitartez bakarrik izaten du haien berri.

Beritanen familiak olibadi handiak zituen. Oliba olioagatik zen ezaguna Afrin. Orain, eskualdea okupatzeko Ankararen laguntza izandako mertzenarioek Turkiara esportatzen dute ekoizten den ia olio guztia. Aminak kontatu duenez, Sumar Qandeko mertzenarioek zera inposatu diete Haj Hasna herrikoei (Jinderes iparraldean): haiek esandako olio fabrika batera eramatea oliba guztiak. Herritarrek ez badituzte okupatzaileen «arauak» betetzen, mehatxatu egiten dituzte, eta, batzuetan, bahitu. Honela dio Aminak: «Gure lehengusu bati 12 olio ontzi bakarrik bueltatu dizkiote, eta hark gutxienez 45 espero zituen. Kexatzera joan zenean, mertzenarioek mehatxu egin zioten olibadi guztiak kenduko zizkiotela».

Mertzenarioek kontrolatzen dituzten herrietako «arauaren» arabera, olioaren %15 herria okupatua duten mertzenarioen esku utzi behar da, eta %10, fabrikaren esku. Gainerako %75, teorian, olibadien jabeari bueltatu behar zaio, baina hori ez ia inoiz hala izaten, mertzenarioek lapurtu egiten baitute olio horren parte handi bat ere. Batzuetan, herritarrak bahitzen dituzte, eta beste batzuetan, besterik gabe olioa lapurtzen diete, eta Turkiari saldu.

Aminak bizkor esan digu Afrinen zenbat balio duten Muradek erosi berri dituen produktuek. Kilo bat haragik, 26.000 libera siriar (5,46 euro); kilo bat patatak, 600 libera siriar (0,12 euro); kilo bat tomatek, 1.500 libera siriar (0,31 euro); eta kilo bat irinek, 1.700 libera siriar (0,35 euro). Ogia solte saltzen da; 100 libera siriar (0,02 euro) balio du ogi bakoitzak: «Egiaz, opiltxo bat da, esku ahurra baino handiagoa ez». Erosketa hori bera Afrinen egiteko 6,46 euro behar dira. Eta, noski, Turkiaren okupazioa onartzen dutenek soilik egiten dute lan Afrinen. Gainerakoentzat, mehatxuak eta indarkeria besterik ez dago. Emakumeen inguruan, Aminak hau dio: «Afrinen, infernu batean bizi gara. Bahitu, bortxatu edo Turkiaren soldatapeko mertzenarioek hilko gaituzten beldur beti». Missing Afrin Women Projecten azken datuen arabera, 2018ko martxoan herria inbaditu zutenetik 200 emakume baino gehiago bahitu dituzte.

Aztertuz gero hamar gerra urteek zer ondorio ekonomiko utzi dituzten Siria banatuta dagoen eremuetan, begi bistakoa da Administrazio Autonomoa Konfederalismo Demokratikoaren eta demokrazia erradikalaren eredua ezartzen ari dela, Abdullah Ocalanek teorizatutakoa. Horrez gain, hainbat egitasmo ekonomiko sustatzen ari da biztanleak tartean sartuta eta haiek protagonistatzat hartuta, haien oinarrizko beharrei erantzuteko asmoz. Hain zuzen, hilabete honetan soldatak handitzea eztabaidatzen ari dira. Nolanahi ere, soldatak handiagoak dira han, Al-Assaden gobernuak kontrolatutako eskualdeetan baino. Alepoko Fatmak dioenez, han biztanleak «gorriak ikusten ari dira».

Oinarrizko produktuak garestiagoak dira Administrazio Autonomoaren menpeko guneetan baino, eta soldatak, txikiagoak. Estatuaren menpeko goi mailako langile batek 45.000 libera siriar irabazten ditu (9,5 euro): hori halako lau da ia eskualde autonomoetako oinarrizko soldata. Kilo bat haragik 19.000 libera siriar balio du (3,90 euro), eta 650 gramo ogik, 1.000 libera siriar (0,21 euro).
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.