Hibai Arbide Aza.
LEKU-LEKUTAN

Agur, Atenas, maite eta gorroto dudan etxea

2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Hau nire azken zutabea da Atenastik. Gutxienez, denbora luzez. Banoa; bagoaz. 2014ko uztailean iritsi nintzen, erabat hondatuta, zorrek hondoratuta, hemen kazetari bihurtuko nintzenik ez nekielarik. Ziurrenik, zoriak —egia esan, maitasunak— beste hiri batera eraman izan banindu, gaur egun ez nuke horretan lan egingo. Grezia 2014an kazetari izateko leku egokia zen. Europa osoak begiratzen zion porrot egiten ari zen herrialde txiki horri. Greziarrek urteak zeramatzaten austeritatearen kontra. Herri horrek erosteko ahalmenaren %45 galdua zuen, eta plazetatik, greba orokorretatik eta barrikadetatik Europako ordena neoliberala zalantzan jartzen zuen. Europako ezkertiarrek ilusioz eta itxaropenez begiratzen zioten Syriza izeneko ezkerreko koalizioari. Nik sei hilabete neramatzanean, Alexis Tsiprasek irabazi zituen hauteskundeak. Kazetari izateko leku egokia zen ideia indartu egin zitzaidan. Greziako politika naziokoa bezain garrantzitsua izatera heldu zen herrialde askotan, sarritan alderdien eta testuinguruen arteko analogiak zorroztasun gutxirekin ezarriz. Munduko hedabide guztiek nahi zituzten erreportajeak, albisteak eta analisiak Greziatik eta Greziari buruz. Syriza Europako Batasuneko ordura arteko gatazka instituzional garrantzitsuenaren protagonista izan zen. 2015eko udan, ia urtebete neramanean hemen, arreta mediatiko handieneko unea izan zen, eta kazetari nintzela baieztatu nion neure buruari.

Syrizaren bataila porrotean amaitu zen. Europako ezkertiar gehienak ahal zuten guztia urrundu ziren harengandik, eta bereziki Tsiprasengandik. Kasu askotan, analisi politikoa judizio moralarekin ordezkatu zuten, eta traidore deitzearekin konformatu ziren. Jarrera erosoena zen, baina traidoretzat jotzeak ez du Europako ezkertiarrek erantzun nahi ez duten galdera nagusia argitzen: zergatik egin zuten huts? Greziak Latinoamerikako mailako herri mugimendua zuen. Mugimenduarekin harreman inbidiagarria zuen alderdi bat zegoen, eta, gainera, ia errepikaezina zen berezitasun bat zuen: herrialdeko hiru ekonomialari garrantzitsuenak, Giannis Varufakis, Kostas Lapavitsas eta Euklidis Tsakalotos, alderdi berekoak ziren, nahiz eta Grezia eurogunean jarraitzeari buruzko tesi ezberdinak defendatzen zituzten. Europako ezkertiarrek erantzun nahi ez duten galdera da: Syriza baldintza horiekin ezin izan bazen, zer plan dute haiek berdin garaituak ez izateko?

2015 amaieran errefuxiatuen krisia delakoa hasi zen. Ez zegoen zalantzarik: hauxe zen kazetari izateko munduko lekurik onena. Rodrigo Hernandez, Elpida Nikou, Alvaro Barrantes eta Vicent Montagudi esker, austeritateari buruzko erreferendumaren berri ematera etorri zirenean ezagutu nituen lagunei esker, hasi nintzen Telesurren berriemaile lanetan. Orain, lagun horiek Zungu Coopeko nire lankideak dira, nazioarteko hedabide ezberdinentzat lan egiten dugun kooperatibakoak. Beste lankide batekin, Angel Ballesteros Bocho-rekin, urteak eman genituen Greziako, Balkanetako eta Ekialde Hurbileko errefuxiatuei buruzko erreportajeak egiten. Bochori esker telebista egiten ikasi nuen, lehenengo kameraren aurrean eta gero kameraren atzean. Orain ia inoiz ez naiz pantailan ateratzen, grabatzen aritzen naiz, baina nire ikaskuntza, amaitu beharrean, etengabeko prozesua da, eta bide luzea dut egiteko.

Hedabide gehienek jada ez dute uste Grezia herrialde interesgarria denik. Gero eta gehiago, helmuga turistiko gisa bakarrik ikusten du mundu osoak. Guk gero eta lan gutxiago egiten dugu Atenasen, munduan zehar erreportajeak egiten ditugu. Iritsi nintzenean, etxebizitza bat lortzea ez zen Greziaren arazo nagusietako bat, ezta behartsuentzat ere. Orain, lana duen jende askorentzat ere ez da posible. Airbnb-ren etorrerak eta putre funtsek alokairuaren merkatua lehertu dute. Nire lagun askok beren auzoetatik alde egin behar izan dute. Ni ere banoa, arrazoia hori ez bada ere. Hiri hau, nire etxea, haien falta sumatuko dut.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.