Urnietako gizonezko bat hil dute Burkina Fason, labanaz eraso eginda

Misiolari zebilen Afrikako herrialde horretan, salestarren kongregazioan. Ustezko erasotzailea atxilotu dute; lankide ohi bat dela uste du Poliziak

Erredakzioa
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriko misiolari salestar bat bortxaz hil zuten ostiralean Burkina Fason. Francisco Hernandez zuen izena, 60 urte zituen, eta Urnietan hazia zen (Gipuzkoa), baina aspaldi joana zen Afrikara. Burkina Fasoko Bobo Dioulasso hirian bizi zen, eta salestarren kongregazioak han duen hezkuntza egitasmo batean ziharduen. Hain justu, zentro horretan hil zuten, labana batez eraso eginda. Burkina Fasoko Komunikazio Ministerioak jakinarazi du erasotzailea atxilotuta daukatela: duela bi hilabetera arte zentroan lan egiten zuen gizon bat izan zela uste dute.

Herenegun izan zen hilketa, bazkalorduan. Hernandezi ez ezik, Togoko beste misiolari bati ere egin zion eraso gizonak; zaurituta dago, baina onik. Ondoren, erasotzailea ihes egiten saiatu zen, baina zentroko ikasleek atxiki egin zuten, Polizia iritsi zen arte. Komunikazio Ministerioaren arabera, atxilotua sukaldari aritu zen zentroan zazpi urtez, baina orain bi hilabete kaleratu zuten; ikertzaileek uste dute mendekuz egin ziela eraso.

Urnietako Udalak atsekabea agertu du Hernandezen hilketagatik, eta elkartasuna adierazi die bere senideei eta gertukoei. Gaitzespen elkarretaratze batera ere deitu du: astelehenean egingo dute, 19:00etan, udaletxe aurrean.

Salamancako (Espainia) Ledesma herrian jaioa zen arren, txikitan iritsi zen Hernandez Urnietara familiarekin, eta bertan bizi dira oraindik haren ama eta hiru anaiak. Senideetako batzuk Burkina Fasora joatekoak dira egunotan, han ehortziko baitute, Hernandezek berak nahi bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.