Zizareak jaten dituzten zizareak

Azken urteotan bertze animalia inbaditzaile baten berri eman dute: platihelmintea edo zizare zapala. Euskal Herrian milioika daude, eta lurraren emankortasunari kalte egin diezaiokete.

'Bipalium kewense' espezieko platihelmintea. Zizareak jaten ditu. PIERRE GROS.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Platihelminte edo gorputz zapaleko zizare handiak duela gutienez hogei urte iritsi ziren Euskal Herrira. «Bertze herrialdeetatik ekarritako lore potoetan etorri dira, loreen lurrean». Hasieran ez zieten garrantzirik eman, eta, hori ikusita, Jean-Lou Justine Parisko Historia Naturalaren Museoko zoologoak ikertzea erabaki zuen. 2018an argitaraturiko artikulu batean eman zuen horien berri xeheki, ikerketa parte hartzaile bati esker. Azaldu duenez, platihelminte espezieak baziren lehendik Euskal Herrian, baina askoz tamaina txikiagokoak: «Tokikoak ez dira begiz ikusten». Asiatik eta bertze herrialde batzuetatik etorritako espezieak, ordea, ikusgarriak dira, «erraldoiak»: «Batzuek 30 eta 40 zentimetro izan ditzakete». Eta arazo bat daukate: tokiko zizareak jaten dituzte.

Justinek azaldu du konplikatua dela kontua, ez baita espezie bakarra: «Frantzian gutxienez hamar platihelminte espezie daude, eta Espainian ere segur aski antzekoak egonen dira». Denak ez nahasteko eskatu du. «Hamar espezieak ezberdinak dira, herrialde ezberdinetatik etorri dira, eta urte ezberdinetan. Batzuk Asiatik datoz, beste batzuk Hego Amerikatik, eta beste batzuk Australiatik edo Zeelanda Berritik. Ez dute denek forma bera, eta ez dituzte denek zizareak jaten». Horietatik bi garatu dira bereziki Euskal Herrian: Bipalium kewense eta Diversibipalium multilineatum motakoak. Luzeragatik eta mailu formako buruagatik dira identifikagarriak; biak dira Asiakoak, zizarejaleak, eta Euskal Herriko kostaldean anitz daudela azaldu du Justinek. Bai behintzat Ipar Euskal Herrian: «Euskal Herriaren Espainiako aldean ere badira, baina ez dakit zehazki; ez daukat informaziorik». Nafarroako Gobernuaren arabera, Nafarroa Garaian ez dute atzeman halakorik. Gipuzkoan, berriz, badira.

Ikerketa parte hartzaile zabala egin dute Frantziako Estatuan, jendeak bidalitako informazioarekin, eta Ipar Euskal Herrian «milioika» daude, Justineren arabera: «Baratze batean ehunka egon daitezke». Ezaugarri antzekoengatik, pentsatu du Hego Euskal Herriko iparraldean ere badirela bertze hainbertze. Klima tropikaletan moldatzen dira ongien, eta hasieran ikerlariei arreta piztu zien Euskal Herrian topaturiko espezie horien kopuru handiak. Klimaren ondorioz dela ohartu ziren. «Klima ezohikoa dago Euskal Herrian, ez baitu hotz handirik egiten, baina uda ere ez baita erabat idorra: paradisua da platihelminteentzat». Hotzak eta lehorrak kalte egiten die, hain zuzen, eta horregatik daude kostaldean: «Pirinioetan, mendietan, ez daude».

Bere burua baino ez du behar ugaltzeko, eta, espezie inbaditzaile ororen gisan, bi arazo ditu: «Ez du harraparirik hemen, ezta parasitorik ere». Euren jatorrizko herrialdeetan, hain justu, ez dira hainbertze ageri, harrapariak dituztelako: «Segur aski, bertze platihelminte batzuek jaten dituzte». Tetrodotoxina motako pozoia jariatzen dute bipalium kewense eta diversibipalium multilineatum zizare zapalek, eta horregatik ez dituzte maite hemengo animaliek. Tokiko zizarea hiltzeko erabiltzen dute pozoia platihelminte inbaditzaileek, eta ondoren irentsi egiten dituzte zizareak, elikatzeko.

Espezie inbaditzaile horiek hiltzeko, ordea, oraindik ez da aurkitu produkturik, Justinek azaldu duenez. Oraingoz, zapaltzea da soluzio bakarra. «Eskuekin ez hartzea gomendatzen dut, produktu kimikoak jariatzen dituztelako. Ez dute gizakirik hilko, baina alergiak-eta sor ditzakete».

Ohartarazi du sor dezaketen arrisku «potentziala» handia dela. Potentziala, ez dakitelako platihelminte bakoitzak zenbat zizare jaten dituen. Baina, tokiko zizareen kopurua nabarmen txikituko balute, kaltegarria litzateke lurrarentzat. «Zizareak oso beharrezkoak zaizkio lurrari.Funtzio ekologiko oso garrantzitsua dute: zuloak egiten dituzte, lurra aireztatzen dute, hosto hilak lurraren sakonera eramaten dituzte, beheko mineralak azalera eramaten dituzte... Lurraren emankortasunean funtzio garrantzitsua dute: horiek dira garrantzitsuenak lurrarentzat». Platihelminteek ez dituzte betetzen funtzio horiek: «Harrapariak baino ez dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.