Koronabirusa munduan

Afrikan zabaltzearen arriskua

Kontinentean 7.000 dira gaixotuak, eta hirurehundik gora hilak. EBk ohartarazi du balitekeela etorkizunean foku gehiago piztea Afrikan birusa kontrolpean hartzen ez bada

Polizia bat errepideko kontrol batean, Abujan, Nigerian. GEORGE ESIRI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Mundu osotik mugitzeko askatasunak baditu bere alde txarrak ere, eta horietako bat da planetako txoko batean agertzen diren birusak ere edonora zabal daitezkeela. Koronabirusak ez du mugarik ezagutzen, eta Txinatik kontinente guztietara zabaldu da dagoeneko, tartean Afrikara. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 7.000 gaixo eta hirurehun hildakotik gora izan dira han orain arte. Gaitza, baina, azkar ari da zabaltzen, eta horren froga dira kopuruak. «Hamasei egun igaro ziren lehen kasua agertu zenetik ehun gaixo baieztatu zituzten arte. Hamar egunean mila lagun ziren, eta handik hiru egunera, 2.000. Beste bi egun nahikoak izan ziren 3.000ko langa gainditzeko», azaldu du Matshidiso Moetik, OMEren Afrikarako ordezkariak.

Irakurri gehiago: Kongoko hiriburuan dirudunen auzoan zabaldu da koronabirusa

Hasieran kasu gehienak iparraldeko herrialdeetan agertu baziren ere, Hegoafrikak ditu egun daturik okerrenak: 1.462 gaixo eta bost hildako. Krisiaren larriena, baina, datozen asteetan lehertuko da, gaitza baliabide gutxien dituzten komunitateetara zabaltzen denean.

Etorkizunari begira

Josep Borrell EB Europako Batasunaren diplomaziaburua kezkatuta agertu da birusak Afrikan izan ditzakeen ondorioez, eta nabarmendu du han gaitza kontrolpean hartu ezean etorkizunean berriz ere mundu osora zabal daitekeela. «Arazoa Afrikan konpontzen ez bada, Europan ere ez da konponduko». Gaitzak lehendik krisian dauden herrialdeetan eragin dezakeen sarraskiaz ere ohartarazi du Borrellek.

Datorren astean goi bilera bat egingo dute EBko estatu kideek, birusari aurre egiteko eta hirugarren herrialdeei laguntzeko estrategia bat adosteko asmoz. Afrikako herrialderik «ahulenei» laguntzea litzateke plangintzaren helburua. Asmo horiez gain, interes geopolitikoak ere baleudeke laguntzaren atzean; izan ere, bi batasunak elkarlanerako beste akordio bat sinatzekoak dira aurtengo urrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.