Berehalako erantzuna erasoari

Egiptoko segurtasun indarrek 40 pertsona hil dituzte Gizako erasoaren biharamunean. Gobernuak ez du hildakoei buruzko informaziorik eman. Talde islamisten jomugan daude berriz ere turistak
Mustafa Madbuli Egiptoko lehen ministroa, herenegun, Gizako erasoan zaurituak bisitatzen.
Mustafa Madbuli Egiptoko lehen ministroa, herenegun, Gizako erasoan zaurituak bisitatzen. STR / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abenduak 30
Gizako erasoa gertatu eta ordu gutxira, Egiptoko segurtasun indarrek ustezko 40 «terrorista» hil zituzten atzo, goizeko ordu txikietan. Barne Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, herrialdeko hiru eremutan egin zituzten operazioak: Gizako probintziako errepide batean hil zituzten horietako hamasei, basamortuan; Kairo kanpoaldeko etxebizitza batean beste hamalau; eta Sinai penintsulako Al-Arix hirian beste hamarrak —azken eremu horretan presentzia handia du Wilaya Sina taldeak, EI Estatu Islamikoaren Egiptoko adarrak—. Ez dago argi, hala ere, hilketa horiek herenegun arratsaldeko erasoarekin zerikusirik ote duten: bide bazterrean zegoen bonba bat leherrarazi zuten hamalau turista vietnamdar zeramatzan autobus baten aurka, Gizako Piramide Handien inguruan, eta gutxienez lau pertsona hil eta hamar zauritu zituzten —inork ez du bere gain hartu erasoa—. Nail Sadek fiskal nagusiaren arabera, «estatuko erakunde guztiak azkar mobilizatu dira turisten segurtasuna bermatzeko eta osasun arreta eskaintzeko». Erantzuna, beraz, berehalakoa izan da.

Ministerioak ez zuen hildakoen nortasunari buruzko informaziorik eman, eta hiru operazioetan lehergailuak egiteko materiala, armak eta munizioa aurkitu zituztela esan zuen bakarrik, xehetasun gehiagorik eman gabe: «Estatuko erakundeen, segurtasun indarren, kristauen tenpluen eta interes turistikoen aurkako erasoak prestatzen ari ziren». Egiptoko armadak otsailean abiatu zuen, Sinaiko penintsulan, Wilayat Sinaren aurkako operazio militarra, eta oraindik ez dio amaierarik eman: hamar hilabetean 500 bat pertsona hil ditu.

Herenegun arte, Egipton hiru urte ziren inork ez ziela atzerriko turistei eraso egin. Izan ere, 2015eko urrian, Errusiatik zetorren hegazkin bat airean lehertu, eta Sinaiko penintsulara bota zuen EIren Egiptoko adarrak: barruan zeuden 224ak hil ziren. Gobernuak, berriz, 2017ko apirilean erabaki zuen herrialdea larrialdi egoeran jartzea, Nilo ibaiaren inguruan eliza batzuen aurka egindako erasoen ostean. Hala ere, neurri horrek ez ditu erasoak eragotzi, eta estatuan inoiz gertatutako atentaturik hilgarriena larrialdi egoeran gertatu zen, iazko azaroan: Sinaiko penintsulan gutxienez 305 pertsona hil eta 120 zauritu zituzten. Atzerritarren aurkako erasorik handiena 1997an egin zuten, mendebaldeko Luxorren: 62 pertsona hil zituzten.

Penintsula Israelen kontrolpean egon zen Sei Eguneko Gerran, 1967tik 1979ra, eta, okupazioa bukatzean, ia-ia presentzia militarrik gabe gelditu zen. Ordutik aurrera, eta pixkanaka-pixkanaka, milizia armatu salafistak loratzen hasi ziren Hosni Mubarak Egiptoko presidente izan zen hiru hamarkadetan, 1981etik 2011ra. Udaberri Arabiarraz geroztik, gainera, handitu egin da Egipton muturreko talde islamisten erasoen kopurua.

Sektore garrantzitsua

Talde horiek gehienbat estatuko indarrak eta gutxiengo kristau koptoa izan dituzte jomugan, baina turismoaren sektoreari ere berebiziko garrantzia eman diote; batez ere 2011ko gertakarien eta 2015eko urriko erasoaren ostean apaldu zen Egipto bisitatu zutenen kopurua.

Sektoreak 2010ean jo zuen goia; urte horretan, atzerriko 14 milioi turista baino gehiago izan ziren Egipton, eta herrialdeari ezinezkoa izan zaio kopuru horretara itzultzea, nahiz eta joerak gorantz egin duen azken urteotan. 2016an, esaterako, 5,3 milioi atzerritar izan ziren Ekialde Hurbileko herrialde horretan, eta, iaz, 8,3 milioi izan ziren —sektorea barne produktu gordinaren %11 izan zen—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna